Dokumentuaren akzioak
Nafarroako Gobernuak Karlos III domina emanen dio Oberena dantza taldeari
“Hamarkadaz hamarkada Nafarroako ondare historiko, musikal eta kulturala garatu, zabaldu eta gizarteratzeagatik”. Horrexegatik, Nafarroako Gobernuak Karlos III domina emanen dio Oberena dantza taldeari. Hain zuzen ere, bederatzi lagun eta elkartek jasoko dute, “Nafarroaren garapen, zabalpen eta ohoreari ekarpen berezia egiteagatik”. Omenaldia maiatzaren 7an izanen da. Oberenak ez ezik, Izaskun Arratibelek, Julio Ayesak, Mario Gaviriak, “Golem” Difusora Cultural Cinematográfica S.A. enpresak, Gregorio Monrealek, Javier Molinak, Koldo Roderok eta Manuel Torresek ere jasoko dute.
Sergio Espuelas taldeko ordezkariak esan duenez, taldeak aurrera jarraitu du jende askoren lanari esker. “Gaur egun ere gogobeterik gaude jaso dugun ondareari jarraitasuna emanez, beti ere egoera eta garaiari egokiturik, gizarteak egiten duen modu berean folklorea ere garatu eta egokitu egiten baita”.
Aurten 75 urte bete dira Oberena dantza taldea sortu zenetik. 1941eko urtarrilaren 20an abiatu zuten abentura, eta abuztuaren 15ean eskeini zuten lehenbiziko emanaldia, Elon. Maxi Aranbururen gidaritzapean eman zituzten lehenbiziko urratsak, eta gaur egun 160 dantzarik osatzen dute taldea. Ibilbide luze horrek Nafarroako Gobernuaren aitortza izanen du orain.
Karlos III domina
Nafarroako Gobernuak 1997. urtean sortu zuen domina hori, Nafarroaren garapenean edota haren kanporako irudian ekarpen berezia egin duten lagunak eta elkarteak omentzeko. Ohore domina Karlos IIIaren irudia duen gurutze esmalteztatua da, inguruan “Karolus regis navarre” esaldia duena. Atzealdean Nafarroako armarria ageri da, “Nafarroako Foru Erkidegoa” eta “Nafarroako Karlos III Noblearen gurutzea” hitzekin batera.
Dokumentuaren akzioak