Kukumarro
Zer ote da udan ikusten dugun begi-ateratzailea, edo debruaren orratza edo sorgin-gerena? Erdaraz "libellule" deitzen da egungo egunean baina ez du beti izen hori izan. Libellule horton konprenitu behar da planatzen duela gure bihotzak, eta aire ari dela hegaldatzen.
Euskaraz hamaika basahizti honek dituen izen gehienak ezkor dira edo gutiesgarri. Frankotan orratza deitzen da edo gerena (bizkaieraz burduntzi), seguruenik luze delako eta orratz baten itxura duelako. Eta orratzak min eman lezake.
Duela 320 milioi urte, zuk eta nik ez dugu ikusi, orain baino biziki handiagoa zen begi-ateratzaile hori eta 70 zentimetro egiten omen zituen, beraz egungo egunean aski beldurgarri atzemanen genuen. Baina denboraren poderioz hertsatu da zortzi zentimetro baizik ez baitu egiten gure eskualdean. Ttipiago da baina janaritzen du jale handi izaten. Urpean sortzen da eta larba delarik zernahi jaten du, xahalbuholak edo sapaburuak barne: gero epe luze baten ondotik uretik ateratzen da eta ari da beti beste intsektuak jaten, bereziki eltxoak. Udetan soro bat edo, erreka bazterretan ikusten da. Infernuko debru edo infernuko zaldi deitzen ahal da. Urbeltz dantzari jatsunak Erroman egiten ziren zeremoniak eta errito hark aipatzen ditu: Pestak October Equus deitzen ziren, hots Uribel behorrak. Delako behorra hiltzen zuten azkon ukaldiz, baina gaude Urbeltzekin zaldia baino gehiago hor ez ote zen hil nahi gure infernuko zaldia, eta hura bezalako intsektuak, bereziki otta, matxinsaltoa, griketa eta larrapittitak, kalamitatea ekartzen baitzuten uztak xinkatuz, ogia eta oloa janez. Inobreka iten zirelarik ez zen deus egoltzen eta Petriri-sants jan eta jabe egoten zen herrian, hots gosetea. Hartako ziren orduko benedikazione bezalako Erromako erritoak. Erran bezala zaldi hegaldun kaizten ahal ziren orduan nahi zituztenak.
Beste izena badu zuberotarrez: belagile orratz, belhagilea sorgina da, hura ere gaitza ekartzen ari omen dena. Bizkaieraz erreka-jagole deitzen da, hots erreka zaindari da baina zaindari gogor eta oldarkor, ez amultsu ez gozo. Nonbait aski arruntki "korta pitil" deitzen da. Haatik badira izen zonbait alderdi ona erakusten dutenak hala nola jinko-orratz eta mari-orratza edo andere-orratz.
Begi-ateratzailea Baigorrin entzun nuen: min emateko nahikaria erakusten duen izen honek. Zuberoan hau dela beste hau entzun dut, bazik eta belagile orratzak laguna bazuela, sugea edota muskerrak elkarrekin ezkondunak balira bezala desmasia eta min gehiago egiteko.
Egia erran, sineste hori hedatu da Euskal Herritik kanpo. Sébillot jakintsuaren arabera, nonbait deitu laborariek sugandila, edo muskerra, edo herlila, arrubioa, begi ateratzaile bilakatzen ahal dela. Bretoinez ere suge-orratz deitzen dute eta lastairak, arroparen erreketan garbitzen zituztelarik, beldur ziren ausiki, ausikiak pozoina zuelakoan. Nonbait ere debruaren mailua edo martillua deitzen dute eta diote hark kopetan jotzen bazaitu arriskatzen duzula hiltzea edo bederen non eta ere jotzen bazaitu, zure larruaren puska hura moztu behar baituzu. Belgikako Walonian "ganibet" deitzen dute hegalak zorroztak baititu araiz ganibetaren ahoak bezainbat. Ingelesez "dragonfly" deitzen da, herensuge ttipia balitz bezala eta Japonian samurai gudariak garaipenaren eta kuraia-ren sinbolo gisa ikusten zuten begi-ateratzaile bertutetsua.
Bitxi atzematen nuen "libellule" izen polita frantsesez egotea. Ohartu naiz orain aski berria dela eta lehen "mouron" deitzen zela: mouron kasu honetan ez da landare bat, mouron da anduiaren ("salamandre") izena, eta hitzaren azpian atzematen da "mauru", "mairu" hitza, hots Afrikatik irten den jendearen izena, haienganako mesfidantza ez baita egungoa. Mouron mairua zela adieraziz, begi-ateratzailea, otta eta matxinsaltoa bezalakoak Afrikatik etortzen zirela adierazi nahi zen.
Aitor dut beste begi batez begiten diodala grazia handiz dabilan begi-ateratzaileari, infernuko zaldian eta sorgin burduntzian.