Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ibarra-kaldu Elkartea Ibarra-kalduren 50. urteurrena: Ekitaldi nagusia

Dokumentuaren akzioak

Ibarra-kalduren 50. urteurrena: Ekitaldi nagusia

Ekainean, Ibarra-kaldu elkarteak eta kide guztiek 2016an ospatzen ari garen 50. urteurreneko ekitaldi nagusia gauzatuko dugu. Ekitaldi garrantzitsuena, ezbairik gabe, izan ere, ekainaren 11n, larunbata, 18:30ean, dantza eta musika ikuskizun zirraragarri bat emango baitugu jendaurrean, iaztik, 2015eko irailetik hona, gogotsu, buru-belarri eta ahalegin handiz prestatzen eta fintzen ibili garena.

Ikuskizuna Barakaldar Pilotalekuan izango da, Anaien Parkearen ondoan, eta bertan parte hartuko dute elkartearen historia osoan ibili diren belaunaldi guztietako dantzari eta musikari askok eta askok, 1967ko abuztuaren 6an, Retuerton, jendaurreko lehen emanaldi hartan parte hartutakoengandik hasita, gaur egungo dantzarienganaino, egun Ibarra-kaldun dugun belaunaldi txikiena ere barne. Guztira, 200 bat pertsonak hartuko dute parte, dantza eginez eta musika joz, eta, hala, 50 urteotan arian-arian ikasi diren hainbat dantzaren bidez, bidaiatxo bat egin ahal izango dugu Ibarra-kaldu elkartearen historia osoan zehar.

Sarrera doakoa izango da, eta Ibarra-kaldu elkarteak gonbite zabala egiten die barakaldar guztiei, ospakizun berezi hau elkarrekin gozatzeko.

Emanaldiaren ostean, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan omenaldi xume bat egingo zaie 1966an sortu zenetik elkartetik igaro diren guzti-guztiei, hala barruan parte hartuz nola albotik laguntza emanez elkartea abiatu, garatu eta osasuntsu irautea ahalbidetu duen bazkide, guraso, dantzari, musikari, laguntzaile eta lagun orori. Ekitalditxo horretan oroitarri bat jarriko dugu persona horien guztien omenez eta eskerronez, eta ohorezko aurreskua egingo da.

Eta 50. Urteurrenaren egun nagusia biribiltzeko, afari eder bat egingo dugu, elkarteko oraingo eta lehengo kideek eta lagunek, elkartearen egoitzan bertan, 22:30ean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ibarra-kaldu Elkartea

Ibarra-kaldu Elkartea