6.1 Baltsaren oinarriak
Baltsa, beraz, hiruko konpaseko dantza dugu. XVIII. mende inguruan Europa ekialdean bikoteko dantza gisa sortua, ziztuan hedatu zen kontinente zahar guztian zehar. Bere izena alemanierazko walzen —biratzea—aditzetik dator, omen. Aurretik esan dugun bezala, urratsak hirunaka antolatuko ditugu hura dantzatzean.

Zango punta apalen gainean kokatuko dugu gorputza eta urratsa markatzen hasiko gara.
Orain, lehenago esan bezala, lehen urratsean azentua jarriko dugu, puntu horretan zangoa zapal-zapal lurrean pausatuz. Beste bi urratsak oin-puntetan egiten jarraituko dugu.
Poliki egindako hori errepikatzea, barneratzea eta automatizatzea baino ez zaigu falta. Urratsa zeinahi norabidean egiten ahalko dugu.
Behin urratsa hamaika aldiz errepikatu ondoren, menperatua dugunean, dantza lotuan ari gaitezke baltsean.
Baltsa oinarrizko-oinarrizko urratsa dugu, lotuan egiteko ezezik, beste hamaika dantzetan ere erabiltzen dena gurean. Kortes-eko makil-dantzetan, Larrain-dantzan, Ingurutxoetan, Arizkungo gaitan,… agertzen zaigu. Beraz, ongi menperatzea komeni!