Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Entzuten ikasi

Dokumentuaren akzioak

Entzuten ikasi

2007/11/22 12:53
Azken asteotan Donostian, Gasteizen eta Iruñean hitzaldi eta mahainguruetan parte hartzea egokitu zait. Donostian, Ikasbide elkarteak gonbidatuta "Euskal dantza bidegurutzean" izeneko txapa bota nuen, Gasteizen Folklore Akademiako ikasleei dantza maisuetaz hitzegin nien, eta Iruñean, Ortzadarren jardunaldietan, folklore erakundeen iraganez, orainaz eta geroaz aritu ginen Emilio Xabier Dueñas, Mikel Aranburu eta hirurok.

Horrelakoetarako aurkezpenak prestatzeak lanak ematen ditu, eta lan-bolada gaiztoak tokatuz gero damutu ere egiten naiz baiezkoa eman izanaz. Baina pasatakoan merezi izan duela pentsatzen dut. Gai jakin horien gainean ditudan ideiak ordenatu, birpentsatu, kolokan jarri eta nire lana egituratzen duen diskurtsoa sendotzeko mesedegarriak gertatzen dira. Batetik, norberak gogoeta egiten duelako, eta bestetik, besteen ideiak eta ikuspuntuak entzuteko aukera izaten delako.

Donostian entzule talde anitza aurkitu nuen. Ikasbide elkarteko lagunen artean dantzari ohi batzuk zeuden, baina dantzarekin inolako loturarik gabekoak ere bai, kontaktu lanak egin zituen Aitor bera tarteko. Horien erantzun eta ikuspuntuak, alorreko jendearengandik nahiko aldentzen dira, eta distantzia horrek interes berezia ematen die. Hitzaldia bukatu nuenean bakoitzak bere iritzia emateko txanda ireki genuen (12-15 lagun ziren) eta denek izan zuten zerbait esateko. Ados zeudenek beren ekarpena egin zituzten diskurtsoa osatzeko eta erabat konforme ez zeudenek ikuspuntu propioa eskaini zuten. Benetan asegarria gertatu zitzaidan.

Gasteizen Folklore akademiako ikasle, irakasle eta dantzariek ekarpen interesgarriak egin zituzten. Pedro, Jon, Elena, Marta, Janire eta konpainiak bere eskarmentua eta bizi izan dituzten gora-beherak gogoratu zituzten. Dantza-maisu terminoa eta generoa uztartzeko modua aurkitu behar dugula konturatu nintzen dantzari batek egindako gakdera kritikoari esker. Carmen Ereñok, EHUn, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean gorputz adierazpena ikasgaia ematen duen irakasleak, biktimismoak alde batera utzi eta zirrikituak erabiltzen hasi behar garela esan zigun. Bere ustez kirolaren esparruan aurki dezakegu dantzariok gure formaziorako txokoa. Ez ninduen konbentzitu ideiak, baina zer pentsatua eman zidan.

Iruñean, Emilio Xabier Dueñasek dokumentazioa eta zorroztasuna beharrezko ditugula gogorazi zidan bere aurkezpenarekin. Mikel Aranburuk maisuki marraztu zuen dantza taldeon argazkia, eta ezagutzan eta analisian ezezik, sintesi eta aurkezpen lanetan zenbat daukadan ikasteko gogorazteko lezio bikaina izan zen. Ondoren, mahaingurua hartu zuen aretoan eta baita ondoko afari-dantzaldia hartu zuen sagardotegian dantzari eta dantzazale jendearen iritziak biltzen jarraitu nuen: Juan Pedro Aramendia, Juan Carlos Ornat, Joseba Altube, Mikel Goitia, Jokin Otamendi, Ortzadarreko jendea (Mikel, Iñaki, Gotzon,..) Batzuk diskurso oso bat agertuz eta beste batzuk iritzi azkar baina zorrotz bat eskainiz, baina esandakoen eta esan gabe geratu ziren kontuen inguruko ikuspuntuekin aberastuta itzuli ginen etxera.

Badaukat damu bat ordea. Gehiegi hitzegiteko ohitura dut eta hitz gehiegi behar izaten ditut gauza gutxi esateko. Nireak esan ondoren besteenak entzuten adi egoten jakin nahiko nuke, baina ez dakit, eta nik ere hitzegiten jarraitzen dut. Ondorioz, besteen esanei denbora kentzen diet, eta gero kezka horrekin etxeratzen naiz, "zer esan nahiko zuen horrekin?", "Hasi da zerbait esaten eta eten egin diot...", "nik nireak esateko nahikoa denbora izan badut, zergatik hitzegin dut horrenbeste bestei zegokien denboran??".

Entzuten ikasi, entzuten ikasi. Badaukagu ordua eta.

Dokumentuaren akzioak

aritz
2007/11/22 13:52
Niri kontrakoa gertatzen zait, asko entzun eta zerbait esan behar dudanean zer esan ez jakin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.