Goierriko dantzari helduen III. Topaketa Legorretan

2024/03/04
Goierriko dantzari helduen III. Topaketa Legorretan

2019. urtean gogoz eta ilusioz ekin genion I. Goierriko Dantzari Helduen topaketari eta aurten, bost urteren ondoren, martxoaren 9an Legorretan ospatuko den hirugarren edizioa antolatu dugu. Guzti honen ideia, duela urte batzuk, Goierrin erromeri bira bat egiteko aitzakian, Goierriko dantza talde ezberdinen elkarlanetik sortu zen. Ekimen honen baitan, dantza taldeon harremana indartu eta dantza sustatzea izan ditugu helburu. Dantzari topaketa hau Korrika kulturalaren barnean kokatzen dugu eta Korrika bezala, bi urtez behineko maiztasunez antolatzen jarraitzea dugu helburu.

Esan bezala, martxoaren 9an Legorretan ospatuko da eta Goierriko dantzari helduak elkartuko gaituen topaketa izango da. Ataungo Otsoak, Beasaingo Aurtzaka, Idiazabalgo Axari, Lazkaoko Oin Arin, Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Urretxuko Lurra eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeetako 200 dantzaritik gora bilduko gara, gure herrietako txistulari eta musikariekin batera.

Goizean, herrian zehar desfilea egingo dugu eta geldialdi ezberdinetan dantza ezberdinak izango dira ikusgai. Eguerdian, alardean Plazan emango diogu amaiera goizeko jardunari. Eguraldi txarra bada, ekitaldia kiroldegian egingo dugu. Bazkal ondoren berriz, jaia herrira zabalduko da eta Ttipika taldearekin erromeria izango da eguna borobiltzeko.

Egun osorako egitaraua osatu dugu eta ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako.


Animatu eta zatoz zu ere dantzara!