Errauskailu bat Eibarren
Eibarren errauskailu bat behar dugu. Hondarribian edo Donostialdean nahi ez duten hori, Eibarren nahi dugu. Oihuka ari gara eskatzen errauskailua Eibarren, bai zaborraren kudeaketaren arduradunek eta bai herritarrok ere.
Gure auzoan orain gutxi lehengo kontenedore zaharrak erretiratu eta lurrazpikoak jarri dituzte. Kanpora begira itxura hobea ematen dute, posta buzoi batzuen antzekoa.
Guztira 11 edukiontzi berri jarri dituzte. Hasieran banaketak harritu egin ninduen. Bat beiratarako (berdea), beste bat papererako (urdina), beste bat plastiko eta bestelako ontzietarako (horia) eta zortzi, bai 8, gainontzeko zaborrerako. Etxean zaborra bereizten duen edonork badaki papera, kartoia, plastikoa, bestelako ontzi motak eta kristala aparteko poltsatan jarriz gero, oso zabor gutxi geratzen dela bereizi ezin den zaborraren poltsarako: janari hondakinak eta sailkatu ezinezko zabor berezi batzuk.
Inguruko zabor-ohiturei erreparatu eta berehala ohartu nintzen, zabor-kudeatzaileek gure ohitura horietan oinarrituko zirela banaketa desorekatu hori egiteko. Jendeak paso egiten du erabat zaborra banatzeaz: "rollo bat da", "ez daukat tokirik", "ez dakit zer sailkatu behar den", "bai, egin beharko nuke, ea datorren urtean...". Hori bai, inoiz inori okurritzen bazaio zabor errauskailu bat Eibarren jartzea, orduan bai eibartarrok demostratuko dugu ez dagoela munduan ingurugiroaz gu baino gehiago arduratzen denik eta Txankete baino tinkoago eutsiko diogu ingurugiroaren aurkako erasoari.
Zaborraren kudeaketaren arduradunak gustura egongo dira. Askoz lan politagoa da errauskailu handi eta eder bat eraikitzea, jendearen zakarrak sailkatu eta birzikletzen saiatzea baino. Zaborra ez bereiztea nolabait zigortu egin beharko litzateke. Ez dago multak jartzen hasi beharrik. Nahikoa litzateke bereiztutako zaborra jasotzeko edukiontziak nonnahi eta denon eskura jarri, eta besteak aldiz, gutxi eta etxetik urrutik jartzea. Orain egoera kontrakoa da, eta penalizatuta gaudenak zaborra bereizten dugunak gara.
Eta kudeatzaileek hori sustatzeko ahaleginik egin ez arren, beraien aurreikuspen txikiak ere gainditu ditugu. Ikusi bestela zer gertatzen den gure auzoko edukiontzi eleganteetan. Papera eta ontzien edukiontziak gainezka, eta sailkatu gabeko zaborrarentzako edukiontzi lerro luzea txukun asko, dena jasotzeko prest.
Alperrik ari gara lata ematen. Hobe dugu bereizketa alde batera utzi eta errauskailuaren aldeko plataforma sortzea.
Errauskailu bat Eibarren mesedez!
