Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka dantzan.com elkartearekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du Beasaingo Udalak

Dokumentuaren akzioak

dantzan.com elkartearekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du Beasaingo Udalak

Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/03/03
Lotura
Goierriko Hitza

Euskal dantza tradizionala Beasainen egonkortzeko helburuarekin, legegintzaldi osorako elkarlanerako hitzarmena sinatu du Beasaingo Udalak dantzan.com elkartearekin.

Hitzarmenaren ondorioz, dantza irakasleentzako formazio saioak antolatuko dituzte eta Beasainen errotzen doazen euskal dantza egitasmoak sendotzeko eta egonkortzeko plana garatuko du dantzan.com-ek. Beasaingo Udalak bere aldetik 12.000 euroko diru laguntza jarriko du epeka ordainduko dena eta beharrezkoak diren azpiegiturak jarriko ditu.

Sinadura ekitaldian dantzan.com-eko Oier Araolaza eta Josu Garate izan dira Aitor Aldasoro alkatearekin eta Xabier Matarranz kultur zinegotziarekin batera. Hitzarmena  2019ko maiatzera arte luzatuko da.

Aldasorok azpimarratu duenez, “Beasainen gaur egun euskal dantzaren alorrean dagoen herritar dinamika eta herriko Aurtzaka eta Ostadar dantza-taldeek bultzatzen duten euskal tradizio koreografikoaren aldeko lana sendotu eta aurrera begira osasuntsu iraun dezan laguntzeko borondatea agertu du Beasaingo Udalak. Hori gauzatzeko dantzan.com elkartearekin elkarlanean aritzeko sinatu da hitzarmen hau”.

Udal ordezkariek gaineratu dutenez,  “euskal dantza gure ondarearen parte garrantzitsua dela aintzat hartuta, eta azken urteotan, Beasainen indarra hartzen ari diren dantza-ekimenak errotzen ari direla ikusita (Aurresku-Doinu zahar txapelketak, San Joan bezperako neskatxen dantza, Igartzako kofradia…), udalak beharrezkotzat jo du bide horretan beste urrats bat ematea. Eta honekin batera, Beasain Gipuzkoa mailan, euskal dantzaren erreferentziazko gune bihurtu nahi da, Aldundiak dantzaren sustapenerako dituen ekimenen artean Beasain kokatzeko ahalegina eginez”.

Dantzan.com

Dantzan.com elkartea, 2001. urtean dantza sustatu eta hedatzeko sortua zen eta alor honetan erreferentziazko eta ezinbesteko eragilea da Euskal Herri mailan. Bere jarduna komunikazioan, formazioan, dokumentazioan, aholkularitzan eta kudeaketan garatzen da.

Dantzan.com-eko ordezkariek sinadura ekitaldian esan dutenez, “elkartearen eginkizuna bi zutabetan oinarrituko da: batetik formazio saioak antolatuz, urte bakoitzeko bana, guztira lau saio dantzariak eta dantza maisuak trebatzeko. Eta bestetik Beasainen errotzen doazen euskal dantza ekimenak sendotzeko eta egonkortzeko plana aurkeztea”; oraingo egoeraren diagnosia eta dantzak azken urteotan izan duen garapena abiapuntu hartuta proposamenak aurkeztuko dituzte. Urtero, plan honen bilakaeraren nondik norakoen berri emango diote udalari.

Xabier Matarranz, Oier Araolaza, Aitor Aldasoro eta Josu Garate.

Xabier Matarranz, Oier Araolaza, Aitor Aldasoro eta Josu Garate.

Dokumentuaren akzioak