Sestaoko Santa Agedako aurreskuaren bigarren aldia

2023/02/08
Sestaoko Santa Agedako aurreskuaren bigarren aldia

Joan den otsailaren 4an, larunbatarekin, Santa Agedako bezpera-egunez egin genuen aurreskua, Bihar txotxongilo-taldea eta gure kide berriak agurtzeko

Taldearen lokalean bildu ginen egunari hasiera emateko. Dantzariok, baina, ordubete lehenago geratuak ginen elkarrekin janzteko, eta estreinakoz ez ginen estu ibili, gainerakoak baino lehenago iritsi ginen eta! Jendea apurka-apurka iritsi zen. Bertan izan ziren Bihar taldeko omenduak, bazkide zaharrak eta berriak, baita alkate anderea ere. Egunaren erreportaia txikia egiteko prest zen kazetari bat ere gure artean. Ekitaldi xume eta laburrean, taldearen ikurrak eman genizkien, eta San Pedro plazara abitu ginen kideak jendaurrean hartzera.

Bihar taldeko ordezkaria ikurra hartzen. Argazkia: Jon Pinedo.

Aurtengo omendua, esan bezala, Bihar txotxongilo taldea izan zen, Sestaon txotxongilo-antzerkian lan eskerga egin duen taldea. 50. urteurrena dute aurten, eta ez dute bizitasunik galdu. Gainera, beren txotxongiloak dantzan jartzeko aukera ere izan dugu noizbait.

Dantza-sokan, 11 lagunetatik 4 dantzari berri izan ziren, eta poztekoa da, ordezkatzen zituzten beste lauek ere taldean jarraitzen dutelako. Gainera, dantzari berri horietako bi txikitan ibilitakoak dira, eta pozten gaitu ikusteak bide berriek lehengo dantzari zaharrak ekartzen dituela.

Plaza hartzeko bigarren zubia egitear. Argazkia: Jon Pinedo

Aurrez aurrekoaren unea. Argazkia: Jon Pinedo.

Blasco eta Dueñas musikariak aurresku eta atzeskuaren dantzaldian. Argazkia: Jon Pinedo.

Banan-banakoaren ondoren, sokako zerbitzaileak Bihar taldekoen eta kide berrien bila joan ziren (eta erratu gabe aurten), banango zaharra eskaini genien eta gure sokaren parte egin genituen.

Banango zaharra kide berriei. Argazkia: Jon Pinedo.

Denak sokan sarturik. Argazkia: Jon Pinedo.

Ongi etorri denak eta urte askoan!

Soka-dantzariak ezkerretik eskuinera: Iratxe, Eneko, Jone, Beñat, Begoña, Jon, Aitzol, Unai, Itsaso, Xabi eta Jone (aurresku eta atzeskuak azken biak) eta Ander soinularia (Emilio atabalari jauna bidean zen, eta argazkia galdu zuen). Argazkia: Mikel Romero.