Dokumentuaren akzioak
Argia Sariak banatu dituzte, euskarazko komunikazioaren alde burututako lana eskertzeko
Euskarazko komunikazioan nabarmendu diren ekimen, programa edo pertsonak saritu ditu gaur Argia aldizkariak, sei ataletan: Internetekoa, telebistakoa, irratikoa, prentsakoa, publizitatekoa eta merezimenduzkoa.
Interneteko saria bi webgunek jaso dute, Bertsoa.com eta Dantzan.com web orrialdeek, kulturaren hedapenean egindako lanagatik.
Telebistari dagokiona Maddalen Iriartek aurkezten duen ETBko ‘Azpimarra’ saioak jaso du, gaurkotasuna ikuspuntu «independiente» batean jorratzeagatik. Irratiari dagokiona ere etxe horri dagokio, Asier Leozek zuzentzen duen ‘Portobello’ saioak jaso baitu.
Prentsako saria ‘Berria’ egunkariko Edu Lartzanguren kazetariak jaso du.
Publizitatearen arloan, Herrira mugimenduak urtarrilaren 12ko manifestaziora deitzeko grabatu zuen ‘Denbora’ spotak irabazi du saria.
Merezimenduzko saria aurten 30 urte bete dituen Euskadi Irratiak jaso du.
Argia aldizkariak, urtero legez, komunikazioaren arlo desberdinetan dihardutenen lana saritu nahi izan du. Herrira mugimendua, EiTBko ‘Azpimarra’ eta ‘Portobello’ saioak, Edu Lartzanguren kazetariak, Bertsoa.com eta Dantzan.com webguneak eta Euskadi Irratia izan dira sarituak.
Argia Sarien banaketa ekitaldia. (ARGAZKI PRESS)
Dokumentuaren akzioak