Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Argitalpenak Zumarragako ezpata-dantza magia dantza

Dokumentuaren akzioak

Zumarragako ezpata-dantza magia dantza

Zumarragako ezpata-dantzaren inguruko ipuina da. Fikzioa eta historia, Zumarragako ezpata-dantza eta irudimena uztartuta Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) idatzitako ipuina, istorioa Josu Marotoren (Zumarraga, 1975) ilustrazioekin aberastu da. Zumarragako Irrintzi dantza taldearen eta Antxiñako Ama txistulari taldearen urteurrenean argitaratua, bi taldeen bultzadaz eta Zumarragako udalaren laguntzaz.
Egilea
Antxiñe Mendizabal
Formatua
Ipuina
Editorea
Irrintzi dantza taldea eta Antxiñako Ama txistulari taldea
Data
2017/06/08

Juan Antonio Urbeltz folkloristak urteetan ezpata-dantzaren inguruan garatutako hipotesiaren alde egin du Antxiñek, hipotesi horren arabera, ezpata-dantza ez da gerra dantza, elkarbizitza errazteko dantza baizik. Ezpaten dantza elkarbizitza errazteko errito poetiko gisa ikusteko aukera ematen du eta metafora horrekin ehundu dituzte hitzak nahiz ilustrazioak, iraganaren ahanzturaren aurkako konjuruak izan daitezkeenaren esperoan.

Zumarragako ezpata-dantza magia dantza. Irudia: Josu Maroto

Sinopsia

Argi dantzaria da, Oihan txistularia, eta biak dira lagun minak txikitatik. Bikoteak aurtengo Santa Isabel egunean egingo du ezpata-dantzan aurrezekoz. Ondo ikasita dauzakate dantzaren doinua eta urratsak. Baina ustekabe itzela hartuko dute bezperan, udal segizioa Antioko baselizaren atera iritsi eta sartu ezinik geratzen denean. Argi eta Oihanek aurkitu beharko diote gau bakar batean egoerari irtenbidea, zumarragarrek beren jai nagusia, urtero bezala, hutsik egin gabe ospa dezaten.

Kontakizuna atzera bidean eginiko bidaia da. Fikzioa eta historia, irudimena eta zientzia uztartuz, ezpata-dantza eta bere melodia nola sortu eta garatu ziren kontatzeko alegoria bat. Izan ere, garaian garaiko arerioen aurkako konjurua da ezpata-dantza, magiatik sortua, urtero zumarragarrek berritzen duten magia.

Antxiñe Mendizabal kazetaritzan ibili da urte batzuetan eta egun editore lanetan dabil. Hainbat liburu itzuli eta literatur lan idatzi ditu. Ez da Zumarragako kontuez idazten duen lehen aldia,  II. Errepublika Urretxu eta Zumarragan, Zumarragako Trikitixa eta Zumarragako baserriak lanen egilea baita. Oraingoan, jaioterriko historia eta fikzioa uztartu ditu Zumarragako ezpata-dantza ardatza den ipuinean.

Zumarragako ezpata-dantza magia dantza. Irudia: Josu Maroto

Fitxa

  • Testua: Antxiñe Mendizabal Araburu
  • Ilustrazioak: Josu Maroto Peñagarikano
  • Diseinua eta maketazio-lana: Maku Oruezabal Alberdi
  • ISBN: 978-84-617-8990-0
  • Lege gordailua: SS-259-2017
  • Inprimatzailea: Laitzaran Grafikak S.L.

 

Zumarragako ezpata-dantza magia dantza
Zumarragako Irrintzi dantza taldea eta Antxiñako Ama txistulari taldea. Zumarragako Udala.
Zumarraga, 2017-06-08

Dokumentuaren akzioak