Igandean estreinatuko dute Iruñeko Ezpata-dantza
Iruñeak dantza propioak izan ditzan helburuarekin plazaratuko du Iruñeko Duguna dantza taldeak heldu den igandean (irailak 27) Iruñeko Ezpata-dantza. Irailaren 25etik hurbilen dagoen asteburuan ospatzen dituzte Iruñean San Fermin txikiak eta horien karietara estreinatuko dute dantzari iruindarrek dantza berri hau.
Dantza berria da, baina tradizioaren egiturei fidel jarraitu nahi izan diete sorkuntza prozesuan. Euskal Herriko eta atzerriko antzeko egitura koreografikoei erreparatu diete, baita XVI. mendetik aurrerako zenbait testuri ere, zeinetan Iruñeko zeremonialetan parte hartzen zuten dantzariei buruzko erreferentziak bilatu dituzten.
35 dantzarik parte hartuko dute kortejoan: Buruzagia, Zerbitzaria, 28 ezpata-dantzari, 4 kapitain eta Banderazaina. Duguna taldeko txistularien lana izanen dan dantzari musika jartzea. Genero bereizketarik gabeko dantza izanen da Iruñeko Ezpata-dantza, bertan dantzariek parte hartuko dute, neskak ala mutilak berdin.
Irailak 27, Aldapako San Fermin - Iruñeko Ezpata-dantza:
-
11:30 - Arrotxapeko zubian: Bandera arbola eta kortejoaren irteera
-
12:15 - Aldapako San Ferminen elizatik: Aldapako San Ferminen prozesioa
-
13:15 - Udal plazan: Iruñeko Ezpata-dantza