Dokumentuaren akzioak
Mallabiko dantzari taldeari buruzko zenbait kontu

40 urte pasatxoren ondoren, herrian hartuko dugu Durangaldeko ezpata-dantzari eguna. Datorren larunbatean, maiatzaren 31n, Mallabian ospatuko da Durangaldeko ezpata-dantzari eguna; hortik atzera begira jarri eta garai bateko dantzari taldetik gaurdaino egindako bidea errepasatzen ibili gara. Aurrez ohartarazi nahiko nuke, asko ahozko testigantzak izanik, dataren bat edo beste ez dela guztiz fidagarria; eta izen batzuk bakarrik nabarmentzen baditugu ere, horrelakoetan sarri gertatzen den gisan, badakigu aipatzen ez diren hainbat pertsona ibiliko zirela hor bueltan dantzan.
1934koa lehen argazkia
Aurkitu dugun Mallabiko ezpata-dantzari taldearen lehenengo argazkia 1934koa da. Zortzi dantzari eta Mallabiko bandera ageri dira bertan. Gerora, 1982ko Ezpata-dantzari Egunean, omenduak izango ziren argazkian agertzen diren dantzari hauek: Victor Arregi, Enrique Arriaga, Leon Txurruka, Justo Etxebarria, Juan Gorrotxategi, Fermin Olano, Damian Ortuzar eta Benito Aranburu. Garai hartan, Emilio Pradera (gerora Mallabiko elizan organojole ezaguna) ibiltzen omen zen txistulari eta beronen aita dantza-maisu, Mallabiko elizako sakristaua zena.
Ezpata-dantzari taldea gizonezkoek osatzen bazuten ere inguru horretan Milagros Txurrukaren izena agertu izan da sarri samar, dantza soltean aritzen omen zen.
Gerra garaian taldea desagertu eta urte luzez talde aktiborik gabe egon ostean, 1969an Mallabiko gazte talde bat, Justo Azagirre buru, herria kulturalki mugiarazten hasi zen; besteak beste, Santa Ageda batzeko taldea sortu, herriko ermitetan jaiak errekuperatu eta dantza taldea berpiztu zuten. Horretarako Ermuko Joseba Idigoras ibili zen dantza-irakasle eta Emilio Txurruka eta Hanbreko Eloi Zelaieta txistulari. Neska eta Mutil aritzen ziren dantzan, talde banatan.
Urteak pasa ahala, gazteagoek eman zioten taldeari bultzada. Besteak beste, Martzel Garitagoitia edota Santos Aranburuk (berari batutakoak dira testigantza asko). Tartean izan zen 8 urteko geldialdiren bat (ikusi Egin aldizkariko albistea), baina 1980 inguruan, Eibarko Kezka dantza taldearen laguntzarekin taldea ber-aktibatu zen.
Aipatzekoa Andoni Altzibar eta Aitor Txurruka txistularien lana, besteak beste. Lehen aipatu bezala, 1982an Durangaldeko Ezpata-dantzari Eguna ospatu zen Mallabian, eta bertan 1934ko dantzariak omendu ziren. 1995. urtera arte martxan ibili omen zen taldea.
2011ko berpiztea
1995etik aurrera dantza taldeak geldialdia izan zuen, baina 2011. urtean berriro eratu zen Gazte Alai taldea. Bandera zaharra galduta zegoen eta ezin izan zenez berreskuratu, erreplika bat egin zen eta material berria lortu zen. Estatutuak berregin ziren eta 50 ume inguruko dantza eskolak indarrez ekin zion. Aipatzekoa dantzari izandako Lorea Arregi eta Ainhoa Solozabalen lana urte horietan, besteak beste.
Urte batzuk lehenago, 2009an, Eibarko Kezka dantza taldean genbiltzan Mallabiko hiru gazte (Luken Aranburu, Ander Garitagoitia eta hirurok), Arandoño auzoan bizi zen Jesus Mari Uribelarrea iurretarrarengana hurbildu ginen, erregelak ikasi nahian. Bengo baserriko tejabanan klaseak jaso ondoren, 2009an plazaratu genituen Mallabiko abesbatzarekin batera eginiko ekitaldian. Ordutik, Andra Mari eguneko dantza ekitaldiari amaiera ematen diote erregelek.
Aurreko garaietan ere ikusi dugunez, garrantzia handia hartzen du txistulariak, ezpata-dantza taldeak alboan behar baitu. Horretan, Ermuko Iratxe Odriozolaren laguntza ezinbestekoa izan zen eta azken urteotan Estibaliz Katarainek hartu dio testigua. Esker bereziak beraientzat ere.
Hasieran neska eta mutilen talde banaketa bazegoen ere, 2017an elkarregaz dantzatzeari ekin genion. 2020tik aurrera nagusien taldea jarraikortasunez ari da dantzan, Harkaitz Urretaren gidaritzapean. Urte osoan zehar entseatzen dugu eta Andra Mari egunean dantzatzeaz gain, beste hainbat ermitatan ere irteten gara; baita Ezpata-dantzari Egunean ere. Egun, 10-12 lagun inguru gara nagusion taldean eta 30-40 ume inguru urtero, hainbat edade-taldetan banatuta.
Zapatu honetan Mallabiko 10 neska-mutil elkartuko gara Durangaldeko Ezpata-dantzari egunean, herrian bertan. Gure aurrekoek egindako lanari, transmititutakoari eta eureri ikasitakoari esker egingo dugu dantzan. Aipatutako eta aipatu gabe utzi ditugun guztien omenez.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
