Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Apetatsu etxera bueltan

Dokumentuaren akzioak

Apetatsu etxera bueltan

Musika Hamabostaldiak Pablo Sarasate omenduko du aurten, horretarako propio ekoitzitako 'Sarasate Kapritxoa' obrarekin

Egilea
Aitor Abaroa
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/08/02
Obra Musika Hamabostaldiaren enkargua da, eta koreografoak Ara Malikian biolinista libanoar ezaguna eta haren taldea izango ditu taulakide. Gainera, koreografia taularatzeko orduan, azken urteetan dantzakide izan dituen Luc Dunberry kanadarraren eta Claudia de Serpa Soares portugaldarraren laguntza izango du.

Berlinen bizi den gipuzkoarraren hitzetan, artista den heinean, enkarguak ez ditu gustuko: «Artista batek bere beharren araberako sorkuntzaren aldekoa naiz». Dena dela, kasu hau berezia dela adierazi du: «Alde batetik, Ara Malikian eta haren taldekideak zu dantzatu bitartean zuretzako jotzen aritzea luxua da, eta, gainera, lehenengo aldiz Euskal Herrian, nire gurasoen aurrean, koreografo eta dantzari moduan aurkeztea ere pizgarri izan zait».

Gainera, enkargu honek ezarri dion erronkarik handienetakoa publikoarentzat hain ezaguna den istorio bat beste modu batean azaltzea da -Fantasía sobre Carmen da moldatu duen Sarasateren hirugarren pieza-, musikak azaltzen duenaren gainetik, publikoari beste irakurketa batzuk ahalbidetze aldera.

Lengoaia koreografikoari dagokionez, Diaz de Garaioren hitzetan, proposamena modernoa da, entzun duenaren arabera inguru hauetan dantza garaikidea ez baitago oso presente. Ondorioz, adierazi duenez, «jakin-minez nago transmititu nahi ditugun emozio guztiak komunikatzea lortuko ote dugun ikusteko». Bere burua saldu gabe, baina normalean baino lengoaia zabalagoa erabiliko duela onartu du, publikoaren onerako.

Koreografia hiru piezaz osatuta dagoen arren, Diaz de Garaiok osotasuna eman nahi izan dio koreografiari, eta horregatik, piezen artean pausaldirik egin gabe dantzatuko dira.

 

Obrak bi zati ditu

Lehenengo partean Ara Malikian Ensemble taldea izango da protagonista. Sarasatek berak konposatutako Introducción y tarantela lanarekin hasiko dute ikuskizuna. Ondoren, Enrique Arbos eta Camille Saint-Saens musikagileek biolinista omenduari eskainitako pieza bana joko dute Malikianek eta bereek, Tango eta Sarrera eta rondo kapritxosoa, hurrenez hurren. Lanaren lehen zatiari Jota Navarra piezak emango dio amaiera, Sarasateren obra famatuenetarikoak hain zuzen ere.

Bigarren zatian, Diaz de Garaioren koreografia gehituko zaio Malikianen musikari. Koreografoa, Luc Dunberry eta Claudia de Serpa Soaresekin batera arituko da. Hasteko, Aires bohemios pieza taularatuko dute Diaz de Garaio eta Dunberryk duetoan. Gero, dantzari gipuzkoarra bakarlanean arituko da Capricho vasco piezarekin eta amaitzeko, Dunberry eta de Serpa Soares lagun dituela, Fantasía sobre Carmen dantzatuko du hirukoak.

 

 

 

Lehenengo aldiz Euskal Herrian koreografo eta dantzari moduan aurkeztea pizgarri zait»

«Jakin-minez nago igorri nahi ditugun emozioak komunikatuko ote ditugun ikusteko»

JUAN KRUZ DIAZ DE GARAIO

Koreografo eta dantzaria

Dokumentuaren akzioak