Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaleak hartu dituzte bermeotarrek

Dokumentuaren akzioak

Kaleak hartu dituzte bermeotarrek

Bueltan dago ilehoria. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, eta horiei hasiera emateaz arduratu da Xabi Gutiez Xsakara, Nadia Nemeh alkatea ondoan zuela. Gaur, Almikan batu dira, Andra Mari egunaz gozatzeko.
Egilea
Ane Maruri Aransolo
Komunikabidea
Hitza Busturialdea
Tokia
Bermeo
Mota
Albistea
Data
2025/09/08
Lotura
Hitza Busturialdea

Irrintzi artean agertu zen Xixili atzo (irailak 7) Bermeon. Bermeotarrek kendu dute galbana eta ipini dute zapia. Hasi dira Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Jai giroak bete du herria, jai giroa dagoelako itsasoan, jai giroa dagoelako herrian. Egunaro-egunari kalean ibiltzeko egunak ailegatu zaizkie bermeotarrei.

Hala, gaur (irailak 8) Andra Mari egun handia dute. Eta, ohitura den modura, meza entzun dute eta protokoloak agintzen duen ekitaldia izan dute, gero. Hala, ohorezko aurreskua dantzatu du udalbatzak eta Bermeoko Erraldoien Konpartsen ekitaldiaz gozatu dute. Gainera, Xixiligaz argazkiak ateratzeko eta ilehoriaren ileak hartzeko denbora ere izan dute, “zorte ona dakarrela sinetsita”.

Atzo, baina, 17:30ak aldera, Almikatik Lamerarainoko kuadrillen jaitsierak kolorez jantzi zituen herriko kaleak. Irribarreak ahoan dituztela dantzan eta kantuan jaitsi ziren herrigunera bermeotarrak, eta bizilagunek balkoietatik zein leihoetatik botatako ur freskoagaz busti ziren. Ume, gazte zein nagusi batu ziren, eta denak ere, bi astetan gainetik kenduko ez duten mahoiaz gain, osagarri koloretsuekin jantzita izan zituzten.

20:00ak aurretik, baina, Goiko plaza betetzear egon da. Mahoiek eta zapiek janzten zuten plaza, eta jai gogoa pil-pilean nabaritzen zen. Xixiliren esperoan zeuden denak, ile horia balkoira noiz aterako zain, eta azkenean, agertu zen. Oihu eta txalo zaparradagaz eman zioten ondoetorria, baita Xabi Gutiez Xsakarari eta Nadia Nemeh alakteari ere.

Palestinara mezua.
Xsakara
 aukeratu zuten herritarrek pregoilari izateko, eta euren babesa eskertu zien pregoilariak udaletxeko balkoitik. Hori esanda, baina, mezu argia plazaratu zuen: “Gora Palestina libre eta boikot Israel”. Aldarri horri txaloekin erantzun zien herritarrek, baina ez zen abeslariak kaleratu zuen aldarri bakarra izan. Izan ere, euskaraz aritzeko deia egin zien bermeotarrei, euskara zaindu egin behar dela azpimarratuta. “Euskaraz nahi dut bizi. Ez dago ezer politagorik, ze gure identitatea da, eta euskaldunak gara”.

Alkateak ere jai giroan murgiltzeko deia egin zien herritarrei: “Bederatzi egun ditugu aurretik, bermeotarrok dakigun moduan ospatzekoak: kalean, parte hartzen, borondatezko beharrak egiten, herriarentzako lanean, inguruak errespetatzen… Batzuentzako egun asko izango dira, jai luzeak ditugula pentsa dezakete askok, baina nire ustez, labur egiten diren egun asko dira, ze ondo pasatzeko eta gozatzeko ekintza asko ditugu, denon gustukoak”. Bermeotarrek badakitela ondo pasatzen baieztatuta, gauzak ondo ez doazenean ere elkarreri laguntzen ere badakitela gehitu zuen Nemehk. “Pertsona gogorren ospea daukagu, eta horrelakoak gara, baina esku bat eman behar denean biak ematen be badakigu”.

Horrez gain, inor ez dela ilegala azpimarratu zuen, ez Bermeon, ez inon. “Guretzako denok gara pertsona askeak, eta modu duin batean bizi ahal izateko eskubidea daukagu”, azaldu zuen. Bermeotarrek “bihotza handia” dutela esan zuen alkateak, bidegabekeria guztiak ikusteko nortasuna dutela gehituta: “Horregatik, kanpoko bidegabekeria guztiak salatzen jarraituko dugu, gure ondarea defendatzen dugun moduan”.

Gainera, Urdaibai ez dagoela salgai “argi eta garbi” adierazi zuen Nemehk: “Hemen ere arrain handiak txikia jan nahi duenean, aurrean topatuko gaituzte, Urdaibai ez dagoela salgai argi eta garbi esateko”.

Eta, hori esanda, bertso bat botatzera ere animatu zen alkatea, zeinetan, euskaraz ez ahazteko eta hori zaintzeko gonbidapena egiten zien herritarrei, baita adin, genero edota jatorri errespetatzeko ere. Txosnan zein plazan, Palestinako banderaren pare egoteko eta nazioarteko borroka horretaz ez ahazteko ere eskatu zuen: Txosnan zein plazan, Palestinako banderagaz parez pare; jaiak herrian doguzan arren, munduagaz a(ha)ztu gabe.

Hala, ondo patzeko gonbidapena eginda, ingurukoak errespetatzeko deia aldarrikatu zuen alkateak: “Akorda, ondo pasatu baina ez pasa. Errespeta ditzagun ingurukoak. Jaietan ez utzi euskara alboan eta ez ahaztu Gazan gertatzen dena. Hemen ez daudenak ere beti izango ditugu gogoan: gaixorik daudenak, itsasoan daudenak, askatasuna urratuta dutenak. Denok zaudete Goiko plaza honetan”.

 

Dokumentuaren akzioak