Dokumentuaren akzioak
Kezka dantza taldearen sarrera
Dantza Tradizionalak komunitateko partaide garela sentiarazten digu. Gure aurretik izandako belaunaldiek dantza egiteko zuten modua jaso dugu, eta horrek, gure guraso, aiton-amona eta birraiton-amonekin identifikatu eta eurengana hurbiltzen gaitu. Garenak gara gure aurrekoak izan direlako eta etorkizunari begiratzen diogulako.
Urteak konbentziozko neurri eta zenbakiak badira ere, gaurdaino iritsi zaigun ondareak egin duen ibilbide luzea antzemateko perspektiba eskaintzen digute.
100 urte dira Gregorio Santa Cruz dantza maisua jaio zela. Ospatzeko data dugu, ez baita makala Ondarroan jaio eta Eibarren bizi izan zen gizon honek euskal dantzaren alde egin zuen lana. Deba bailara osoan bildu daitezke dantzariok Santa Cruzekin dugun zorraren testigantzak.
75 urte dira laster eibartar mendizale eta kirolari talde batek Eibarko Klub Deportiboa sortu zuela. Sortzaile talde hartako partaide zen Gregorio Santa Cruz, mendizale gogotsua eta lanerako tenorean zegoena beti. Deportiboko presidentea izan zen birritan Santa Cruz.
40 urte dira Gregorio Santa Cruzek Eibarko Klub Deportiboan dantza taldea sortzeko lehenengo urratsak eman zituenetik. 40 urte horietan Kezka Dantza Taldearen bidez ehundaka eibartarrek izan dute euskal dantzaren berri.
Honako argitalpen honen helburua Gregorio Santa Cruz nor izan zen gogoan izateko tresna bat prestatzea da. Baina horrez gainera, uste dugu badela Santa Cruz maisua zoriontsuago egingo zuen beste zerbait. Euskal dantza tradizionalaren soka etenik gabe dantzatzen jarraitu eta belaunaldi berriei aurrekoengandik ikasitakoa irakatsi. Santa Cruzen ibilbidearen argiak erakutsiko digu bidea.
Kezka Dantza Taldea
Eibarko Klub Deportiboa
Dokumentuaren akzioak