Oinak Arin 08: Galtzear zegoena, gaurkotuta eta ondorengoentzat baliagarri
Mikel Sarriegik “Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua” ikerlana argitaratu zuela bi urte dira. Hemen lanaren inguruan Xanti Nazabalek Ataria Irratiko Oinak Arin saioan egin zion elkarrizketa.
20 bat urtez landutako liburu honen bidez Sarriegik azken hamarkadetan Gipuzkoan nagusitutako dantza molde eta arautegia zalantzan jarri eta tradizioan ia galdurik gelditu diren moldeak berreskuratu ditu. Horretarako, urteetako dantza-arkeologia lan hau, grafiko, eskema, irudi edota testu bidezko deskribapenen bidez ondutako 1.000 orrialdetan bildu du, eta Gipuzkoako dantza-maisuen sare argitara ateraz du.
Ikuspegi orokorretik eta Tolosaldean zentratuta gero aritu da Sarriegi Nazabalekin. Bukatzeko, egindako bilketa lan horretan oinarrituta, Gipuzkoako dantzen sistematizazio berrirako egin duen proposamena eta ekarpen honek izan dezakeen bidea ere azaldu ditu.
2024-03-21ean argitaratu zen lehen aldiz saio hau Ataria Irratian.
Oinak Arin podcasta Ataria Irratiak ekoiztutako saioa da. Orain Dantzan.eus-en podcasten atalean ere entzun daiteke.