Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Mikel Sarriegi Maixuaren irribarrea ispiluan

Dokumentuaren akzioak

Maixuaren irribarrea ispiluan

2015/07/24 08:55

(Joseba Juarez Mendizabal, 1980-2014)

Ispilu dantzan hasi zen Ane arrebarekin irribarreak plazetan zabaltzen, txiki asko. Bikotean dantzatzen garenean, elkarri begira, ispilu egiten irakatsi zigun. Entseguetan ere, ispilu aurrean dihardugunean jarraibidea bilatu ohi da, eta Josebak luze arraio jardun zuen gure aurrean kokatuta, erakusten, markatzen, bidegile, nola eta nolakoak marrazten, zorrozten.

Isla horren distira dantza eremutik kanpo ere eramaten zuen, ordea, berarekin, lagunartera, familira, bere inguru osora.

Asko eta askoren ispilu izan haiz,

dantza bizitzen,

bizitzaren dantzan.

Esku-dantzari heldu behar izan zion halako batean, arduratsu, ordiziar dantza-maisu zaharren katebegi gazte gisa, santanazaleen zapien loturagile. Esku-dantzan ari garenean, aurrean doanari jarraitzen diogu, irudi eta eredu: hainbestetan eraman gaitu eskutik, izan dantzazale, ezkonberri, zinegotzi edo alkate, dotore, beti zurrun alai, berriz ere ispilu. Zaldibiako eta Ordiziako azken bi mendeetako dantza-maisu haien legez: Iztueta, Olano, Arizmendi, Lekuona, Irastorza, Pujana, Sarasola…  Bere adin laburrean, maisu haien oinordeko gazteena, merezimendu osoz eskuratutako zereginaren jabe, jarraibidea izan da.

Eskutik aritu hintzen jakintzan, aurtzaka, ostadar eta argi,

nahi eta amets bideetan dantzari, iaio,

eta maisu.

Aritutako talde guztietan utzi zituen bere irribarrearen arrasto aratza, lagungiro zintzoa eta lanerako gogoaren erakustaldi etengabea, inoiz zuzentasunean huts txikiena ere egin gabe. Frantziako gorteko XVIII. mendeko dantza-maisu haien modura, Goierriko dantza-maisu historikoen erara, urratsak eta puntuak marrazteko zorroztasuna helburu, eta diziplina lanabes hartuta, uneoro.

Bere eskutik ikasi genuen oparo, emankor eta eskuzabal, dantza soltean eskuak astintzen, ezpaten dantzan zubi izaten eta ibaiertzean irribarrearen emari, herrikeriak albora utzita, herritasunean gidari izaten, segizio luzearen buru.

Beste hainbesteren artean, erakusgarri ttiki batzuk besterik ez ditugu ekarriko gogora.

Iztuetak 1824 urteko liburuan jasotakoa da: «Jakiñaren gañean arkitzen naiz nola Billafrankako erri leñargitiak eragin dituen 50 ezpata berriak, lenagoko zar luze aien gisa berberekoak, azkenen, erri berean igaro zan, gure Erregiña maitagarria menekiatzeko». Bere eskuz egin zizkigun Josebak 2007 urteko opor-egunetan beste hainbeste ezpata, gisa berberekoak, Igartzako dantzarien Kofradia menekiatzeko. Ez alferrik.  

Bizitzaren dantzan, azken eskua ere luzatu zigun, 2014ko ikasturte berriarekin bat, dantzari txiki koxkor hasiberrien ardura bere esku hartuta eta maisu-lanei beste behin helduta, bizipozez, adorez. Bidearen arrastoa ispiluan utzi zuen marraztuta.

Jose Antonio Olano dantza-maisu zaldibiar ordiziartua zendu aurretik, honela mintzatu omen zitzaion 1882 urtean adiskide Gregorio Armendarizi:

 «Nereak egin dik!, eta Jainkoarren erregutzen diat… Jarraitu ezak dantzekin, ez daitezen galdu gure ohitura zaharrak».

Ez alferrik, gu utzi baino bi aste lehenago, azken dantza-saioaren amaieran honela mintzatu zitzaion Joseba, taldekide adiskideari:

« Xabi, prometitu behar diazu eztiozula sekula dantzatzei utziko».

Azken hitzok betirako geratu zaizkigu denoi ispiluan irribarrez josita.

Prometitzen diagu, Joseba!

Horrela jarraituko diok gure esku-dantzari lotuta,

plaza eta kaleetan soka zein ezpatak dantzatzen diren bitartean!

(Testu hau "Ordiziako Santanazaleak" liburuxkan argitaratu da, Ordiziako Udalaren eskutik, 2015eko uztailean. Baita "Santa Ana Ordizia 2015" aldizkarian ere)

Dokumentuaren akzioak

2015/07/24 09:53
Ederra Mikel! Harro egonen da Joseba!
2015/07/24 10:27
Ze testu ederra Mikel! Gogoan dut kuadrilarekin sagardotegira joan eta Joseba bertan topatu nuela behin. Txistulari bat ere agertu zen, eta konturatu orduko aurrez aurre, ispiluan, dantzatzen ari ginen kupel artean. Desafioa bai, baina irribarrez, dantzan eta irribarrez. Halaxe gogoratuko dugu beti Joseba. Bikaina Maixuaren irribarrea ispiluan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Maixuaren irribarrea ispiluan

Joseba Goierriko Dantzen Ikuskizunean, Aurtzaka dantza taldearekin Zerainen, 2008.09.19 (Arg.: Koldo Bidekieta, Aurtzaka)

Mikel Sarriegi

Mikel Sarriegi

Dantzan 40 urte baino gehiago, Aurtzaka taldean ia beste hainbeste, uzteko asmorik gabe.


Babestu dantzan.com