Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza ADDEko bazkide egin naiz

Dokumentuaren akzioak

ADDEko bazkide egin naiz

2008/04/23 13:00
Asociacion de Danza – Dantza Elkartea da ADDE, Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionala. Dantza alor desberdinetatik jorratzen duten kideak biltzen ditu elkarte honek: dantzariak, sortzaileak, kudeatzaileak, irakasleak… eta dantza mota desberdinetako kideak biltzeko asmoarekin sortu da. Dantza garaikide eta klasikoko jendeak bultzatu du, baina uste dut dantza tradizionalean gabiltzanok ere parte hartu beharko genukeela elkarte horretan.

Zergatik?

Badira hilabete batzuk martxan jarri zela ADDE eta luzaroan hausnartu dut elkarte berri horretan izena eman ala ez. Euskal Herrian dantza desegituratuta dago, elkarte gutxi eta ahulak ditugu, eta horrek ez du batere laguntzen dantzaren egoera kaskarra iraultzen. Beste eskualde batzuetan elkarte sendo bat izateak asko lagundu du sektorea bera dinamizatzeko orduan.

Orain arte ezagutu ditudan elkarte gehienak sektorearen alderdi zehatz bati begiratzen zioten. Batzuk dantza tradizionala, edo garaikidea, edo klasikoa soilik hartzen zuten kontuan. Beste batzuk lurralde zehatz batera mugatzen ziren, Gipuzkoara bakarrik, edo Arabara…

ADDEk muga guzti horiek gainditzeko borondatea erakutsi du. Euskal Herri osoa izango du jarduera esparru eta dantza mota guztiak hartuko ditu kontuan. Beraz, hau ez da gai zehatz baten inguruan jarduteko elkarte bat, hau DANTZAREN ELKARTEA da, hitz larriz. Horrelako baten beharra geneukan eta uste dut elkarte hori indartzeko modua bertan egotea dela.

Ez da bateraezina

Elkarte batean egotea ez da oztopo beste batean ere egoteko. Nik Eibarko Kezka dantza taldean egiten dut dantza, baina Argia eta Haritz taldeetan ere bai (ahal izan dudanean behintzat). Ikerfolk elkartearen dinamikarekin bat egiten dut eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide naiz Kezka dantza taldearen bidez. Baina, horiez gain, orain Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionaleko kide naiz. Onartu baldin banaute behintzat ;-)

Profesionala?

Elkarte Profesionala dela dio ADDEk bere aurkezpenean. Horrek zer pentsatua eman dit luzaroan. Dantzaren alorreko profesionalen elkartea dela esan nahi du horrek? Zer da dantzaren profesionala izatea? Dantzatik bizitzea bada, uste dut oso gutxi izan daitezkeela hemen eta orain dantzaren profesionalak. Baina dantzatik baino dantzarako bizi gara hemen asko, eta uste dut hori baino profesionalagorik ez dagoela. Nire iritziz dantzari begira bizi garenak, dantza gure lehentasuna, gure bokazioa eta gure interesgune nagusia dugun guztiok gara ADDEko kide izateko egokiak.

ADDE behar dugu

Euskal Herriko dantzari eta dantzazaleok denok batuko gaituen dantza elkarte bat behar dugu. Eta hori ADDE izan daitekeela uste dut. Horregatik eman dut izena Euskal Herriko Dantza Elkarte Profesionalean.

Dokumentuaren akzioak

aritz
2008/04/23 15:02
Ta ADDEren informazio pixka bat non lor dezaket?
oier
2008/04/24 11:22
Aupa Aritz,
Nik dakidala ez dute webgunerik oraindik. Baina beraien izenarekin jarri dudan emailean eska dezakezue elkartearen inguruko inormazioa.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.