Angel Gereka dantza-maisu zarauztarra hil da

2025/08/26
Angel Gereka dantza-maisu zarauztarra hil da

Larunbatean hil zen Zarautzen Angel Gereka Etxaniz, dantzari eta dantza-maisu zarauztarra, 90 urte zituela.

Zarauzko dantzaren ezinbesteko erreferentea izan da Angel. Gerra-ondoko lehendabiziko dantza taldean aritu zen, Irrintzi taldean. 1950. urte inguruan elkartzen hasita, dantzari eta txistulari taldeak 1953ko otsailaren 15ean egin zuen aurreneko saioa frantziskotarrek antolatutako jaialdi batean (aurreneko ilaran, argazkiaren eskuinaldean ageri dena da Angel). Eresoinka taldean aritutako Esteban Berazadi dantzari zarauztarra izan zuten irakasle.

Tradizioz zetorren Aurreskuaren pausuak, aldiz, Antonio Alberdi Garate dantzariarekin ikasi zituen, eta oraindik ere bizirik dirauen dantza-moldearen transmisioan aritu zen Anjel, bai Zarautzen eta bai auzo-herrietan ere.

1979an sortu zen Zarautzen Iratzarri dantza taldea, eta bertan aritu zen dantza-irakasle.

Bere azken emanaldia orain dela gutxi izan zen, Telmo Esnalen Dantza filman parte hartu baitzuen; izan ere, Telmoren irakasle izan zen Angel, Irratzarri taldean.

Angel Gereka, Dantza filmaren entseguan, 2017-04-29. Arg. Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa.

Atzo arratsaldean izan ziren hileta eta lur ematea, Zarautzen.

Mikel Sarriegi Etxezarreta
Mikel Sarriegi Etxezarreta
2025/08/27 14:29
Nire doluminak Xabier, Angelen familiari eta Zarauzko dantzari guztioi!
Beti izango dut gogoan berarekin izan genuen solasaldi luze eta atsegina.
Besarkada bat!