Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Joseba Yerro: "Gizakiok mugitzeko sena dugu, berdin dio generoak"

Dokumentuaren akzioak

Joseba Yerro: "Gizakiok mugitzeko sena dugu, berdin dio generoak"

2019/05/13 08:25
Joseba Yerro: "Gizakiok mugitzeko sena dugu, berdin dio generoak"

Joseba Yerro. Argazkia: Guaixe

Iruñeko Baluarten izan da Suediako Goteborgeko Operako Dantza Konpainia. Hogeita bi herrialdetako dantzariek osatzen dute dantza garaikideko taldea eta horietako bat Joseba Yerro da. Erkuden Ruizek elkarrizketatu zuen Guaixen aurreko urtean dantzari altsasuarra.

Dantzako lehenengo pausoak euskal dantzan eman zituen, zazpi urterekin hasi zen Altsasuko taldean. Hamaika urterekin, berriz, Iruñeko Almudena Lobon dantza eskolara joan zen. Yerroren ideia jazza egitea zen, baina Almudenak balletera animatu zuen eta balletean apuntatu zen, "azkenean ez nuen jazzik egin eta balletarekin buru-belarri jarri nintzen".

Generoak berdin du

Mutila eta dantzaria izateak zenbait zailtasun ekarri badizkio ere garbi izan du zer nahi zuen eta horri eutsi dio, "Ni ume nintzenean ez zen normala mutil bat, herri txiki batean, dantzara joatea. Nik oso garbi neukan zein zen nire bidea, banekien zer egin behar nuen eta zer ari nintzen egiten. Oso instintiboa izan naiz beti". Egun kontzientzia handiagoa dagoela uste du, baina oraindik lan asko dagoela egiteko dio. Yerrok azaldu du generoak berdin diola, "azken finean nik pentsatzen dut denak gizakiak garela, eta gizakiok mugitzeko sena dugula. Berdin dio mutila, neska, emakumea, gizonezkoa...".

Hasiera batean astean behin joaten zen dantzako klaseetara, baina hamasei bat urte zituela irakasleak gehiago eskatzen ziola ikusi zuen eta serioago hartu zuen dantza, "Ikusten nuen asko disfrutatzen nuela eta diziplinak plazera ematen zidala. Azkenean bide hori jarraitu nuen".

Dantza garaikidearen hautua

Dantza klasikoa gustatzen zitzaion, baina konturatu zen ez zuela nahi horretan gelditu, "Ez zitzaidan asko gustatzen profesionalki ibiltzeko. Nik ikusten nuen naturalki mugitzea gustatzen zitzaidala, (...) dantza klasikoak gorputza mugatzen du oso mugimendu jakinak direlako. Dantza garaikidean, aldiz, grabitatearekin lan egiten duzu, sentimenduekin, gorputz sentsazioekin... askoz presenteagoa eta osasuntsuagoa da. Buruarendako ere askeagoa da".

Hori horrela, dantza garaikideko goi ikasketak egin zituen Bartzelonan. Hortik Herbehereetara joan zen, Maastrichtera. Bertatik Goteborgera. Ondoren, Cardiff-era eta handik berriro Goteborgera, Goteborgeko Operara. Yerrok ikusten du dantza garaikidea ez dela dantza klasikoa bezain arrakastatsua, "Zailagoa da jendea antzeztokietara erakartzeko. Hala ere, esan beharra daukat aurten arrakastatsua izan dela".

Joseba Yerrorentzat dantza osasuna da, "Bizitzako oso zutabe garrantzitsua izan da nire lagun eta gurasoekin batera. Nire munduan dantza betidanik izan da, momentu txarrenetan terapia izan da. Gauzak prozesatzeko eta gauzak beste modu batera ikusteko ezinbestekoa.

Elkarrizketa: “Dantza terapia bat da” (Guaixe, 2018-02-26)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.