Urriaren 25ean ‘Zazpi Jauzi’ dantza egiteko deia egin du Gure Eskuk Larungo Martxan

Larungo tontorrera igo dira hamarnaka herritar igande goiz honetan Gure Eskuk antolaturiko martxan, Lapurdiren eta Nafarroaren arteko mugan hitza hartu eta deialdi berri baten berri eman dute: Urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan aldi berean ‘Zazpi Jauzi’ dantzatzeko deia ‘Zazpi jauziz, herri bat (Zazpi jauzirekin, herri bat)’ egitasmoaren baitan. «Euskal lurraldeen arteko kohesiorako eta herriaren burujabetza osoa» aldarrikatzeko helburua izango du ekimenak.
Egungo testuinguruan «komunitate zentzua indartu eta subiranotasun tresnak eskuratzeko premia» nabarmendu du Gure Eskuk. Eta urriaren 25eko egitasmoan herritar guztiek parte hartzeko deia egin du. Irati Alvarez Gure Eskuko bozeramailea: «Nazio bat erakutsi nahi dugu. Euskal lurraldeen arteko lotura sendotzeko beharra nabarmendu nahi dugu. Eta subiranotasun osorako bidean jauzi bat eman behar dugula aldarrikatu nahi dugu».
Egitasmoaren aurrerapena egin dute: «Jauzi bat da, erronka kolektibo bat, herri ikuspegiarekin eta erantzukizunarekin egin behar dena, eta edozein hauteskunde-logika alde batera utzita».
Egungo egoeraren irakurketa egin dute eta mundua «asaldatuta» dagoela adierazi, batetik, mundua astintzen duen olatu erreakziorioa izan dute hizpide, bestetik, indarraren eta zapalkuntzaren logika inposatu eta herritarren oinarrizko eskubideak murriztera doazen korronteak, «gurea bezalako nazio txikiei euren existentzia ukatzen diete», salatu dute.
Horregatik, testuinguru honetan «inoiz baino beharrezkoagoa» iruditzen zaie komunitate zentzua aplikatu eta nazio izaera zein herritarren eskubideak aldarrikatzea. Euskal Herriak «subiranotasun tresnak» izan behar dituela defendatu du Gure Eskuk, «bere nazioaren, hizkuntzaren eta kulturaren zutabeak zaintzeko eta biziberritzeko». Gainera, uste du «inoiz baino beharrezkoagoa» dela «Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko kohesioa indartzea».
Amaitzeko, gaineratu dute Euskaltzaleen Martxan parte hartuko dutela eta parte hartzeko deia egin dute: "euskarak egoera zaila bizi duelako, testuinguruak ez duelako batere laguntzen, baina herri honek jakin du euskara bidegurutze okerragoetan ere mantentzen".