Agenda
Txantxoak
2026/02/15 07:00
Abaltzisketa
Inauterietako igande edo Zaldunitan ateratzen dira Abaltzisketako txantxoak, mozorroa, zesteroa eta soinujolea puska biltzean baserrietan eta herrian ere. Etxe bakoitzaren atarian erratza pasa eta txantxoen makila-dantza eskaintzen dute. Goizeko 8etan elkartzen dira herriko plazan prestaketa lanari ekiteko eta ondoren hasten dira baserriak bisitatzen. Txantxoek makila-txiki deritzon makil-dantza bat egingo dute.
Talai-dantza
2026/02/15 07:00
Amezketa
Inauterietako larunbat eta igandean ateratzen dira Amezketako talai-dantzariak eskean. 2016an hasi ziren larunbat eta igandez ateratzen, ordura arte inaute igande eta astelehenez ateratzen baitziren makil-dantza dantzatu eta puskak biltzera. Ugarte eta Amezketako baserrietatik egiten dute etxez-etxekoa.
Aurten 50. urteurrena dela eta 12:00 inguruan, hiru taldeek bat egingo dute Bartolome Deuna kalearen hasieran, Bion-Etxe inguruan. Dei berezia egiten dugu, urte guzti hauetan soinujole, poltsero edo dantzari izan diren guztiei, beharrezko janzkerarekin aukeran, bertan biltzeko. Belaunaldi ezberdinen arteko Talai jendetsuena burutu nahi dugu, plazan amaituz. Amaieran, indarrak berritzeko, mokadutxo bat izango da, eztarria bustiz, makilak bezala kontu zaharrak astintzeko.
Puska biltzea
2026/02/15 08:00
Irun
Inaute larunbat eta igandean ateratzen dira puska biltzean Irunen. Hainbat dantza taldek Irungo txoko desberdinak bisitatuko dituzte dantzan.
Inaute larunbata:
- 9:00: Baserri giroko inauteria: Eraiki Dantza Taldea. Eraiki Dantza Taldeak, Bidasoa eta Behobiako baserrietatik puska biltzea antzolatzen du inaute larunbatean. Eraikiko dantzariak goizeko 9:00etan elkartuko dira San Martzial mendian eta egun osoan zehar egongo dira baserriz baserri. Zinkoenea baserrian bazkaltzen eta ondoren ere jarraitzen dute eskean Behobia inguruko etxeak bisitatzen. Amaitzean, elkarrekin afaltzen dute jasotako arraultze eta txorizoekin. Behobia: Puska biltzea 2011 [Bideoa]
- 9:30: Baserri giroko inauteria: Ibarla Meaka Dantza Taldea. Irungo Meaka dantza taldeko kideek puska-biltzea egiten dute inauterietan. Inaute larunbat eta igande goizean Irungo Meaka auzoan baserriz baserri aritzen dira gazteak eta helduak, eta larunbat arratsaldean aldiz, Hondarribian, Jaizkibel azpian egiten dute kuestazioa. Hondarribia: inauteriak 2017 puska-biltzea [Bideoa]
- 10:00: Baserri giroko inauteria: Txorimaloak Soinu Taldea
Inaute igandea:
- 9:00: Baserri giroko inauteria: Egoipar Meaka Dantza Taldea
- 9:00: Baserri giroko inauteria: Meakako Adixkideak Dantza Taldea
- 9:00: Baserri giroko inauteria: Kemen Dantza Taldea. Kemen dantza taldeko kideek puska biltzea egin ohi dute inaute igandean. Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatuko dituzte Kemen Dantza Taldeko kideek, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz dota puskak bilduz. Gainera, arin-arin zein fandangoak dantzatuko dituzte, baserritarren gozamenerako.
Garaziko libertimendua
2026/02/15 08:30
Donibane Garazi
Inaute igandean Libertimendua emanen dute Donibane Garazin. Garaztarrak dantza taldeak, Zirtzilen antzerkiak eta bertsolariek girotuko dituzte Donibane Garaziko kaleak. Goizeko 9:30ean hasiko da kabalkada karriketan eta ondotik 11:30ean Libertimendua Trinketaren aitzinean.
Iruinkokoa
2026/02/15 09:00
Iruñea, Santa Ana Plaza
Iruinkokoak Iruñeko karrikak hartuko ditu. Hau duzue egunerako programa:
10:00 Zaldiko Maldikotik karrikaz karrika.
Asalduak:
- Gazteluko plaza
- Antsoleaga karrika
- Santa Ana plaza
- 0-ko plaza
Zirikoketa
2026/02/15 09:00
Astigarraga
Inauteri igandean, Zirikoketa plazaratuko dute Astigarragan. Herriko dantzari, musikari, bertsolari eta antzerkilariak batuta libertimenduen egitura duen festa prestatzen ari dira inauterietarako. Txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, txaranga, danborrada taldea, bertsolariak eta antzerkia izango dira plazan dantzariekin batera.
Goizean zehar puska-biltzea egingo dute hainbat auzotan eta gero eguerdian plazako emanaldia.
Zahagi-dantza eta Hartza
2026/02/15 09:00
Markina-Xemein
Aratuste domekan, inauteri igandean, zaragi-dantzariak ibiltzen dira Markina-Xemeingo kaleetan Hartzak lagunduta. Zaragi-dantza egiten dute Zerutxuko dantzariek eta Hartzak panderoaren doinura dantza egiteko ahalegina egiten du, baina iheserako eta jendea beldurtzeko zaletasuna handiago du.
Markina-Xemein: Zaragi-dantza eta antzar jokoa 2013 [Bideoa]
Atorrak
2026/02/15 09:00
Mundaka
Inaute igandean ateratzen dira Mundakako Atorrak kantuan. Mundakako Txistulari Marrauen kalejira, 10etan Atorrekin lagundurik. 12.30etan Mundakako Atorren Estudiantina Aratuste abestiarekin hasita. 18.00etan Herriko plazan Laminek agerraldia egingo dute orro, dantza eta kantuekin.
Inude eta artzaiak
2026/02/15 09:00
Bera
Inaute igandean ateratzen dira inude eta artzaiak Berako kaleetan. Goizeko 10etatik aurrera kalejira egingo dute herrian zehar Eztegara pilotalekutik hasita. Ondoren arratsaldean, 18:00etan hasiko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.
Markitos
2026/02/15 10:30
Zalduondo
Markitos da inauterietako igandeko protagonista. Urtero bezala, zaldi gainean agertuko da goizeko 11.30ak inguruan, Arabako herri honetako kale nagusian, traje beltzez jantzita, gorbata eta guzti. Atzean herriko mutil bat izango du laguntzaile gisa, erori ez dadin. Ibilbideko puntu batean, jauregi baten parean, astotik jeitsi eta sei metroko luzerako makila baten puntan ezarriko dute. Makila zutik jarri, lurrean sartu, eta han goian geratuko da Markitos hainbat orduz. Arratsaldean, berriz, predikadorea buru duen prozesio zaratatsu bat abiatuko da Markitos dagoen tokiraino. Kale-garbitzailea eta errauts-zabaltzailea joango dira lehenbizi, biak bata beltzez jantzita. Musikariak, ondoren, eta, gero, behor batek tiratutako gurdi bat, Predikadorea barruan joango da. Ondoren Atsoa eta Agurea, Markitosen aita eta ama. Hartza eta ardia joango dira ondoren, eta, azkenik, Porreroak. Zaku-telaz jantzita, porrero hauek beren buruak lurrera bota eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtuko dituzte. Markitos jaitsi eta gurdian jarriko dute. Frontoira heltzen direnean epaia irakurriko dio Predikadoreak Markitosi: hil egin beharko du. Jendeak txalo egingo du. Panpina lurrean jarri eta su emango diote. Eta taldeko guztiek dantza egingo dute haren inguruan.
Jardinzayen konpartsa
2026/02/15 11:00
Donostia
Inauterietan bi aldiz ateratzen da Jardinzayen konpartsa, lehenik, inaute larunbat arratsaldean eta bigarrenez igande eguerdian. Eskolaren eskutik, Jardinzayen konpartsa tradizionala Donostiako kaleetan barrena ibiliko da. Aurten Jardinzayen Konpartsari ESKOLAren inauteri ezberdinetako jantziak gehituko zaizkio, denak nahastuta (1979-1998 urteetako jantziak).
Marrauen soka-dantza
2026/02/15 11:00
Gernika
Zaldunita edo inaute igandean, eguerdiko 12:00etan, puntuan, marrauek Gernikako Foru Plaza hartzen dute soka-dantza dantzatzeko. Soka-dantzak ohiko egitura du, hau da, desafioa, banan-banangoa, zubiak, agurrak eta abar. Dantzariak, ordea, maskara batekin eta gorputz guztia estaltzen dien lohihartzeko batekin dantzatzen dute.
Elegante eguna
2026/02/15 11:30
Azpeitia
Inaute igandean ospatzen dute Elegante eguna Azpeitian. Eguerdiko 12:30ean Eleganteen pasiera egiten da, herritarrak garai bateko soineko eta jazki apainekin jantzi ohi dira kalean gora, kalean behera pasiatzeko, antzinako antzera. Itsasikoen artzai-inudeen kalejira, danbor-joleekin eta San Sebastian eguneko danborradaren karrozarekin ere ikusi ahal izango dira. Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariak eta Incansables txaranga ere kalez kale ibiliko dira.
Mamuxarro gazteak
2026/02/15 15:30
Unanu
Asteartita edo inaute astearte arratsaldean mamuxarro nagusien txanda bada ere, bi egun lehenago, igande edo zaldunitan, herriko mamuxarro gazteak ateratzen dira.
Mutua, ezkil eta zintzarri gabeko mamuxarroa, Unanuko kaleetan zehar ibili ohi dira. Metalezko maskara bat aurpegian eta makil luze bat eskuan korrikaldi politak egiten dituzte Ergoienako herri txikitik. Hori dena, makilarekin hanketan jotzeko.
Momoxarro txikiak
2026/02/15 15:30
Urdiain
Momoxarro txikiak irteten dira inauteri igandez Urdianingo kaleetra 16:30 edo 17:00ak aldera askotariko itxura hartuta. Batzuk ardi-narruak soinean, besteek ohe-estalkiak, beste batzuek txano konikoa jantziko dute. Guztiek aurpegia estalita eta farak izanen dituzte nondik dabiltzan jakiteko. Jendea zigorrekin berotzen ariko dira. Momoxarroak zirikatzeko honako errepika erabiltzen dute herritarrek: momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero.
Asteartean irtengo dira helduak.
Aristerrazuko erromeria
2026/02/15 17:00
Aia San Pedro bailara, Arizterrazuko plaza
Igande honetan Aristerrazuko eszenatokian Oier Balzola eta Unai Andonegi.
Kintoen soka-dantza
2026/02/15 18:00
Aretxabaleta
Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, herriko kintoak kantuan eta eskean jardungo dute baserriz baserri.
Otsailaren 5ean, hau da, Santa Ageda egunez aldiz, herrian zehar aritzen dira eskean goizez. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan herriko plazan elkartu eta soka-dantza dantzatzen dute. Soka-dantza hau, otsailaren 5ean egiten dute lehen aldiz, eta gero igande guztietan errepikatuko dute inaute igande arte.
Zaku zaharrak
2026/02/15 18:00
Lesaka
Zaldunita arratsaldez ateratzen dira zaku-zarrak Lesakan. Plazaren albo batean dagoen lasto tontor batetik lastoa hartuz eta zakuak honekin betez jazten dira zaku-zar-gaiak. Ondoren, kalez kale ibiltzen da zaku-zar taldea, lerroan martxan doala. Makil luze bat izaten du eskuan lerro buruak eta beste makila luzea azkenak. Musika hastearekin batera hasten da zaku-zarren martxa. Puxikak batera eta bestera indarrez astintzen dituzte eta erritmo biziz gurutzatzen dituzte Lesakako kaleak. Aldian behin gelditu eta fandangoa dantzatzen dute zaku-zarrek, besoekin, oin astun horiek altxatuko dituenik ez baitago.