Lajaren nortasunaren adinako erromeria argitaratu dugu”. Horrela mintzatu da Elkar Musikako editore Anjel Valdes gaur, ostegunarekin, Donostian eskainitako prentsaurrekoan, “trikitiaren munduarentzat pozgarria” den albiste horren harira. Bertan, Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944-2019) zenaren hil osteko CD bikoitza aurkeztu du Garmendiaren seme Jose Luisekin batera. Ordu txikitako saioak deituriko disko horretan, soinuaz bakarrik lagundurik -hau da, panderorik gabe-, trikitilariak bere baserriko sotoan 1970etik aurrera grabatutako 40 pieza topa litezke. Horiek cassetean grabatzen zituen musikariak, beraz, Elkarrek digitalizazio eta errestaurazio lanak egin ditu lana ontzeko asmoz.

Grabazio horietan seiehundik gora pieza topatu dituztela azaldu dute, eta disko horren ostean, datorren urtean, Trikitilari Elkarteak beste bat argitaratzeko asmoa daukala aurreratu dute. Diskoa, horrenbestez, ostiral honetan, maiatzak 29, Azkoitiko Udaletxeko bilkura aretoan aurkeztuko dute, igandean antolaturiko Trikiti Egunaren atariko gisa. “Lana, funtsean, erromeria sotil bat da: alaia, herrizalea, sentimentala, pentsagarria”, deskribatu du Valdesek. Horretaz gain, bere herrian TrikiGiro elkarteak erakusketa bat eskainiko dio musikari handiari.

“Badaezpada ere, gorde”. Hori omen zen trikitilariak grabazio horien inguruan zuen filosofia. Eta saio horietatik ateratzen zituen gero erromerietara eramateko errepertorioak. Azkoitiarrarentzat plaza zelako “garrantzitsuena, bere lanaren helburua; jendea dantzan ikustea, arrimatuan edo soltean, eta momentu alaiak sortzea jendearen bihotzean”.

Jose Luis Garmendiak, bere aldetik, azaldu duenez, aita artean bizi zela, xaxatu egiten omen zuen pieza horietako batzuk kalera zitzan. Lajak ez zuen, ordea, behar bezalako “makulurik” topatu horretarako. Hil ostean etorri zen Elkarren makulua. 40 pieza horiek haien estudioan “atondu, eta gaur egungo belarrietara” ekarri dituzte.

Belaunaldi berrientzat

Diskoaren editoreari eta Lajaren semeari, CD bikoitz horretan oso pieza “eredugarriak” bildu dituztela iruditzen zaie. Alde horretatik, ez bakarrik trikitixa-zaleei, baizik eta soinuarekin bidea egiten ari diren horiei ere interesgarria gerta dakiekeela uste dute. “Laja erreferente ukaezina da”, nabarmendu du Valdesek.

Soinuarekiko grina etxean bertan jaso zuen Azkoitiarrak, haren aita ere trikitilaria izan baitzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailearekin batera, Euskal Herriko plaza guztietako erromerietan aritu zen. Gainera, 1970. hamarkadan, eta euskal kulturgintzak ekarri zituen aire berriekin bat eginik, herri musikaren esparruan tradizioaren eta mundu modernoaren arteko “zubia” eraiki zuela azpimarratu dute. “Horren alde egindako ahalegin guztia islatu nahi izan dugu disko honetan”, esanda laburbildu du Valdesek.