Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Dantza hitz egiten dugu

Dokumentuaren akzioak

Dantza hitz egiten dugu

2021/08/02 07:10
Dantza hitz egiten dugu

We Speak Dance.

We speak dance, "dantza hitz egiten dugu" dokumental sorta ikusten hasi gara NetflixenEva Guerrero/DOOS Colectivo-aren udako buletinean irakurri dugu gomendioa. Lehen atala ikusi eta korrika gatoz honen berri ematera, oporretan ikusteko oso egokia izan daitekeelakoan. 22 minutuko bost atal dira, beraz, di-da batean ikusteko modukoak. Vandana Hart dantzariak munduko hainbat toki bisitatzen ditu, eta bakoitzean dantza nola bizi duten bertakoek erakusten digu. Lehen atalean Afrikara, Nigeriara, hain zuzen ere, Lagos-era jo du Vandanak, eta txundituta geratu gara bertako dantza-bizi-moduarekin.

Afrika dantzan bizi da

"Nazioak aurrera egitea nahi baduzu, arteak inplikatu behar dira." esaten dio Bimbo Obafunwak Vandana Harti Lagosen. Dance World izeneko erakundearen zuzendaria da Obafunwa, eta dantzaren indarraz eta balioz oso konsziente da. "Dantza ez da azken helburua, dantza tresna da, sentitzen duzuna adierazteko eta jorratu nahi dituzun gaiei heltzeko tresna. Horrela egingo du aurrera herriak".

Hainbat dantza-gune eta dantzari bisitatu eta haiekin dantzan ikasi eta aritzen da Vandana Hart. Nigeriar dantzaren indarra, bizitasuna, alaitasuna guztiz kutsagarria da. Nigerian dantzak bizi duen loraldia eta herrialdiari horrek ematen dio indarra Fela Kuti musikariari zor zaiola uste du zenbaitek. Afrobeat-aren sortzailea izan zen Kuti, entzun orduko dantzan egitea beste aterabiderik eskaintzen ez duen musika.

Musika dantzarako da

Kutiren seme-alabekin bilduko da Hart, haiekin dantzan egiteko aukera ere izango du, eta musika ulertzeko duten moduaz arituko zaio Femi A-Kuti, Fela Kutiren seme musikaria: "Musika egitera bazoaz eta ez baduzu dantzan pentsatzen, orduan ez zaude musika egiten benetan". Europan noizbait ere hala izan zen, bai, musikak ez zuen zentzu handirik dantzarako ez bazen, orain batzuetan justu kontrakoa badirudi ere.

Aitaren bidetik, musika mundua dantzan jartzeko palanka moduan ulertzen du Femi A-Kutik: "Dantza Afrikako musikaren oinarrizko partea da. Afrika beti izan da dantzari buruz. Europarrak iritsi zirenean, festan bizipozez betetako kontinentea topatu zuten. Lurrak lantzean dantzatzen zinen. Erditzean dantzatzen zinen. Hiletan dantzatzen zinen. Guztirako dantzatzen zinen. Egun guztietarako zegoen musika eta dantza Afrikan. Dantza eta musika bizitzeko modu bat da". 

Dokumentuaren akzioak

2021/08/02 10:57
"Musika egitera bazoaz eta ez baduzu dantzan pentsatzen, orduan ez zaude musika egiten benetan".

Jean Christian Galtxetabururi egin zioten elkarrizketa bat gogora ekarri dit esaldi horrek. Bertan errumaniako fanfarre bateko tronpeta-jole baten aipu bat aipatzen zuen berak ere: “musika guziak dantzarako dira”, zioen. errumaniar musikariak. Eta beste berebiar musikari batek, ondokoa: “ez baditugu dantzarazten, ez dakit zertarako garen”.
2021/08/03 09:27
Bai, niri Venezuelako musikari bat gogorarazi dit. Euskal Herrian lehen emanaldia eskaini zuenean zur eta lur geratu zela esaten zidan, beraiek jotzen eta jendea geldi, musikariei begira. Musikariek elkarri begiratzen zieten esanez bezala "Baina zer gertatzen zaie hauei? Zergatik daude guri begira? Zergatik ez dute dantzatzen? Utzi begiratzeari eta hasi dantzan!"

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.