Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Desafinazio erritmikoa

Dokumentuaren akzioak

Desafinazio erritmikoa

2022/05/25 07:25
Desafinazio erritmikoa

Sabin Bikandi, Aiko taldea.

"Danbolinteruen sisteman, benetan inportantea dena erritmoa da, noten frekuentzia baino, noten iraupena da inportantea! Notak altuxeago, bajuxeagoak izateak, ez du inondik inora erritmoak duen garrantzia". Sabin Bikandi danbolintero eta dantza-maisuaren hitzak dira. Desafinazio erritmikoaz aritu da Txistulari aldizkarian, 263/264 zenbakian, eta danbolinteroei hauxe esan die: "Danbolinteroak dantzan jakin behar du (toma ya!) eta dantzaz jakin behar du." Hemen artikulua osorik:

Desafinazio erritmikoa

Beti mirestu dudan Mikel Aranburu lagunak deitu zidan lerro hauek idaztera gonbidatuz, eta hemen naukazue ahaleginetan. Azken urteotan, hitz egitea baino nahiago izaten dut jotzea, dantzatzea... probetxugarriagoa iruditzen zait gure inguruan. Hori esanda, Mikelen gonbiteari ezin uko egin. Eta jarraian, beste dilema bat datorkit: zer esan eta nola. Esatekotan zerbait esan behar, bestela hobe ezer esan gabe xiria pasatzea... Eta jarraian... nola esan... Urteekin pazientzia ugaritu baino, agortu egin zait... agian bizimodu preziatu honetako denborarik ez galtzeko gauzak di-da esatea ateratzen zaidalako edo... Horrela ba, joan bedi aurretik nire barkamena zehatz, zuzen eta labur gauzak esatearren gordin, zakar edo astokilo esaten baditut. Sinestu asmo onenarekin doala ondoko kontutxoa.

Gaur egun, musikari gehienak (edo musikarekin nola edo hala aritzen direnak) sakeleko telefonoan afinadore digital sofistikatu bat dute: batzuk afinazio sistema ezberdinak neurtu ditzakete, frekuentzia hertziotan edo cent sistemarekin, erreferentzia ematen duen LA nota ere altuagoa edo baxuago afinatu, eta abar. Hemen nire lehenengo esatekoa: guzti horrek gure tradizioan duela gutxira arte EZ DU INONGO GARRANTZIRIK IZAN. Ez afinazioak... ezta modalitatea ere... gure danbolinteru zaharraren sisteman, batetik, notartekoak osatzen zuten melodiaren irudia zen inportantea eta ez notartekoen zabalera... Adibidez, ezaguna den zezenetako jota, edo La Jota de los Toros:

Sabin Bikandi desafinazio erritmikoa

Hau ulertzeko erreferentzia sistema ulertu behar dugu, eta antzematen duguna, pertzepzioa batez ere kulturala edo ikasi dela (parkatu, ez da nire asmoa rollo teorikoak sartzea baina, nola edo hala labur esan nahi eta...). Adibide bat jartzearren, berez, naturan, fisikoki, akorde maiorrak ez dira alaiak eta minorrak goibel edo tristeak... gure inguruan, gure kulturan, horrela ikasi dugu. Beste barik.

Baina danbolinteruen sisteman, benetan inportantea dena erritmoa da, noten frekuentzia baino, noten iraupena da inportantea! Notak altuxeago, bajuxeagoak izateak, ez du inondik inora erritmoak duen garrantzia. Eta modu berean, lagunok, esku batekin jotzen dugun hiru zulotako flauta horrek baino garrantzi handiagoa du danborrak. Horregatik gara danbolinteruak (batzuk izan nahian gabiltza bederen).

Baina hemen gure zoritxarra ("putada" idatziko nuke, baina ez dakit Elkartekoek onartuko duten): hala nola, maite dugun hiru zulotako flauta honetako afinazioa, tresna hobeagoak erabiliz, edo afinadoreari begiratuz eta jarrerak zuzenduz hobetu daitekeen, erritmoaren bidea luzeagoa da (ez dut esan nahi afinatzea erreza denik e?). Erritmoa barneratu egin behar da, eta nik dakidan bide zuzenena (bakarra ez esatearren) dantzarena da, dantzan ikastea. Danbolinteroak dantzan jakin behar du (toma ya!) eta dantzaz jakin behar du. Dantzarako jotzen duen musikariak (zaharrek esaten zutenez), "dantzan jo behar du" eta dantzan lagundu.

Bidea luzea da (ni hastapenetan nago, berandu hasi nintzen eta) baina ederra. Oso. Dantzatzerakoan, mugitzen den gizakiaren gorputzak bere ezaugarriak eta mugak ditu, eta horrek ematen dio (zion?) forma erritmoari (ergonomiaren eragina). Honen maisutasunaren adibide bat partekatzearren, hobeto ulertzeko, 1989. urtean Andra Mari taldeak, Galdakaon antolatu zuen Durangaldeko aurreskulari zaharren erakustaldian German Aldekoaren benetako "Master Class"a hemen ikusgai: 

Guztiok ulertzen dugu musikari batek desafinatzen duela entzutean zerbait gaizki egiten ari dela edo hobeto behar duela gutxienez. Horregatik erabaki dut hemendik aurrera, desafinazio erritmiko kontzeptua erabiltzea arazo bat dugula adierazteko. Eta bai lagunok, sarri desafinatzen dugu. Eta Aiko taldeko laborategian lanean bagabiltza ere, oraindik ez dugu afinadore erritmikorik asmatu. Hori bai, dantza eta dantzaren erritmoa partekatzeko BETI PREST. Eta pozik. Ieuuuuup!

Desafinazioa erritmikoa
Sabin Bikandi
Txistulari aldizkaria, 263/264 zkia, 2020.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.