Bi sarirekin itzuli da Ibawa Alemaniatik

Alemanian eginiko Choreography40 txapelketan izan da Ibawa dantza taldea; eta, 400 talde baino gehiagoren aurka lehiatu ondotik, bi sari eskuratu ditu, 'Gaua' lanari esker. Euskal Herriko sorginak ardatz dituen lana da, eta beste zenbait sari ere jaso ditu jada.
Egilea
Oier Iriarte Arrondo
Hedabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
Lotura
Kazeta

 

Ibawaren 'Gaua' ikuskizunaren emanaldia, Durangoko Azokan.
Ibawaren 'Gaua' ikuskizunaren emanaldia, Durangoko Azokan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

 

Alemanian izan dira Ibawa dantza taldeko kideak; Hannoverren, hain zuzen ere. Izan ere, Choreography40 nazioarteko koreografia «entzutetsua» iragan da bertan. Badirudi bidaiak merezi izan diela; batekin guti ez, eta bi sarirekin itzuli baitira Euskal Herrira, 'Gaua' lanari esker. Alde batetik, 'Condor ChoreoVision Choreography Hannover' saria jaso dute, 5.000 euroko balioa duena. Bestalde, 'Guest Performance Eisfabrik Hannover'-ra ere haienganatu dute, «Alemaniako koreografia garaikidearen sorkuntzarako erreferentziazko gune honetan bere lana aurkezteko eskaintzen duena».

Ez da kontu erraza izan horren emaitza onak eskuratzea. Mundu osoko 400 talde baino gehiagok aurkeztu zuten beren hautagaitza, eta horietako 20 baizik ez ziren hautatuak izan finalerdietarako. Azkenik, nazioarteko epaimahai batek bederatzi aukeratu zituen hilaren 13ko finalerako. Gauzak horrela, Ibawari eginiko lana balioan jarri dela iruditzen zaio: «Sari bikoitz hau kolektiboak egiten duen lan artistikoaren aitortza handia da, eta haren ikuspegi artistikoaren kalitatea zein nazioarteko koreografia-eszenan gero eta oihartzun handiagoa duela berresten du».

Dantzariek oroitarazi dutenez, Hendaiako Herriko Etxeak 2024ko Gau Beltzerako eginiko enkargu baten ondorioz sortu zen 'Gaua', eta baita taldea bera ere: «'Gaua' ikuskizunak Euskal Herriko sorginaren figura du ardatz. 'Gaua', itzal xuxurla eta gatazka gordeen eremua da. Lau dantzariek mendeetan zehar borrokatu diren emazteak gorpuzten dituzte. Egun direnetik abiatuz, isilaraziak, zapalduak eta zigortuak izan ziren emazte euskaldunen aztarnan oinarritzen dira. 'Gaua', erresistentzia, elkartasuna eta aske mugitzearen aldarria da».

Ez da lan honek saririk eskuratzen duen lehen aldia. Preseski, egun guti lehenago, hilaren 3an, Parisko La Villetten antolaturiko Sobanova Dance Awards sarietan hiru sari irabazi zituen: Carolyn Occelliren Bihotzeko Saria, Sabine Kasbarianen Bihotzeko Saria eta Benoit Dissauxeren Bihotzeko Saria. Behin lortu beharreko sari guziak eskuraturik, Ibawa 'Gaua'-ren bertsio luzeago bat ontzen dabil. Irailaren 11n estreinatuko du Donapaleun; eta irailaren 13an izanen da bigarren hitzordua, Biarritzen. Bi deialdi horiek Temps d'aimer la danse egitarauaren barnean eginen dira.