Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza

Orain arteko ekarpenak

Krisia? Ze krisi?

2013/03/05

Lau urteotan askotan akordatu naiz gutun honekin . Orain lau urte krisia bazetorrela entzuten hasiak ginen, baina artean, batez ere entzun. Harrezkero antzeman dugu, bai horixe. Eta ni Monikarekin akordatzen naiz. Zertan eta nola ibiliko ote zen lau urte latz hauetan. Hara zer idatzi zuen orain l...

Gehiago irakurri

Maskarada ala maskaradak?

2013/02/13

Zuberoako maskaradak beti pluralean izendatzen entzun izan dut nik. MaskaradaK eta ez maskarada. Horren inguruan han eta hemen galdetu izan dut, eta Zuberoan gehienek halaxe erabiltzen dutela ohartu nintzen. Pluralean erabiltze horren azalpenak bakoitzak berea, baina erabilera ohikoa pluralean. Azken aldian komunikabideetan eta maskaradatik hurbiletik jarraitzen dituzten zenbaiten ahotan singularrean, "maskarada" irakurri eta entzuten ari naiz, eta kezka sortu zait. Ea besteoi zer iruditzen zaizuen.

Gehiago irakurri 6

Argia Saria dantzan.com-entzat, esker hitzak

2013/01/28

Pasa den astean poz itzela hartu dugu dantzan.com bultzatzen dihardugunok. Argia astekariak ematen dituen Argia Sarietan, Interneti dagokion saria bertsoa.com-i eta dantzan.com-i ematea deliberatu zuen epaimahaiak. Ostiralean, urtarrilaren 25ean, Usurbilko Atxega jatetxean egindako bazkari-ekitald...

Gehiago irakurri

Neguko festak, inauteriak eta hitzaldiak

2013/01/18

Aurten ere hasita nago inauterien inguruko hitzaldiak han eta hemen ematen. Zuzen izateko,  neguko festen inguruan aritzen naiz, eta hitzaldi egutegia ere neguko festen tamainakoa izaten da, hau da, azarotik otsailera. Animen eguna edo Halloween-etik hasi eta Garizumara bitartean, San Mart...

Gehiago irakurri

Dantzan bizi, bizi dantzan - Argia Urtekaria 2012

2012/12/31

Badira egunak argitzen duenetik damutzen zaizkizunak. Gosaria kontrako eztarritik sartzen zaizu eta amorrazioak ez du deskantsurik hartzen: lantokian muturtu, bikotearekin ordaindu, kaka zapaldu eta segi aurrera... Horrelakoetan, besteak ez dakit nola konpontzen zareten, baina nik dantzan bilatzen d...

Gehiago irakurri

Handiak txikiago eta txikiak akabo

2012/11/15

Kulturaren alorreko murrizketak jaialdi eta kultur ekimen potoloetan nola eragiten ari den aztertuz erreportaje zabal eta mamitsua idatzi du Igor Susaetak Berrian . Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, Operako Lagunen Bilboko Elkartea, Durangoko Azoka eta horrelako jaialdi eta antolaketa handiak dit...

Gehiago irakurri

Ivor Allsop, ezpata-dantzen ikertzaile eta bultzatzailea hil da

2012/11/02

Ingalaterra eta Galesko ezpata-dantzei buruzko hainbat lan interesgarri eta liburu bikain baten egilea zen Ivor Alssop ikertzaile britainiarra. Neumonia baten ondorioz hil da gaur, azaroaren 2an.

Gehiago irakurri 1

Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)

2012/11/02

Bazetorren, urtero urrats bat aurrera emanez zetorren, eta aurten erabateko desenbarkoa gertatu da, aurten Halloween Resurrection ikusi ahal izan dugu gure herriko kaleetan. Eta orain bai, orain hasi gara horren inguruan hitz egiten, eta eztabaida txiki bat ere sortu dela dirudi, batzuk kontra ...

Gehiago irakurri

Honela dantzatu zen Zaratrusta

2012/10/12

Cordobatik, @bailarina97-k txiokatu du: "Niretzat droga da. Pozoina gorputzean sartuta dut, eta orain egunero behar dut nire dosia". Ez dut txorrotxiokatu (!), ez nago ados. Dantza ez da gorputzean sartzen den zerbait, gorputzetik ateratzen dena baizik. Eta zer ateratzen da? Alaitasuna, tristura, zi...

Gehiago irakurri

Eric Hobsbawm, Tradizioaren ikuspegia aldatu zigun gizona hil da

2012/10/01

"The Invention of Tradition" liburuaren egilea (talde-lana da, baina Hobsbawm-ek editatu eta sinatu zuen) hil da 95 urte zituela. Historialari marxista handia izan da Hobsbwam eta Three Ages hiru liburuz osatutako trilogiak eman du ezagutzera mundu osoan bere lana, baina dantza eta tradiziozaleontzat, tradizioaren ikuspegi hertsi eta zurrunarekin hautsi, eta tradizioa modu ireki eta malguago batean ikusten erakutsi zigun gizona da.

Gehiago irakurri

Orain arteko erantzunak

Oier Araolaza on Nola idatzi dantza izenak? sokadantza, soka dantza ala soka-dantza?

2023/04/17

Eskerrik asko Mikel. Ez dakigu egunen batean atzera egin beharko dugun erabaki hauekin, baina 20 urtetik gora dira Dantzan.com sortu zenetik eta horrek esan nahi du 20 urte daramatzagula ia-egunero dantzari buruz euskaraz idazten eta argitaratzen, beraz, iruditzen zaigu hartzen goazen erabakiak azaldu eta partekatu behar ditugula. Ez diogu beldurrik eztabaidari eta prest gaude okertzen garela ohartarazten digutenean zuzentzeko.

Hain zuzen ere, kontraste hau gabe zailagoa baita okerretaz ohartzea. Adibidez, kontradantzari buruz diozunak zer pentsatua eman digu. Euskaltzaindiak kontra- aurrizkiarekin hasten diren hitz guztiak lotuta eta marratxorik gabe idaztea erabaki izanak ez gintuen guztiz konbentzitzen 'kontradantza' era horretan idaztera. Zergatik? Ba kontra- hasten diren hitz guztiekin batasunaren izenean, alegia, ezaugarri horri lehentasuna emanez gero,-dantza bukatzen diren hitz guztien batasuna hausten dugulako. Zergatik eman lehentasuna batasun bati eta ez besteari?

Kontradantzak badu lotuta idazteko ibilbide luze bat eta horrekin jakitun ginen, eta horrek berak zalantzak sortzen zizkigun gure irizpidea horri ere aplikatzeko orduan. Baina orain, zure erantzunari bueltaka beste kontu batekin ohartu gara: kontradantza da -dantza bukatzen diren izen guztien artean euskaraz sortu ez den bakarra. Alegia, hitz elkarketa dagoeneko egina zuela iritsi dena. Country Dance-k eman ditu contradance/contradanse/contradanza eta euskaraz egin dugun gauza bakarra dagoeneko batuta zegoen horretan dance/danse/danza hori euskaraz jartzea izan da: kontradantza.

Beste guztiak euskaraz egindako hitz elkarketak dira: soka-dantza, ezpata-dantza, makila-dantza, zinta-dantza, bordon-dantza,... Ez da hori kontradantzaren kasua, dagoeneko elkarketa egina iritsi baitzen hitza. Beraz, hori kontuan hartuta kontradantza salbuespen moduan hartu eta marratxorik gabe batuta idazteko aukera aztertuko dugu.

Eskerrik asko!

Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz

2023/03/02

Eskerrik asko ohar hauengatik. Dantzaren garrantziaz ohartaraztea eta dantzak jokatzen duen funtzio sinbolikoaz kontzientzia hartzea beharrezkoa da, bai.

Dantzariak dantzan trebatzen eskas ibiltzea kezkatzekoa da, eta horren ardura ageri da nagusiki oharretan, baina Maitia ikertzaileak "bolanteengandik erantzun gutiago ukan dituelako" agertu duen arrangura beste norabide batean doala iruditu zait.

Mary Wigman-ek zioenez, "dantzaren bidez adierazten dudana hitzen bidez adierazteko gai banintz, ez nuke dantzarako arrazoirik izango". Hain zuzen dantzaren bidez pentsamenduak ordenatu eta sentimenduak iradokitzen direla dio Bourdieuk. Dantzariak dantzan espresa daitezela. Horretan txukun badabiltza ez gara hainbeste kezkatuko berbazko erantzun idorrekin.

Oier Araolaza on Arimak dantzan Michoacán-en

2023/01/31

Irri-marra ongi luzatuta irakurtzen ditut zure turista-kronista abentura mexikanoak Xabier. Oraingoan hunkitu naiz hilerriko isiltasuna Euskal Herritik entzutean. Baina berbereen esaera zaharraren oroitzapenak zelako arrazoia: "Erraitekoa dukana ez bada ixiltasuna beino ederragoa, hago ixilik". Kar, kar, kar. Pasa den astean Angel Errok Berrian esana gogorarazi dit: "Ez da betidanik esan isiltasuna urrea dela?". https://www.berria.eus/[…]/urrea-da.htm

Oier Araolaza on San Frantzisko, chineloak eta (berriz ere) Aztecak

2022/12/14

Bai abentura zirraragarriak dituzuela bizitzen ohitura eta festen arrastoan. Ze ederrak argazkiak eta mozorroak! Bagolinoko inauterien airea hartu diet kapeluei.

Oier Araolaza on Ataungo eskua

2022/11/21

Ona Mikel! Hau da hau esku-dantza!

Oier Araolaza on Kronika Mexikotik: (Neo)Aztecak sainduarentzat dantzan San Mateon

2022/11/17

Ze ondo zabiltzaten Xabier!

Revival airearen aipamenak etxera itzuli dit beha, amets mitikoz jantzitako asmazioak ez ote ditugun haiek beste sinesten. Hor dira Aker eta sorginen fartsak, akelarre amestu eta asmatuen iruditeriak dantzan jarriak.

Atzerritar begietatik nola ikusiko gaituzten ohartzeko ariketa polita San Mateoko neo-azteken antzezpena. Baina hara, bihotza xamurrago sentitzen dut Coyoacaneko indiar berrasmatuekiko. Ezin gaitzetsi mundu gotor eta berdinduan urtu aitzin gorputz eta bizitza asmatuak antzezteko nahirik.

Hurrengo kroniken zain irrikitan gaituzu.

Oier Araolaza on Dantzako profesionalen Sektorearen Azterketa

2022/06/08

ADDE-tik mezu bat bidali didate azterketa honen kontura, ADDEko bazkidea bainaiz. Bertan galdetu didate ea erantzun ote dudan inkesta (anonimoak direnez ezin dute jakin erantzun dudan ala ez), erantzun gutxi izan dituztela eta kezkatzen dituela horrek. Hauxe da nik eman diedan erantzuna eta erantzun eskasiaren inguruko nire ikuspegia.

*****

Nik erantzun dut, bai, birritan gainera, bat nire pertsonalki eta bestea gure dantza taldearen (kezka) "izenean"."

Erantzun gutxi izatearen inguruan, nik uste dut gure sektoretik (euskal dantza) behintzat, ulergarria dela erantzun gutxi izatea, hainbat arrazoi tarteko. Lehenengo eta behin, inkestak betetzeak pereza handia ematen digulako denoi, eta hau ez zen super-luzea, baina motza ere ez. Bigarrena, euskal dantzako sektorearentzat ADDE nahiko erakunde ezezaguna da eta ezagutzera hurbildu direnek (sarean salseatuz) askotan ondorioztatu dute ez datorrela bat euskal dantzan ari garenon kezkekin eta beraz, zuzenean paso egiten dute. Hala ere, batzuk animatu badira galdetegia betetzen (nik egin dut propaganda apur bat, eta saiatu naiz jendeak bete zezan), betetzerakoan konturatu dira galdetegiaren eskemak ez duela enkajatzen bere errealitatearekin, eta hainbat galderatan ataskatu ondoren bukatu gabe utzi dute galdetegia (pare batek hori esan didate behintzat). Nik adibidez hainbat galderatan "gezurra" edo behintzat sentitzen ez nituen erantzunak jarri behar izan ditut bestela ez zidalako uzten aurrera joaten.

Euskal dantzako sektorean profesionalismoaz dagoen ikuspegia oso desberdina da dantza garaikidean dagoenarekin konparatuta eta hori bai ADDEren jardunean eta bai galdetegian nabarmena gertatzen da. Nik eman ditudan erantzunetan saiatu naiz ikuspuntu hori agertzen, baina urteak daramatzat hau salatzen eta ez dirudi horren inguruko kezkarik dagoenik ez alde batean ez bestean, beraz, azkenean bakoitza bere bidean zentratu eta "hor konpon" esaten duela dirudi. Euskal dantzan badago sektore profesional bat, badago sektore semi-profesional bat eta badago sektore guztiz amateur bat, baina guretzat hori ez da bereizteko irizpidea, batzen gaituena euskal dantzaren praktika baita eta horri ematen diogu lehentasuna. Ondorioz, guk bideratzen ditugun jardueretan denetariko jendea batzen da eta ez daukagu arazorik profesionaltasunari dagozkion gaiak ere tratatzeko, baina ez gara horretaz bakarrik aritzen. Adibidez, orain gutxi egin ditugun Dantzan Ikasi Topaketak:
https://dantzan.eus/[…]/dantzan-ikasi-topaketak-2022-kronika

Argazki nagusian Topaketetan parte hartu genuen guztiak (bateonbat falta da, baina gehienak) gaude, 50 lagun, eta horietatik 20 kontatu ditut profesionalak direnak dantzan (dantzari, irakasle, kudeatzaile, komunikazioan, e.a.) eta 30 amateurrak.
https://dantzan.eus/[…]/image_view_fullscreen
Horietatik zenbat gara ADDEko bazkide? Ba oso gutxi, 2-3? Gehiago izan beharko lirateke? Ba ez dakit, ze nik askotan zalantza egiten dut ADDEko bazkide izaten jarraitu beharko nukeen ala ez (horren arrazoiak nik betetako galdetegian).

Jakin nahi bada euskal dantzaren sektorean zer pentsatzen den galdetegian planteatutako gaien inguruan beste hurbilketa modu bat eta beste galdetegi mota bat beharko dela iruditzen zait. Eta hala ere ez da erraza izango, ze jendea (eta bereziki urte sasoi honetan) oso lanpetuta dago eta zertarako izango den argi ikusten ez duen galdetegi baterako ez da erraza izango denbora hartu araztea.

Oier Araolaza on Dantzako profesionalen Sektorearen Azterketa

2022/06/03

Nire izenean bete nuen galdetegia eta bertan agertu nituen dagoeneko kezka batzuk, baina orain Kezka dantza taldearen izenean bete dugu eta hemen jasotzen ditut bertan utzitako erantzunetako batzuk, galdetegi honek, baina batez ere Eusko Jaurlaritzak Dantzaren alorrean daraman politikak sortzen dizkigun zalantzak eta kezkak (!) agertu nahian. Hainbat galdera ez dagozkio gure jardunari eta al-tun-tun erantzun ditugu, eta beste batzuetan saiatu gara gure ikuspegia agertzen. Hemen utzi ditugun erantzunetako batzuk:

2.2. Adierazi, garrantzia badu, eskuratu dituzun beste titulu propio/pribatu batzuk (izena eta ematen duen erakundea)

Gure taldean 7-8 lagun ari dira ordu batzutako dedikazio profesionalarekin, horregatik taldean betetzen dugu inkesta hau, baina hain garrantzitsua iruditzen zaigu profesionalki egiten dugun lana, taldekide ditugun amateurrek egiten dutena beste, eta ez gaude ados erakundeetatik "profesionalei" bideratzea babes guztia eta amateurren lana ez hartzea kontuan.


2.4. Nahi baduzu, EAEko prestakuntza-eskaintzari buruzko iruzkinak edo proposamenak egin ditzakezu

Oso kontu larria da euskal dantzako titulaziorik ez egotea. Sinestezina.


3.2. Nahi izanez gero, zure ibilbide profesionalean garrantzitsuak diren beste gai batzuk aipa ditzakezu hemen

Euskal dantzaren alorrean profesionalki aritzen garenak lankide ditugun gehienak amateurrak dira. Beraz, politika publikoek errealitate hori ez badute kontuan hartzen ez dute "gure errealitatea" kontuan hartzen. Nahikoa da kultura jardun amateurrak gutxietsi eta baztertzeaz. Profesionalek laguntzak behar dituzte, baina sektore amateurrak ere bai, eta ez dago arrazoirik batzuk baztertzeko.


6.1. Elkarteren bateko bazkidea zara? Zein?

Ematen diren aukeran (ADDE, Gip. Dantz. Prof. Elkarte, e.a.) ez dira guretzat egokiak, beraz "Bestelakoak" hautatu dugu.

6.1a Bestelakoak aukeratu baduzu, zehaztu hemen zein den, mesedez

Dantzan elkartea babesten dugu eta elkarte horrek ematen digun laguntza eta zerbitzua oso baliagarri zaigu.


Amaitzeko, hemen edozein iruzkin edo iradokizun egin dezakezu

Galdetegi hau dantzaren mundu profesionalari, eta dantzako profesionalen artean mota batekoei (batez ere dantza garaikidean eta ikuskizunen munduan dabiltzanei) zuzenduta dago, baina dantzaren errealitatea hori baino askoz ere zabalagoa eta anitzagoa da, eta begirada estu horrekin ezin sektorea behar bezala behatu. Mundu oso bat dago hainbat dantza motaren irakaskuntzan, transmisioan eta sustapenean dabilena, batzuk profesionalki, beste batzuk ordukako dedikazio profesionalarekin eta beste askooooo bolondres moduan, eta lan ikaragarria egiten dutenak baina darabilzuen mikroskopioaren plaketan sartzen ez direnak. Jardun profesionalaren zati handiena ez dago identifikatuta dantzako profesional moduan, eta horrez gain, jardun amateurrak esan nahi du jendeak ez duela kobratzen egiten duen lanagatik, baina horrek ez du esan nahi jendeak ez duenik ordaintzen jasotzen duen dantza-produktuengatik eta modu batera edo bestera, jardun amateurrak baliabideak eta dirua ere mugitzen du, eta ekonomikoki ere kuantifikatu daitekeen jarduna da. Uste dugu badela ordua dantzaren sektorea bere dimentsio osoan behatzeko eta darabiltzazuen tresna estu eta gutxituak begirada zabalago eta inklusiboago batekin ordezkatzeko.

Oier Araolaza on Naziak, svastikak eta euskal dantzak

2022/04/22

Mila esker egindako lan honengatik Anartz. Argazki horietako batzuk gordeta genituen, zuk hain ongi deskribatu diezun testuingururik gabe ateratzeak nahasmena eragin zezakeela pentsatua, eta zuk dena egin duzu orain, zuzen eta argi, argazki sorta osatu, datak, tokiak, taldeak eta ekitaldiak identifikatu, eta batez ere, zer girotan izan zen argitu, ezer zuritzeko asmorik gabe, baina gauzak dagozkien testuinguruan kokatuz.

Eta eskerrik asko zuri ere Xabier, Zarauzko Folklorearen izenburupean euskal folkloreaz egin zenuten azterketa bikain horretan testuinguru hori ere jaso zenutela gogoraraztearren. Erreferentziazko lana izan zen, etengabe baliatzen duguna dokumentantzeko eta orain ere guztiz baliagarri gertatzen dena.

Eta behin meloi hau irekita, orain agertutako irudiekin batera gordeta ditugun beste batzuk ere agertzeko unea izan liteke. 1939an, Jose Lorenzo Pujana gidari dela, Donostian, Konstituzio plazan egindako dantza-ekitaldi baten hiru argazki hauek, Pascual Marinen funtsekoak hauek ere.

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-001

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-002

https://dantzan.eus/[…]/donostia-1939-konstituzio-plazan-dantzak-003

Bigarren argazkian, eskuma aldera San Joan festarako Konstituzio Plazan jarri ohi den arbola ikusteak pentsa-arazten dit festa hori ez bada horren inguruan izan zitekeela. Pujanaren joera karlista ezaguna da, baina dantzari taldearen, ekitaldiaren eta ospakizunaren nondik norakoak, alegia, testuingurua ezezagunak zaizkit niri behintzat.

Oier Araolaza on Aurreskulari eta emakume, herriak nahi al gaitu?

2021/09/24

Genero-bazterketa argia da hemen agertzen dena eta eskerrak eman nahi dizkizu(e)t salaketa hau egin eta ezagutzera emateagatik, horren inguruko kontzientzia zabaltzen lagunduz. Nire elkartasun eta babes osoa adierazi nahi dizu(e)t.

"Argazki perfektua zuriz eta gorriz jantzitako gizonezko dantzari batek osatzen du" esaldian "gizonezko" kategoria ezabatzea izan behar da helburua eta "zuriz eta gorriz jantzitako dantzari" baten ideia nagusitzea, dantzariaren generoa kontuan hartu gabe. Hain zuzen, "Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" lanean bada atal bat janzkera zuria eta dantzaren arteko lotura estua agerian jartzen duena eta emakumeek ere argazki hori gorpuzten zutela agertzen duena. Horren inguruan gogoeta egitea dagokigula uste dut, aurreskua genero gabeko dantza dela aldarrikatzearekin batera, janzkera zuri eta gorriak ere generorik ez duela agerian jarriz.