Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Banakako dantza txapelketak

Dokumentuaren akzioak

Banakako dantza txapelketak

2004/02/23 00:00

Azken urteotan aurresku eta doinu zahar txapelketetan parte-hartzaile kopuruak behera egin duela eta, inkesta bat helarazi du dantza taldeetara Irungo Kemen dantza taldeak. Dantzariek horrelako txapelketetan zergatik ez duten parte hartzen jakin nahi dute galdetegiaren lehen zatian, baina bigarrenean, txapelketei buruz oro har dagoen iritzia, eta horrelako txapelketen desagertzeak Gipuzkoako dantzari kalterik ekar diezaioekeen galdetzen da, besteak beste. Azkenik, taldeen arteko txapelketa batek izan dezaken harrera ezagutu nahia agertzen dute Kemen-ekoek.

Gainbeheran datorren sistema baten erradiografia egin eta beranduegi izan aurretik neurriak hartu edo eskaintza aldatzeko jarrera erakutsi dute Kemen-en, eta alde horretatik poztekoa da.

Galdetegia, laukitxoak betez osatzeko moduan planteatuta dago, eta horrela bete dugu gure taldean ere, baina hara... azken galderaren ondoren inkesta itxietan lotuantzean moldatzen garenontzat zirrikitua ireki diguzue “Bestelako iritziak, komentarioak, iradokizunak...” izeneko ataltxoarekin. Leiho ireki aproposa BAI/EZ edo Ados/Batere ados oposizio sistema kolorge eta estrukturalistetara deseroso makurtzen garenontzat.

Azken urteotan txapelketen inguruan entzun, bildu eta esandako batzuen salda egingo dugu datozen lerrootan. Horietako asko posta zerrendan joan dira egosten, eta beste batzuk, une egokiaren zain geratu dira hozkailuan, baina gaurkoan, osagai guztiekin salda beroa egiteko asmoa dugu eta jar dezagun beraz lapikoa sutan.

Inkestan “Banakako txapelketak” dira aztergai jartzen dituztenak Kemen dantza taldekoek. Hasieran pentsatu nuen dantza solteko txapelketengandik bereizteko zela hori, izan ere, dantza solteko txapelketen inguruan iritzi zorrotz eta ezkorragoak aurkitzeko aukera zegoen. Baina, inkestan aurrera egin ahala “banakako txapelketa” termino hori erabiliz beste txapelketa mota batetarako atera irekita utzi nahi zutela ohartu nintzen: “taldekako txapelketak”. Beraz, banakako txapelketak gainbeheran daudela ikusita, eta 2003ko udan EDBk Iparraldean antolatu duen dantza berrien lehiaketa, taldekakoa izanik, partehartze eta ikusleen aldetik jaso duen erantzuna ikusita, iruditu zait, akaso XX. mendeko zenbait hamarkadatan oso ohikoak izan ziren dantza taldeen txapelketak antolatzen hasteko aukerak aztertzen ari direla Irungo lagunak. Baina horiek nire iragarle-jolasak dira. Kemen-etik banakako txapelketei buruzko iritzia galdetu digute, eta horri erantzungo diogu orain.

-Orokorki, zer pentsatzen duzue banakako txapelketei buruz?

Horixe galdetzen du inkestak bere 8. puntuan. Eta erantzuna zenbakitan, 1-etik 5-era emateko argibideak:

-Dantza maila hobetzen dute. Oso Ados 5 4 3 2 1 Batere Ados

Nik 4 jarri dut. Baina horrez gain zerbait gehiago esan nahiko nuke. Oro har esan daiteke txapelketetan parte hartzen duten dantzariek beren teknika hobetzen dutela. Zehatzago izateko, teknika konkretu bat hobetzeko baliagarriak gertatzen dira, leihak motibatu egiten baitu zenbait dantzari eta txapelketan baliagarri izango zaion teknika zorrozteko lan handia egiteko prest izaten baita. Baina hara zergatik ez ditudan gustuko erantzuna zenbakitan adieraztera behartzen nauten inkestak. Erantzuna arrazoituz idatzi ahala jarri dudan zenbakiaren damutzen hasi naiz. Orain 3 jarri nahiko nuke. Ez dut aldatuko tatxoirik ez egiteagatik, baina orain hori dut buruan. Izan ere, dantza maila asko hobetzen dutela zalantza jartzen hasita nago. Zerbait hobetzekotan teknika hobetzen lagun dezakete. Baina teknikaz gain, dantza ondo egiteak beste hainbat dohain eskatzen dituela kontuan hartu beharko litzateke txapelketetan.

Dantzari on bat ez du teknikak bakarrik egiten. Teknika behar du, baina hori bezain garrantzitsuak diren beste hainbat dohain baita ere. Espresibitatea, jendaurrean egoten jakitea, dantza eta urrats bakoitzari karakter egokiak ematea, dantzakera azken batean. Eta horietako batzuk akaso laguntzen du hobetzen txapelketak, baina ez halabeharrez.

Txapelketek teknikan egiten duten fokalizazioari buruzko kezkak ez dira ez gaurkoak ez dantzaren alorrekoak bakarrik. Bertsolari txapelketaren aitzakitan iritzi-truke interesgarria izan zuten prentsan Hasier Etxeberria idazleak eta Unai Iturriaga bertsolariak. Hasier Etxeberriak Argia astekarian idatzitako artikuluan dantza txapelketen adibidea erabili zuen bere argudioak sendotzeko.

"Dantza solteko edo aurresku lehiaketetan aspertu egiten naute oholtza gainean ikusten ditugun dantzari garatu horiek. Perbertsioa izan liteke, baina nik nahiago dut inperfekzioa. Nahiago dut dantzan ikusi herren bat, haur bat edota amama potola bat, plazaren erdian edo ezkontza ondoko festa batean, oholtza gaineko atleta perfektu horiek guztiak baino. Errepikakorra eta sorpresa gabekoa egiten zait lehiaketako ikuskizuna. Gauza bertsua gertatzen zait bertsolariekin ere." Hasier Etxeberria, Argia, 2002-02-15

Urtebete beranduago, Gipuzkoako Bertsolari txapelketaren aitzakitan Karlos Aizpuruak bertso-adituak heldu zion berriz gaiari:

"(...)Dantzan, txistuan eta beste kultur esparruetan bezala, bertsolaritzan ere teknikaren gailurrera heldu gara, baina badirudi horrek hoztasuna ekarri diola mamiari, esateari, nor izateari. Nor izatea bertsoaren teknika gainditzen duen zerbait da. Teknikoki arras bertso ona dena ez zaigu iritsiko, oso bertso ona izanik ere, bertsoaren atzean pertsona sumatzen ez badugu. Eta alderantziz; teknikoki hain ona ez den bertso batek era bateko edo besteko zirrararik eragingo digu bertsoaren atzean nor bat sumatzen badugu. (...)" Karlos Aizpurua, Egunero, , 2003-04-09

Benetan auzi interesgarria da. Hasier Etxeberriak berak aitortzen duenez ulertzekoa da "horretan dabilenarentzat ezinbestekoa izatea teknikaren lanketa". Baina horrek ezin du ezkutatu teknikaren zorroztean gertatzen den espresibitate galera. Nafarroa edo Bizkaialdeko dantzariekin hitzegiterakoan maiz agertzen dute kezka hori Gipuzkoako dantzariekiko. Teknika zorrotza bai, baina dena berdin dantzatzen dutela. Bestetik begibistakoa da teknikaren kalteak beti parekoaren lanean ikusten ditugula. Hau da, Etxeberriak dantzari begiratzen dionean nahiago du inperfekzioa, baina pentsatzekoa da literaturari begiratzen dionean ez dela hain eskuzabala izango eta ez dituela teknika gabezia eta inperfekzioa hain erraz barkatuko.

Beraz, teknika hobetzeko balio dute txapelketek, baina ez dago argi hori dantzaren maila hobetzekoa nahikoa den. 3-koa eutsiko diot hala ere, horrekin batera egia baita txapelketetan murgiltzen diren dantzariak kasu askotan asko barneratzen direla dantzaren munduan, barruragotik bizitzen dutela, eta oro har gehiago ikasteko interesa erakusten dutela. Eta horrek dantza maila hobetzen duelakoan, ba horixe, 3-koa.

-Interesgarriak dira Oso Ados 5 4 3 2 1 Batere Ados

Interesgarriak izan daitezke dantzari batzuk motibatzeko, baina hori “baliagarria” dela esango nuke “interesgarria” baino gehiago.

-Gustukoak dira ikusteko Oso Ados 5 4 3 2 1 Batere Ados

Aitor dezadan, batzuetan eskertzen da zenbakien hoztasuna: 1 . Gaur egun aurresku eta doinu zahar txapelketak egiten diren bezala, ez dago ezer aspergarriagorik!

Badira zenbakiekin puntuatzeko atal honetan beste zenbait galdera, baina aurrekoa bezala iruzkin handirik merezi ez dutenak, eta beraz, ataleko azken galderari helduko diot, nire ustez, garrantzitsuena denari.

-Dantza mundurako baliagarriak dira Oso Ados 5 4 3 2 1 Batere Ados

Bai, baliagarriak dira. Baina hala ere nik 2-koa baino ez diot jarri. Zergatik? Zalantzak ditudalako balizko balio horiek positiboak diren ala ez. Baina goazen poliki-poliki. Zertarako dira baliagarriak? Maila hobetzeko zalantzazkoa dela esan dugu, teknika zehatz bat hobetzeko onartu dugu baietz, baina horrez gain?

2001-07-25 Euskaldunon Egunkaria. Galdeoizu. Aiert Beobide

-Zenbait dantzarik askotan esaten duzue txapelketak ez direla dantza bultzatzeko era egokiena. Ordea, bertan parte hartzen duzue eta horrek ematen duen izenaz baliatzen zarete. Zuei dantzarioi baliagarriak zaizkizue lehiaketak? Ba al dute funtziorik? Mikel Iturrioz (Ordizia)

Aiert Beobide: Ez nuke esango, eta inoiz esan badut zuzendu nahiko nuke, txapelketak dantza bultzatzeko era egokia ez direnik. Aldiz txapelketak eta hauek nola funtzionatzen duten askotan kritikatu izan dugu dantzari askok. Alde batetik, aurresku txapelketak dantza egiteko era bakar batera bultzatu ditu dantzariak zonalde ezberdinetan zeuden dantza moduak desagertzera bultzatuz, bestalde txapelduna gehiegi onetsi eta besteak inor ez balira bezala tratatzen dira eta honek dantzari asko erre eta txapelketetaz aspertu arazi egiten dituzte. Baina, bai, alderdi onik ere badute, teknikoki dantzaren hobetzea izugarria da eta aurreskulari batek bere burua ezagutzera emateko era bakarra da.

Dantza txapelketak eredu sortzaile

Horixe da nire ustez dantza txapelketek jokatzen duten funtzio garrantzitsuenetako bat. Dantza ereduak finkatu eta hedatzeko tresna apartak dira. Dantza eredu horiek izan dezakete jatorri bat edo beste, edo besterik gabe txapelketan bertan, eta txapelketarako, sortu eta borobilduak dira. Baina txapelketetan ereduak finkatu, itxi, hezur-mamitu egiten dira, eta ondoren eredu horiek zabaltzeko indar handia dute txapelketek. Urrats berria dela, dantzakera dela, herriz-herri emandako hamaika ikastaro baino eraginkorragoa da txapelketa batean bultzatzea.

Ahalmen hori tresna interesgarria da zorroztasunez eta zuhurtziaz erabiltzen denean, eta izurrite sortzaile agortezina azkar usteko sasijakintsuek maneiatzen dutenean. Azken hamarkadetan, Gipuzkoako banakako txapelketetan, dantzaren ikuspegi zatitzaile, lerratu, aratz eta biluzi batean oinarrituta, gimnasta perfektu, zurrun eta hotzaren neurrira iritsi arte joan da eraldatzen aurresku eta doinu zahar dantzarien eredua. Gipuzkoan bertan bospasei herri eta eskola baino ez dira makurtu dantzaren perbertsio horretara, baina hala ere, ereduak sustatzaileen zirkulua gainditu du eta txapelketek berezkoa duten funtzioa eraginkor abiaraziz, eredutzat sustraitu da.

Eta hori gutxi balitz, ergelkerien lehian abantaila hartuz, txapelketa horiek ofizialtasunez eta lurraldetasunez loratzeko ahaleginetan nabarmendu dira. Adibidez, Pasaian aurresku txapelketa jokatzen da urtero, eta Pasaiko Txapelketa nahikoa iruditu ez, eta *“Euskadiko gipuzkoar” izena darama. Hau da, "Pasaiko Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa"*.

Izen luze bezain irrigarri horrek, sortutako ereduaren etiketa zein den adierazten du. Pasaian jokatzen da, Euskadiko txapelketa da eta Gipuzkoar eraku aurreskua dantzatu behar da. Eta hor sartu digute dagoeneko lehen arraina, ustezko gipuzkoar aurresku tradizioaren arabera dantzatu behar dela hor. Eta ustezko diot, Gipuzkoa probintzia txikitxoa bada ere, tradizio anitzekoa delako, eta Gipuzkoako dantzari guztiek ez dutelako tradizio horren arabera dantzatzen, ez lehen eta ez orain.

Patxi Beitia, Eibarko aurreskularia, makina bat aurresku txapelketatan ibili zan 50eko hamarkadan. 1956an, Arrasaten egin zen txapelketa batean izan zen. Hura ere Euskadikoa edo Euskal Herrikoa edo dena delakoa omen zen. "Presentau giñan hogetalau aurreskulari, bilbotarrak, Bittorixakuak, donostiarrak be bai, jo, Goizaldi guztia ixa. Lehelengo etara eban Antonio Romero bilbotarrak, fenomenua zan". (Patxi Beitia, Gregorio Santa Cruz dantza maisua, Ego Ibarra 1998.)

Bilbotarra txapeldun beraz, eta segida honakoa izan omen zen:

  1. Antonio Romero, bilbotarra
  2. Iñaki Gordejuela, Donostiako Goizaldi-koa
  3. Garmendia, hau ere Goizaldikoa.
  4. Patxi Beitia, eibartarra, Kezka-koa.
  5. Juan Manuel Oronoz, Goizaldikoa.

Goizaldiko hirukotea Candido Pujanaren ikasle izandakoa zen, eta egungo "Gipuzkoar tradizioaren" arrastoa gaurdaino iritsi izanaren arduradun nagusia. Nekez uler daiteke egungo Gipuzkoako dantzen teknika maila Gordejuela eta Oronoz-en lana kontuan hartu gabe. Baina orduan aurreskuaren interpretazioa modu askeagoan egiten zen, ze Romero bilbotarra-ren trebezia alde batera, dantzari tekniko eta bikain horien artean, naturaltasun osoz "kolatu" baitzen Beitia alproja. Zein tradiziori jarraitzen zioten Eibarren aurresku kontutan eta nola egiten zuen dantza Beitiak? "Libria, nik libria beti egin dot, sasikua esateko, apurtxo bat donostiarra, bilbotarra ta puff, nahastekua".(Gregorio Santa Cruz dantza maisua, Ego Ibarra 1998)

Gaur egun ezin daiteke horrelako txapelketa bat imajinatu. Gipuzkoako txapelketetako epaileek puntuazioetarako antolatuta dituzten urrats zerrenda, baremo, laukitxo eta puntuazio sistema guztiak hankaz gora joango lirateke Patxi Beitia edo Antonio Romero-ren lanak epaitu beharko balituzte. Izan dira sistema horren txepelkeria agerian uzteko saioak. Orain urte batzuk Tolosako Udaberri dantza taldeko dantzari batzuk Tolosan San Juan egunean dantzatzen duten aurreskua dantzatu zuten Pasaian. “Dantza maila” bikaina zuten haietako batzuk, baina epaileek ezin egokitu tolosarren dantza beraien paper kuadrikulatuetan, eta beraz, beraientzat izan ziren azken postuak. Tolosako dantzariak, Zumarragakoek, Itziarkoek... ez dira inoiz Euskadiko Gipuzkoar Aurresku txapeldun izango beraien dantza egiteko moduari uko egin eta txapelketerako hautatu eta eraldatu den eredua erabiltzen ez duten bitartean. Dantzari onaren irudia txapelketetako ereduarekin identifikatzea lortu dute.

Dantza txapelketak izenen bultzatzaile

Dantza txapelketek jokatzen duten beste funtzio bat izen berriak zirkulazioan jartzen dituela da. Edozein arte alorretan txapelketen funtzio nagusia horixe izaten da, talentudun artista eta sortzaile gazteak ezagutzera ematea komunikabide, erakunde, argitaletxe, bitartekari, programatzaile eta ikusleek haiek berri izan, eta bere jarduna bideratzeko ateak ireki ahal izateko.

Kontu honetan azpimarratzekoa da euskal dantza tradizionalaren alorrean oso beharrezkoa dela dantzarien izen propioen aldarrikapena. Izan ere, dantza talde gehienetan indibidualtasunak taldekeriaren itzalean ezkutatzen dira, eta dantzari tradizionalen anonimotasuna sustatzeko dagoen ohitura horrek, dantzariei eta dantza taldeei egiten die kalte. Taldeak oso garrantzitsuak dira, baina atzean pertsonak daude, iritzi eta egiteko modu desberdinekin.

Komunikabide, erakunde eta agente kulturalek mediatikoki zirkulazioan dauden izenengana jotzen dute dantzarekin lotutako edozer gauza behar dutenean. Beste edozein alorrekin konparatuz gero, oso nabarmena da dantza tradizionalaren alorretik oso izen propio gutxi jarri direla zirkulazioan. Dantza tradizionaleko agente, talde eta abarrekoen ardura da izen propioz elikatzea komunikabide-erakunde-kultur agente sistema, baina horrekin batera txapelketak dira horretarako tranpolina, eta tranpolin hori ahalik eta balore berri kopuru handienarentzat baliagarri gerta dadin saiatu behar da.

Ikuspuntu honetatik Gipuzkoan jokatzen diren banakako txapelketetan tranpolina erabiltzeko aukeran diren dantzari potentzialen kopurua oso murritza da, dantzari gazteak horretara bideratzen dituzten dantza eskolak oso gutxi izateaz gain txapelketak berak proposatzen duen dantzari eredua oso hertsia delako. Beraz, dantzaren aniztasunari eta aberastasunari bizkar emanez, molde estu eta bakar batekin ebakitako dantzariak (eta figurak –mediatikoak, behintzat-) ari da plazaratzen txapelketa, eta horiek ere tantoka-tantoka. Nesken kasuan oraindik larriagoa da kontua, inolako oihartzunik eskuratu ez duten txapelketak direlako, eta izen berriak ezagutzera emateari dagokionez inolako arrakastarik izan ez denez erabateko porrota gertatzen ari direlako.

Gainera, Gipuzkoar erako aurresku txapelketa “Euskadiko” bezala iragartzeak beste herrialdeetako txapelketak erabateko itzalpera kondenatzen lagundu du. Noski, horren ardura nagusia beste txapelketa horien antolatzaileei dagokie, baina batek bereganatu duen ofizialtasun faltsuak ez dio bestearen hedapenari batere laguntzen. Bizkaian ere jokatzen da Bizkaiko aurresku txapelketa, baina bertako irabazleak ez dira existitzen mediatikoki eta ez ditu inork ezagutzen. Gipuzkoarrek egiten duten gauza bera egin beharko lukete bizkaitarrek?, "Euskal Herriko bizkaitar erako aurresku txapelketa" izena jarri? Total, txapelketa igoal-igoala egin, eta txapeldunak Euskal Herriko txapela jarri. Ez dauka ba zergatik Gipuzkoar erakoa baino gutxiago izan bizkaitar erakoak...

9-Banakako dantza txapelketak egingo ez balira, Gipuzkoako dantzarentzat atzerako pausu bat izango dela uste duzue?

Bi horiek dira, “eredu sortzaile” eta “izenen bultzatzaile”, dantza txapelketa batek izan ditzakeen bi funtzio interesgarri. Baina nire ustez gaur egun euskal dantza tradizionalean antolatzen diren txapelketek, ez banakakoek, ez binakakoek, ez taldekakoek, ez dituztenez funtzio horiek behar bezala betetzen, lasai esan dezaket beraz, zer erantzun dudan 9. galderan: EZ.

Enrike Izagirre lagunak hainbat ohar egin dizkio testu honi, eta gehienak zuzendu-gehituta daude, baina azken hau bere horretan jartzekoa iruditu zait. “Txapelketak bihar ete diran? Izenak emoteko eta eusteko, bai, eta txapelketa potentiak gaiñera, ez herri bakoitxian bat. Beste alde batetik, baztertziok-eta (eta latzagua, jente korrientiari siñistu eraitxia haxe dala dantza ona, ein bihar dana eta abar) gogorrak ditxuk, eta pentsatzen juat heure idatzi horretan expresamente aitxatu bihar heukiala txapelketen alderdi nagusixenetakua negatibua dala, horrek baztertze eta konpleju sortze fenomenuak”.

Taldeen arteko dantza txapelketa batean parte hartuko genukeen galdetzen zaigu 10. galderan. Momentuz ez daukat erantzunik horrentzat. Ez dakit. Ikusi beharko. Baina, hori baino lehen, ez banakakoak ez taldekakoak, binakakoak diren txapelketei begiratu bat eman beharko diogula uste dut. Hor ere hasi dira gainbehera zantzuak agertzen, eta dantza solteko txapelketen inguruan ere lerro batzuk idatzi eta ideia batzuk garbira pasatzeko aukera izan daiteke.

Oier Araolaza 2004-02-24

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.