Hamar urte bete ditu dantzan.com-ek
Sarearen artxibo erraldoia den archive.org-ek gordeta duen lehen pantallazoa 2001eko martxoaren 12koa da. Horregatik, pentsatzen dut aurreko egun edo asteren batean sareratu genuela dantzan.com. Urtebete lehenagotik ari zen funtzionatzen <dantzan> posta zerrenda (beraz, iaz egin genituen 10 urte horrekin) eta hortik abiatuta web horri bihurtuta zintzilikatu genuen sarean.
Lehen orri horri erreparatuta konturatzen gara ez dela asko aldatu hau. Argazki eta bideoak gehitu dizkiogu, eta bestelako eduki batzuk ere bai, baina oinarria hasierako bera du: dantzari buruzko informazio eta komunikaziorako plataforma bat, biltoki bat eskaintzea. Eta hori posible baldin bada, dantzari eta dantzazaleok zuen ekarpenak, ideiak, albisteak, proposamenak, erantzunak, kritikak eta zoriona-agurrak eskaintzen dituzuelako da.
Dantzan.com martxan jarri aurretik aldizkari bat izan genuen buruan, baina ekonomikoki bideragarri izango ote zen zalantzak genituen, eta azkenean sareak antzeko zerbait egiteko aukera merkea eskaintzen zigula ikusita horretara jo genuen. Nire anaia Garikoitz arduratu zen "teknologiaz", eta 
Hasieratik neuk jarri diot aurpegia dantzan.com-i, eta maiz nirekin identifikatzen dira hemengo lan asko, baina aitortu behar dizuet gero eta gutxiago arduratzen naizela webguneaz. Alderdi teknikoaz CSko Mikel Larreategi arduratzen da eta edukiekin laguntzaile kuadrila ederra izan dugu urte hauetan: Oier Ibarbia, Andoni Zabala, Iñaki Zugasti, Aritz Ibañez, Arantza Uriguen, Garikoitz Otamendi, Eire Vila, Jon Iraola,... Guzti horiek eta gehiago dira dantzan.com izenarekin sinatutako lanak egin eta egiten dituztenak. Baina, dantzan.com egiten dutenak dantzari buruzko gauzak kontatu nahi dituzten guztiak dira, argazkiak, bideoak, argitalpenak, emanaldien jakinarazpenak, eta beste mila kontu bidaltzen dituztenak. Horiek denok osatzen dugu dantzan.com eta zorionak denori beraz hamargarren urteurren honetan.
Eibarko Kezka dantza taldetik abiatu zen dantzan.com, baina ikusita herri bateko dantza talde batean jarduera eremua gainditzen zuela, kultur elkarte moduan erregistratu genuen 2002an: dantzan.com, dantza sustatu eta hedatzeko elkartea. Azken urteotan webguneaz gain dantzarekin lotutako beste zenbait jarduera bideratu ditugu elkarte horren bidez.
Ez dakit webgune baten hamargarren urtebetetzea ospatzeko kontua den. Akaso aitzakia ona izan liteke elkartu eta dantza apur bat elkarrekin egiteko. Egutegia estu dago, baina gogoa badago asmatuko dugu zerbait! Zer diozue?