Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Ion Agirretxe: "Bi astetan prestatu behar izan nuen nire ametsa zen papera"

Dokumentuaren akzioak

Ion Agirretxe: "Bi astetan prestatu behar izan nuen nire ametsa zen papera"

2019/05/07 08:00

Ion Agirretxe dantzari donostiarra, munduan barrena dabil biran Espainiako dantza konpainia nazionalarekin. Kolonbian dela aprobetxatuta Hego Amerikan aritzen den Jon Artano EITBko kazetariak elkarrizketatu du. Colon antzokira hurbildu da Jon Artano eta entseguan harrapatu du Agirretxe. Deskantsua hartu eta oholtzatik besaulkietara jaitsi da dantzaria. Dantzarien egunerokoaz, bere ibilbideaz edo ofizioaren alde onez zein txarrez aritu dira.

Txikitatik argi izan du Ion Agirretxek dantzaria izan nahi zuela. Euskal dantzan eman zituen lehenengo pasoak. Ondoren Mentxu Medelen Donostiako eskolan ikasi zuen balleta eta hortik nazioarterako saltoa egin zuen. Hamabi urteko ibilbidearen ostean lortu du lortu du dantza konpainian bakarlari izendapena.

Leku eta momentu egokian

Lehenengo paper printzipala beste dantzari batek orkatila puskatu zuelako egin zuen "bi astetan prestatu behar izan nuen nire ametsa zen papera". Lana ondo egiteaz gain garrantzitsua da leku eta momentu egokian egotea, "tokatzen denean aurrera bota behar da eta atzera ez begiratu". Izan ere, konpetentzia handia dago dantzan eta tranparen bat egin ahal izanez gero egin egiten omen dira, lagun gutxi izaten dela dantzaren munduan dio Agirretxek, "Belgikan pasa zitzaidan, kaleko zapatiletan jostorratzak sartu zizkidaten, bi aldiz jarraian".

Egunero entseatzen dute, "Ordu eta erdiko beroketa egiten dugu eta hortik aurrera koreografiak errepikatu, perfekzioa bilatu arte, nahiz eta hori ez den topatzen inoiz". Lana erruz egin arren, ofizio prekario samarra dela dantzariarena aitortu du. Taldeko izarrek ere, gurean, irakasle batek irabazten duena baino gutxiago poltsikoratzen omen dute: "Dantzak ematen digu bizitzeko posibilitatea, baina ez daude Europako beste konpainietako soldata edo lan baldintza berdinak". Eta politikoek dantzarekiko duten jarrera salatu du: "Laguntza falta da, politiko gutxi etortzen dira, argazkia ateratzera bakarrik".

Gozatzen jarraitzea helburu

Hogeita hamar urte ditu Ion Agirretxek eta dantzan gozatzen jarraitzea beste helbururik ez du, "Ez daukagu futbolariek daukaten erretiro eta laguntza, ahal den gehien aguantatzen saiatuko gara, 35-40 urte arte ez legoke gaizki. Eta gero dantza munduan jarraitu nahiko nuke". Dantzatzea utzitakoan, irakasle edo koreografo lanetan ikusten du bere burua, dantza mundutik apartatu gabe, egunero ikasiz eta hasiz, "Dantzan inoiz ez da hazten bukatzen. Dantzari batek ikastea bukatu duenean, karrera bukatu da. Gose hori bukatzen denean, akabo".

Elkarrizketa osoa: "Dantzari izatea oso polita da, baina lanbide honetan lagun gutxi dago" (Euskadi Irratia, 2019-04-27)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.