Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Saioa Zabala Aristizabal Abuztuaren 10a, Salontzo eguna, Berastegi

Dokumentuaren akzioak

Abuztuaren 10a, Salontzo eguna, Berastegi

Abuztuaren 10a, Salontzo eguna, Berastegi

San Juan dantzak Berastegiko plazan, 2022-08-10. Irudia: Saioa Zabala Aristizabal

Arratsaldeko bostak eta laurden aldera iritsi gara Berastegira. Lehegusinarekin etorri naiz, atzo arratsaldean idatzi zidan gaur nirekin etorri nahi zuela esateko. Izugarrizko beroa egiten du eta kotxean aire egokiturik gabe etorri gara, izerdi patsetan gaude. Segituan lortu dugu aparkatzeko tokia. Ez da inor ageri kalean, hiru ordu laurden falta dira dantzak hasteko. 

Plazako banku batean eseri gara eta honetaz eta hartaz aritu gara hizketan. Gaileta batzuk atera ditu lehengusinak eta horiek janaz egon gara blagan. Plazaren alde batean eszenatoki bat eta oraindik itxita dagoen txosna bat daude.

Horrela ginela plazan aulkiak jartzen hasi direla ikusi dugu. Bertara hurbildu gara eta arkupeetako alde batean jarri gara, aulkiak bukatzen diren tokian. Dantzariak udaletxe barruan daude. Aulkietan oso jende gutxi dago eserita.

Seiak izateko oso minutu gutxi falta direnean hasi da jendea plazara hurbiltzen. Aulkietan eseri dira asko, baina itzaletan, eguzkitan dauden aulki guztiak hutsik daude. Eszenatokiaren eta txosnaren inguruan ere jende multzo txiki bat biltzen hasi da. Txosna irekitzen ari direla ematen du. Dantzariak plazara sartu dira eta makilak eta brokelak utzi dituzte lurrean gero dantzetan zehar erabiltzeko. Galtza eta alkandora zuriak dituzte, kapelu eta gerriko gorria eta zinta gorriak dituzten alpargata zuriak. Buruzagiak banda gorri bat du eskuineko sorbaldatik ezkerreko gerrira lotua, eta kapeluko goiko zatian zinta zuri bat du zigi-zaga moduan jarria. Dantzari guztiek jaietako zapi urdina dute lepoan. Ikusleetako batzuk aulkiak mugitzen hasi dira, gure ondoko arkupean jarri dituzte eta bertan gelditu dira itzaletan. Beste batzuk haien ondoan gelditu dira zutik, nahiago dute ez eseri eguzkitan egon baino.

San Lorenzo Berastegi
San Juan dantzak, San Lorenzo, Berastegi, 2022-08-10. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Musikariak eszenatoki gainera igo dira eta dantzariak plazaren sarrerara hurbildu dira taldean kokatuta. Musika jotzen hasi eta taldea saltoka sartu da plazara. Dantza bat bestearen atzetik egin dute etengabe. Dantza guztiak oso antzekoak dira eta errepikakorrak egin zaizkigu azkenean. Baina bereziak direnez politak ere iruditu zaizkigu. Ordu erdi inguru aritu dira dantza bat bestearen atzetik eginez. Oso nekagarria iruditu zait, etengabe saltoka ari baitira. 

San Lorenzo Berastegi
San Juan dantzak, San Lorenzo, Berastegi, 2022-08-10. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Hamahiru dira dantzariak, hamabiko talde misto bat eta buruzagia. Dantza gehienetan buruzagiak deia egin ondoren lehenengo laukoteak egiten du dantza, ondoren gauza bera egiten du bigarren laukoteak eta gero hirugarrenak. Azkenik, denek elkarrekin dantzatzen dute. Batzuetan buruzagiak laukote bakoitzarekin batera dantzatu du.

San Juan dantzak bukatuta plazari erreparatu diot. Dantzak hasi direnean baino askoz ere jende gehiago dago orain plazan. Eguzkitan dauden aulkiak jada ez daude hain libre, jende dezente eseri baita bertan. Hala ere, gehiengoa txosnaren eta eszenatokiaren inguruan dago zutik, itzaletan. 

Txistulariak eszenatokitik jaitsi dira eta plazara sartu dira. Lehen hiru ziren, orain lau, San Joan dantzetan buruzagi lanetan ibili denak txistua hartu eta plazara sartu da, oraindik erdi arnasestuka. Musika hasi eta soka sartu da plazara. Kalez jantzita daude dantzariak eta zapi urdina dute lepoan. Soka ateratakoan inguruan ditugun herritarren erreakzio eta  komentarioengatik irudipena izan dugu sokan emakumeek dantzatzen duten lehen aldia dela, hiru emakume daude sokan. Gainera, horietako bat atzeskua da. Segituan baieztatu dugu lehen aldia dela emakumeek sokan dantzatuko dutena. 

Hainbat herritar dantzan buru belarri sartuta daude, dantzariek banaka dantzatzen dutenean animoak emanaz eta bukatzerakoan txalo zaparrada eskainiaz. Halako batean sokako bi publikoko emakume baten bila joan dira eta aurreskuak agurra dantzatu dio. Gero, beste emakume baten bila joan eta atzeskuak dantzatu dio agurra. Bi emakumeak sokan sartu dituzte eta segidan soka betetzeko haina emakumeren bila joan dira ikusleen artera bi dantzariak. Emakume guztiak sokan sartu dituzte. Batzuk zapi urdinen bidez lotu dira beren artean, beste batzuk eskua eman diote elkarri. Udaletxeari begira kokatu da soka eta aurreskuak eta atzeskuak desafioa dantzatu dute elkarri begira. Bukatutakoan borobila osatu eta denek batera fandangoa eta arin-arina dantzatu dituzte. 

Aipatu bezala, ikusleen artetik plazara inor sartu baino lehen soka gizon eta emakumez zegoen osatuta. Sokara ikusleak sartzean ez dituzte gizon eta emakumeak sartu, emakumeak soilik baizik. Beraz, sokara denak gehitu ondoren emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino. Emakumeen kasuan, denak kalez jantzita daudenez ondo fijatu gabe zaila da bereizten nor dagoen sokan hasieratiik eta nor sartu den beranduago. Desberdintasun nabarmenena oinetakoena da. Sokan hasieratik dauden emakumeek oinetako erosoak dituzte eta beste ia guztiek sandaliak.  

San Lorenzo Berastegi
Soka dantza, San Lorenzo, Berastegi, 2022-08-10. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal - CC-BY-SA

Dantzak bukatuta elkarri begiradarekin galdetu diogu ea zer egingo dugun. Gauzak jaso eta etxera bueltatzea erabaki dugu hitz bat bera ere esan gabe, gure neke aurpegiek dena argi uzten baitute. Kotxera bidean ginela lehengusinak gure ondoan zegoen emakume batek esan duena entzun ote dudan galdetu dit. Nik ezetz erantzun eta ea zer esan duen galdetu diot, intrigaz. Soka atera denean zera esan omen du: “Erakutsi beharko genieke Hondarribi eta Irungoei gauzak nola egiten diren”. Hasieran barregura eman dit, nola jakin behar zuen berak bere ondoan Hondarribiko eta Irungo jendea zegoela. Komentarioari bueltaka eta bueltaka hasi gara biak, emakumeaz errukitu garen arte. Barruak hustu ditugunean eta biak gustura gelditu garenean elkarri begiratu eta barrez hasi gara. Kotxera iritsi garenerako gaia aldatu dugu, abuztu hasieran jada horrela hasteak izugarrizko nagia ematen baitugu. 

Bero-bero dago kotxea eta ateak ireki ditugu zertxobait hoztu dadin. Azkenean kotxean sartu, leihoak ondo ireki eta martxan jarri gara. Ea etxera eramango dudan galdegin diot. Familia guztia izeba-osaben etxeko piszinan dagoela esan dit. Izerdi patsetan gaude eta guri ere bainu bat ezin hobe etorriko zaigu. Bi aldiz pentsatu gabe hara joatea erabaki eta bidea hartu dugu.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Saioa Zabala Aristizabal

Saioa Zabala Aristizabal

Antropologiako laugarren mailako ikaslea eta Irungo Kemen dantza taldeko dantzaria naiz. Uda honetan herriz herri nabil tokian tokiko dantzak ikusten.