Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Urbeltzekin Dantza Ganbaran

Dokumentuaren akzioak

Urbeltzekin Dantza Ganbaran

2019/05/30 08:05
Urbeltzekin Dantza Ganbaran

Urbeltzen Dantza Ganbara. Ezkerretik eskuinera; Juan Antonio Urbeltz, Mikel Urbeltz, Marian Arregi, Maider Urbeltz. Argazkia: Bilboko kafe antzokia

Soinua, biolina eta harpa doinuak entzuten dira hilean behin Bilboko kafe antzokiko ateak zabalduz gero. Doinu horien erritmora, Juan Antonio Urbeltzen ahotsa antzemango da segidan, jauzi, ingurutxo, fandango edota arin-arinak gidatzen. Dantzari eta dantzazelak, denak elkarrekin dantzan. Duela hogeita bat urtetik, hilean behin, Bilboko Kafe Antzokira joaten da Juan Antonio Urbeltz plazako dantzak gidatzera. Urbeltzen Dantza Ganbaran izan da Tere Beloki Euskadi Irratiako Arratsean saiorako. Musika doinuekin batera, Juan Antonio Urbeltz, Mikel Urbeltz, Maider Urbeltz, Ander Blasco eta dantzazaleen hitzak jaso ditu.

21 urte Kafe Antzokian

Dantza Ganbara proiektua orain dela hogeita bat urte hasi zuten Juan Antonio Urbeltzek, Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek. Euskal dantzak herritarrengana gerturatzea zen helburua. Emaztearen soinu eta semearen biolin edo arrabita doinuekin dantzaldiak gidatzen hasi zen Urbeltz. Orain dela hiru bat urte, Maider Urbeltz ere harparekin hasi zen dantzaldietan parte hartzen. Aurreko urtean, Marian Arregi hil zen, baina bere soinua ez da isildu; Ander Blascok hartu du bere lekukoa.

Euskal Herriko eta Hungariako tradizioan du oinarria proiektuak, hala azaldu du Urbeltzek "Alde batetik XIX. mendean, Euskal Herrian, igandeetan neska-mutilek plazan dantzatzen zuten, soka-dantzak gehienetan. Arratsaldeko 19:00etan neskak etxera joaten ziren amari afaria prestatzen eta laguntzera. Eta mutilak udaletxeko ganbarara joaten ziren dantzatzera. Gizon zaharrak aurrean besteek ikasteko. Eta gero Hungariatik hartu genuen ideia, Dantzaren Etxeak zituzten".

Mikel Urbeltzek dio arrabitak baduela tradizioa Euskal Herrian "dokumentuetan eta agertzen da biolina, adibidez, erromerietan eta jotzen zela panderoarekin batera. Nahiz eta ez aipatu testuan doinuak, panderoarekin jotzen zela jakinda badakigu fandango, arin-arin edota biribilketa erritmoak izango zirela". Dantza eta musikarekin hazi da Mikel Urbeltz, "Etxean bizi izan dugun giroa izan da, bizi izan dugu eta parte hartu dugu. Adin batetik aurrera dantzan ikasiz eta gero musika instrumentuak ikasi hala proiektuetan sartuz. Txikitan gurasoekin ibili izan gara alde batetik bestera. Gu txikiak izanik ere ondoan. Euskal Herria goitik behera errekorrituz".

Urbeltzen dantza ganbara
Urbeltzen Dantza Ganbara. Argazkia: Bilboko kafe antzokia

Tere Belokik dion moduan, ordezkaezina ordezkatzea tokatu zaio Ander Blascori. Elai Alai dantza taldeko musikaria Marian Arregiren hutsunea betetzen ari da bai Martin Zalakain ikuskizunean, baita Urbeltzen Dantzan Ganbaran ere. Azken saioa berezia izan da, "Marianen soinua utzi didate. Ezberdina da, ez nago ohituta. Kontua da soinua geldik egon dela, haizea galtzen du eta errebisoa behar du, baina esperientzia polita benetan".

Hileroko zitan ez dute hutsik egiten dantza zaleek. Helduak zein gazteak, dantza taldeetakoak, hasiberriak... denetik elkartzen da Kafe Antzokian. Musika zuzenean eta Urbeltz gidari, luxua dantza zaleen esanetan.

Saio osoa: Urbeltzekin Dantza Ganbaran (Euskadi Irratia, Arratsean, 2019-05-24)

Erlazionatutako elementuak
Urbeltzen dantza ganbara 2010 Branlea

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.