Dantza-lantegia Patxi Labordarekin Ibarra-kaldun
Datorren apirilaren 15ean, 19:00etan, beste ekitaldi bat egingo da, Ibarra-kaldu elkarteak antolaturik, 50. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan: dantza-lantegia, Patxi Labordak gidatua, AIKO talde ezaguneko kide eta dantza-maisuak berak, alegia.
Dantza-lantegiaren oinarria eta abiapuntua Gure dantzak, dantzan egiten duguna izeneko ikastaroa izango da. Ikastaroa Gaztemundu egitaraurako sortu zen, 2014an, diasporako dantza-irakasleak janzteko helburuarekin. Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan izango da lantegia eta, beti bezala, nahi duen orok parte ahal izango du, saio irekia eta doakoa izango baita.
Gure herriaren historian gizarte-dantzek egin duten bidea ezagutuko dugu, eta, hala, hainbat dantza izango ditugu aztergai, hala nola branlea, gaillarda, pabana, kontradantza, ingurutxoa, sokadantza, dantza soltea, bals, mazurka eta txotisa, baita mass mediek Atlantikoaz bestaldetik ekarri dituzten modak ere.
Dantza egiteko dugun modua eta errepertorioa moldatu dituzten faktoreak ere aztertuko ditugu: industriagintza, abertzaletasunaren jaiotza, akademiako eta balleteko estiloen eragina, dantza-taldeen sorrera… hori guztia, gaur egungo gure erromerietan zer gertatzen den ulertzeko.
Baina, batez ere, dantza egin egingo dugu, asko eta denetarik, gure herriaren errealitatea askotarikoa izan baita beti.