Kultur adar orok agurtu du Bidador

Asteartean hil zen Joxemiel Bidador idazle eta ikerlaria, eta Artikan eman zioten atzo azken agurra euskal kulturgintzako hamaika alorretako ordezkari eta lagunek.

Egilea
Iñigo Astiz
Hedabidea
Berria
Lekua
Artika
Mota
Albistea
Data

Irakasle, ikaskide, eta irakasle-kide gisa gogoratu zuten Bidador Maider Itxaso ikasleak, Inma Larrazabal ikastolako lankideak eta Pello Argiñarena kazetari eta unibertsitate garaiko ikaskideak. Argiñarenak kontatu zuenez, kasik, kasualitatez hasi zen Bidador umetan euskara ikasten, baina «seduzitu» egin zuen hizkuntzak eta «pasio» bilakatu zitzaion.

Elkarrizketa modura gogoratu zituzten Roldan Jimeno eta Santi Leone historialariek Bidadorrek ikerlari gisa egindako lanak. «Eruditua zen gauza askotan, baina inolaz ere ez jakintsu aspergarria horietarikoa». Egindako dibulgazio lanak gogoratu zituzten gero, Alberto Barandiaran eta Kike Diez de Ulzurrun kazetariek, eta haren omenezko bina bertso bota zituzten Joxema Leitzak eta Mikel Tabernak.

Castillo Suarez eta Jose Angel Irigarai idazleek eraman zuten Bidador idazlearen oroitzapena Artikara, eta Bidadorrek sakon ikertu zuen Alexander Tapia Perurena idazlearen alabak lore sorta bat eman zieten Ilaski Sara Bidadorren alargunari eta alabei.

Dantzaria eta dantza ikerlea ere izan zen Bidador Xabier Mendizabal Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak aipatu zuenez, eta dantzan arituz omendu zuten, horregatik, San Lorentzo eta Duguna dantza taldeek, Tuterako gaita jotzaileen laguntzaz. Eskerrak eman zituen, azkenik, familiaren izenean antolatzaile lanetan aritu den Patxi Larrionek, eta hark agurtu zuen azkenekoz Bidador oholtzatik: «Adiorik, ez».