Igande honetan izanen da Lurdes Iriondori buruzko pastoralaren lehen emanaldia

Igande honetan, 15:30ean, plazaratuko dute lehen aldikoz pastorala, eta beste bi emanaldiak uztailaren 24an eta 26an izanen dira. 80 bat lagunen artean oholtzaratuko dute Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzitako obra.
Egilea
Jenofa Berhokoirigoin
Hedabidea
Argia
Lekua
Sohüta
Mota
Albistea
Data
Lotura
Argia

Lurdes Iriondori buruzko pastorala idatzi dute Casamajou Elkegarai ahizpek. Argazkian, Lurdes Iriondoren kargua duen Lea Etchegoyhen.

Prest, gogotsu eta estresatuta. Parte-hartzaileek horrela laburbildu dute pastoralaren lehen emanaldiaren aitzineko egunetako gorputzaldia. Igande honetan emanen dute lehen aldikoz, 15:30ean Sohütako (Zuberoa) Hoki auzoan, eta beste bi emanaldiak ondoko asteburuan izanen dira: uztailaren 24an, 20:30ean eta uztailaren 26an, 09:30ean. Sohütarren esku gelditu zen aurtengo pastorala eta Lurdes Iriondoren bizia izanen du ardatz. Lekuak salgai jarrita dituzte Helloasso gunean eta Ipar Euskal Herriko turismo bulegoetan.

Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzi dute pastorala. Ardura hartze horri dagokionez, Berria-ri eskainitako elkarrizketan ondokoa esan zuten iazko urrian: "Iragan urtean hasi ginen horri pentsatzen, pastorala heltzen ari zen gure herrian, Sohütan. Ari ginen, naturaltasun osoz, zer zatekeen gai interesgarri bat. Hastapenean ez zen idazteko batere. Egun batez, gure aita-amen bultzadarekin, pentsatu genuen zerendako ez genukeen guk idatziko".

Lea Etchegoyhenek du Lurdes Iriondoren kargua eta antolatzaileen komunikazio kanaletan zera adierazi berri du: "Estresaturik, eta ber momentuan presio ona sentitzen dut, eszitazioa eta enbeia. Espero dut estresa ontsa kudeatuko dudala, ahal bezain ontsa partekatzeko emozioak publikoari".

Urtarrilean elkartzen hasirik, otsailean banatu zituzten karguak 80 bat herritarren artean, eta orduz geroztik buru-belarri aritu dira prestaketa lanetan. Sei hilabeteko lanketaren emaitza argiratuko dute, beraz, ondoko bi asteburuetan. Oholtza gaineko 80 bat lagunez gain, lantalde zabalagoak bermatzen du ekitaldi kultural hori. Besteak beste, jantziak josten aritutako 50 urtetarik 92 urtetara arteko dozena bat emakumeak, oholtza eta harmailak instalatzen aritutakoak, makilak sortzen aritu den lantaldea, eta nola ez, egunean berean lanean ariko diren dozenaka laguntzaileak.

Berria-rei eskainitako elkarrizketan, Lurdes Iriondoren aukeraketa horrela azaldu zioten kazetariari Casamajou Elkegarai ahizpek: "Aspalditik interesa genuen Ez Dok Amairu kolektiboak egin zuen lanaz. Biek uste dugu kulturak ukaiten ahal duela rol politikoa, haiek baliatu zutena. Oraino haboro gure hizkuntzaren eta herriaren egoeraren kasuan, zapalduen egoeran. Hor kulturak bazuen indar politiko bat, eta, hasi ginelarik pentsatzen nori buruz interesgarri zatekeen idaztea, Lurdes Iriondo ebidentzia bezala agertu zen: mugimendu horren sortzaileetarik zen, aitzinetik ere kantatzen zuen besteak oro baino lehenago, nahiz orain besteak ditugun ohart atxiki. Sortzaile izan zen, eramaile. Ondotik ohartu ginen besterik ere egin zuela, arrunt ebidentzia bat izan zen hartaz zatekeela".

Pastoralaz gain, ikastolak eskainitako bazkaria ere izanen da, baita ondotik animazioak ere: Utxaranga igande honetan, Kalume heldu den ostiralean eta Punttu Kakotx, azken emanaldiaren kari.