Otsagabiko Katxutxaren arrastoaren atzetik
Bereziki maiteak ditut Otsagabiko dantzak. Orhipeko zoko horretan gordetako altxor bat iruditzen zaizkit, haien sinbolo izkutuengatik, jantzi berezi horiengatik eta haien urrats eta doinuen edertasun eta indarrarengatik, besteak beste.
Duela urte batzuk, interneteko nabigaldi aspertu horietako batean "Hiruduna" izeneko partiturak trukatzeko webgune batean Huesca-ko jota batekin topo egin nuen "La cachucha" izenekoa. Entzun nuen eta horra nire sorpresa!
Berehala jakinmina piztu eta hor barna katxutxa gehiago ba ote zen kuxkuxeatzeari ekin nion. Eta bai! Badira!
Wikipedian edo Gazteleraren akademiaren hiztegian begiratuz gero ikusiko dugu "Cachucha" XIX. mendeko andaluziako dantza aire ternario bat dela, batzuetan kaskainetekin joa dantzatu izan dena. Hari horri tiraka zenbait kontu interesgarri agertu zaizkit.
Esaterako:
1836 urtean Fanny Essler dantzari alemandarrak, Parisen "Le Diable boiteaux" balletaren baitan eman zuen katxutxa lehenbizikoz (ustez) nazioartean. Garai hartako Andaluzian hedatua zen "Escuela bolera" delakoa, eta dantzatzen zituzten dantzen artean katxutxa agertzen zaigu. Horrelako zerbait dantzatuko zuen Fanny Essler-ek Parisen duela 180 urte inguru.
Garai hartako konpositorea dugu Johan Strauss. Badirudi katxutxak hartu zuela nolabaiteko ospea nazioartean, izan ere, Strauss-ek ere badu berea:
Baina urrutiegi joan gara. Itzul gaitezen berriz Andaluziako dantza doinu horretara. XIX. mendeko aire honetan oinarrituta, badugu Espainiako independentziaren gerrako kantu bat "La Cachucha" izenekoa, hau ere. Dirudienez, kantu hori 1812an berean sortu zuten Cadiz-en Fernando VII.aren zaleak, honako letrarekin:
Yo tengo una cachuchita
Que siempre está suspirando
Y sus aires y suspiros
Se dirigen a Fernando.
Ay vamonos,
Vamonos cachucha mía
Ay vamonos
Vamonos a la Carraca
Hona entzungai:
Dirudienez, kopla eta doinu hori zabalduz eta zabalduz joan zen, garai hartako beste hainbat bezala.
Andaluziatik iberiar penintsulako beste zokoetara ere heldu zen. Esaterako, Segoviara!
Lastrako amabirjinaren erromeria, Arcones - Segovia
Eta segur aski, inora baino ederrago, baita Otsagabira ere!
*Post scriptum (2014/08/20):
Katxutxaren arrastoari segika ameriketara ere heldu gara. Esaterako 1944ean Mexikon errodatutako filmea dugu "El Gran Makakikus". Joaquin Pardave da protagonista bertan eta eszena batean letra gordineko "Katxutxa" hau abesten du:
Aritz Ibañez Lusarreta