Dokumentuaren akzioak
Dantza jauziak
Tradizio zaharreko dantza horiek indar handiz berpiztu egin dira azken 30 urte honetan, eta ez da jairik haiek gabe. Baionako bestetan euskal kutsua duten ekitaldietan ospetsuenetakoa da arratsero egiten den Dantzazpi, gehien bat dantza jauziei emana. Beste herri zenbaitetan, urte osoan antolatzen dituzte, hilabetean behin.
Alabaina, dantza jauziak azkartu eta zabaldu diren arabera, mutxikoak deitzen hasi dira, nahiz eta, beste kultur jarduera askotan bezala, mutilak gero eta gutxiago aritzen diren eta neskak gero eta gehiago. Mutxikoak aire zehatz bat baizik ez da eta, gaur egunean ere, aditu gehienek Dantza-jauziak erabiltzen segitzen dute multzoa aipatzeko orduan. Ez dakit nori bururatu zitzaion izen berria ematea, baina ez duela batere kausitu pentsa daiteke. Katu honek beste buztanik baitauka Iparraldearen auzo herri batean.
Baztanen Mutil dantzak esaten zaizkio mota horrelakoei eta hor ere aire desberdin eta anitz badituzte, baita Muxiko deitu bat ere, Iparraldean bezala. Eta, Iparraldean ez bezala, Baztanen gizonek bakarrik zuten Mutil dantzak dantzatzeko eskubidea, hainbesteraino non kalapitak izaten diren emazteak ausartzen direnean. Ez da oraino bi urte, Elizondoko Santio jaietan, emazteak –auzapeza buru– mutil dantzan sartu ziren; berehala gizon zenbaitek alde egin zuten haserre bizian, dantzaren izena estakuru eta ohitura defendatzeko. Bidasoako Alardeen antzeko zerbait.
Gertakari horretatik ikasi behar genuke bazterkeria giroan sortu eta elikatzen den terminologiak bazterkeria bermatzeko balia daitekeela eta, orainokoan ere gure testu inguru linguistiko-sozialean, peligrosoa izan daitekeela neutroa den dantza jauziak terminoa uztea eta maskulinoa den mutxikoak hobestea. Ez dut ondo ulertzen zergatik baztandar batzuk tematzen diren gainditzekoa den antzinako ohitura atxikitzen; eta oraindik gutxiago ulertzen dut zergatik Iparraldean bizkarra ematen dioten beren tradizioko izendapen sinpatikoari. n
Dokumentuaren akzioak
Dena den, Baztango mutil-dantzen eta emakumeen parte hartzearekin lotuz, bada kontu bat maiz aipatzen dudana, eta mutxikoak izenaren erabileraren mesedetzat dudana. Baztanen maiz esaten da mutil-dantzak mutilek dantzatu behar dituztela izenak berak argi dioelako noren dantzak diren. Nik horren aurrean esan ohi dut Iparraldeko mutxikoak ere izendapen bera direla, alegia, "mutikoak", mutikoen dantzak, eta aldiz Iparraldean emakumeek ez dutela inolako arazorik "mutikoen" dantzak egiteko. Eta gainera, izena eta izanaren arteko tartearena, oso ohiko kontua dela hori dantzetan. Adibidez Lesaka eta Debako "ezpata-dantzetan" ez dutela erabiltzen ezpatarik, makilak baizik, edo larrain-dantza ez dela gaur egun ia-inoiz egiten larrainean eta halere larrain-dantza izaten jarraitzen duela.