Baserriz baserri talai-dantzarien atzetik
Igandean Amezketa herrian bertan eta hurbil dauden baserrietan ibiltzen dira talaiak, edo talaik bertan esaten dioten moduan. Astelehenean berriz, herritik aparteago geratzen diren baserrietan eta Bedaioko baserrietan. Bedaio Tolosako auzoa da, baina Amezketako talaiek aspaldiko ohitura dute inauterietan bertako baserrietara hurbiltzea, eta baserritarrek pozik hartzen dituzte. Balerditik blogean jaso dutenez, garai batean Bedaion ere ospatzen ziren inauteriak. 1934. urterarte ospatu omen ziren. 1950ean izan zuten zuzperraldi bat, baina ez nahikoa, eta ez zuten aurrera egin.
Goiz erdia da Bedaiora iritsi garenerako. Bi taldetan banatuta dabiltza talai-dantzariak, bata Amezketa aldean eta bestea Bedaion, eta bigarrenarekin egin egin dugu topo Bedaion. Balerdi mendi magalean dago Bedaio, eta tontorrak zurituta antzematen dira inguruan. Soinujoleak kalejira doinua joz eta talai-dantzariek makilak elkar kolpatzen dituztela hurbildu dira baserri batera. Oihu egin arren ez da inor azaldu baserri barrutik, badirudi ez dagoela inor. Ez dira asko arduratu horregatik dantzariak. Taldea prestatu, soinua hasi da doinuarekin, eta talai-dantza egin dute intentzio guztiarekin.
Makila-dantza bat da talai-dantza. Abaltzisketako txantxoek egiten duten dantzarekin antz handia du Amezketakoak, baina Aritz Larretak esan digun bezala, "hura motelago egiten dute, hau biziagoa da".

Amezketa aldeko baserrietara itzuli gara. Larreta baserrian talai-dantza egin eta bidean gora jo dugu. Baserritarrak iragarri digu bidea lokaztuta aurkituko genuela eta bai aurkitu ere. Nahikoa lan zutik eusten. Zelaian goruntz eginez Iparragirre-txiki baserrira iritsi gara. "Amezketan Iparre-txiki esteyeu" argitu digu Aritz Larretak. Iparre-txiki horretan elkartu dira bi taldeak, Bedaioko baserrietan ibili dena eta Amezketako baserrietan ibili dena. Denen artean eta bi egunetan, igandean eta astelehenean, 60 baserri inguru bisitatzen dituzte urtero.
Iparre-txikin hamaiketakoa dute zain dantzariek. Jan aurretik eta ondoren egin dute talai-dantza bi taldeek. Segidan, beheranzko bidea (?) hartu dugu denok eta orduan komeriak, zelaian beheruntz, busti-bustita dagoen belardian irrist eginez. Ipurdiko bat ere izan da tartean. Eta gero, basoko bidean lokatza, orkatila bera lurperatu arte. "Ateazak ba oain argazkie!". Klik.
2008ko otsailaren 4an Amezketa eta Bedaioko baserrietan talai-dantzariek inauteria ospatuz egindako dantzen irudiak jasotzen ditu bideoak. Azpiko loturan argazkiak: