Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Agur Jose Inazio

Dokumentuaren akzioak

Agur Jose Inazio

2017/05/18 08:55
Agur Jose Inazio

Jose Inazio Sarasua. Argazkia: Jesus Mari Sarasua.

Argia aldizkariaren orriotan argitaratutako artikulu guztiak irakurri eta estimatzen zenizkidan, eta orriotatik bidali nahi dizkizut esker on hitzak. Kultur sistemaren bazterreko eremuetan, maiz gutxietsiak diren horietan, kulturaren sustapenean eta antolaketan nabarmendu zara, eta euskal kulturari egin diozun ekarpen oparoa azpimarratu eta eskertu nahi nuke agur hitz hauen bidez.

Zure txistuaren lehen notak entzun orduko bularra atera eta hamar zentimetro egiten genituen gora dantzariok; hazita ateratzen ginen dantzara. Txistua indartsu, distiratsu jotzen zenuen, eta modu berean dantzatzera bultzatzen gintuzun. Bizi-bizi sentzilloetan, notak luzatuz jira osoko lasterketan eta pazientziaz kabrioletatik zangoak lurreratzeko zain; musika dantzaren zerbitzura jartzen zenuen, guretik onena emateko bidea irekitzen zenigun dantzarioi; danbolinarekin laguntzen gintuzun une zailetan eta txistuari txinpartak ateratzen zenizkion dantzarion pasarte traketsetan.

Ogibidez diru-kudeaketan aritzen zinen, eta hara, zehaztasun bera aplikatu zenuen dantzaren antolaketan. Harrituta ikusi zintugun enpresa kudeaketa-modu berritzaileak dantzaren, musikaren eta kulturaren antolaketan erabiltzen. Futbol jokalari entzutetsuen pareko baliabideak, mimoak eta atentzioak eskaintzen zenizkigun dantzarioi bereziki, eta kulturgileei oro har. Profesionalen eta amateurren arteko bereizkeria maltzurrak egiten diren bakoitzean akordatzen naiz zurekin Jose Inazio. Ez dut sekula profesionalik ezagutu zuk erakutsitako perfekzioa nahiarekin eta ahalarekin lan egiten duenik. Edozein eremutan sartuta ere, ondo ez, bikainetik gora zen gauzak egiteko ezagutzeko zenuen modu bakarra.

Borborka jariatzen zenuen konfiantza eta babesarekin, dantzari eta txistulari belaunaldi oso bat goi mailara eraman zenuen. Aitzindari eta ausarta zinen, eta musika eta dantza tresna xumeak estu baliatuz gure emariaz harro senti arazi eta anbiziokoak izaten lagundu gintuzun. Zure lan-diziplinak, eskuzabaltasunak eta neurri gabeko atentzioak hunkituta, bizitza-ibilbidea bera dantzaren eta musikaren mundura lotu izana zor dizugu zenbaitek. Dantza, denbora pasa gozagarria izateaz gain, euskal kulturaren adierazpen garrantzitsua dela sinestarazi zenigun, eta agerraldi xumeena ere, gure kulturaren ordezkari izatearen ardurarekin eta duintasun gorenarekin betetzen erakutsi zenigun.

Agur Jose Inazio, agur. Agur eta ohore.

*Jose Inazio Sarasua Garate, Elgoibarko txistulari bandaren eta Haritz euskal dantzari taldearen zuzendaria, musika, dantza, euskal kulturaren eta kirolaren hainbat talde, elkarte eta ekitaldiren zuzendari eta antolatzaile aparta, pasa den apirilaren 11n zendu da 60 urterekin.

Argia astekaria, 2017-05-14

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.