Dokumentuaren akzioak
Deustuarrak errege-erreginen aurrean dantzan
1828an Fernando VII. eta bere emaztea, Josefa Amalia Sajoniakoa, Bilbo aldera joan zirenean Abandoko mutil gazteek dantza saioa egin zieten. Isabel II.ari ere, 1845ean Bilbora egin zuen bidaian, gazte talde batek dantza egin zion. Errege-erreginei egindako dantza-erakustaldi horien berri izan dugu Uribitarteko paperak blogean.
Fernando VII.ak eta ematzeak bertsoak ere jaso zituzten, orduko hartan euskaraz egin zituzten (itxura denez, Bizenta Moguelek): Ongi etorri geure jauna / bizitza luze ta osasuna / opa deutsubez bizkaitarrak / zeruraino jasorik euren diadarrak.
Handik urte batzuetara, gerra karlista bukatuta, 1845eko abuztuaren 29an Isabel II. gaztea eta haren segizioa Bilbon agertu ziren. Errege bidetik etorri ziren, Bolueta, Miraflores eta Atxuritik Bilbon sartuta. Arratsaldeko bostak ziren eta, lehenengo hitzaldiaren eta oparien ostean, errege zalgurdia eta haren segizioa, atzetik milaka lagun zituztela, Areatzaraino heldu zen. Han Gomez de la Torretarren jauregian hartu zuten ostatu, San Nikolas elizaren alboan. Balkoira atera zirenean, kanpoan, ondoko pilotalekuan jarritako oholtzaren gainean, gazte talde batek dantza saioa egin zuen. Antza denez, gazte haiek Bilboko familia aberatsetako umeak ziren. Gauez, euria zen arren, erromeria egin zuten Areatzan, txistuaren, itsuek jotako zarrabeteen eta beste soinu-tresna batzuen doinuez. Irailaren 1ean alde egin zuen erreginak, agurtzeko, goizeko hamarretan, jauregiaren aurrean, gazte multzo batek berriro dantza saioa eskaini zion.
Egunkarietako testigantzak
Madrileko La Postdata egunkariko kronikak zehaztu zuenez, dantzariak Abando, Begoña eta Deustuko mutilak ziren eta multzo bakoitza bere txistulari eta atabalariarekin agertu zen. Honela zioen: “la comparsa de baile ocupa el centro al frente de palacio y los mozos de las jurisdicciones limítrofes de Abando, Deusto y Begoña se presentan en trage blanco con fajas y boinas azules y encarnadas en alegre armonía al son de sus respectivos pitos y tamboriles”.
Madrileko El Español egunkariak, berriz, berrehun txapelgorri zirela eta kalez kale ibili zirela erreginari bibaka zioen “bailando zorcicos al son del tamboril”.
El Católico egunkariak ere nabarmendu zuen gazteak berrehun zirela eta errege segizioaren zalgurdiak Atxuritik gora Boluetarantz arin abiatu zirenean, “continuaron en su delantera, corriendo con la agilidad que distingue a los hombres de estas montañas a una gran distancia fuera de la población”. Dantzari txapelgorriak Boluetako Zubibarriraino joan ziren lasterka.
Bilbotik Madrileko El Espectador egunkarira igorritako kronika batek, ostera, kutsu karlista eta foruzalea antzeman zien Abando, Deustuko eta Begoñako dantzari haiei. Bezperan, Campo Volantinen biba foruak! aldarria entzun zela esan ondoren, ondoko hau gehitu zuen: “hoy discurrían por las calles sobre 200 aldeanos jóvenes con voinas rojas, gritando viva Vizcaya, vivan las voinas rojas y en fin una porción de tonterías por este estilo. Delante del palacio han bailado, pues llevaban tamboril, y también ha habido vivas análogos a los anteriores”. Dantza egin bitartean, beraz, Bizkaiari bibaka aritu ziren.
Dantzariena indar erakustaldia
Giroa gori-gori zegoen, erreginarena ez zen bisita erraza izan. Sei urte lehenago Karlosen alde su eta gar borrokatu zen herria zeharkatzen ari zen Isabel IIa. Espainiako agintariak, foru erakundeetako eta herrietako ordezkariak, liberal peto-petoak eta karlista zaharrak, nork bere susmo eta errezeloak zituen. Abuztuaren 17an, Arrasaten, Narvaez jeneral ahaltsuaren aginduz, dantzariek bertan behera utzi behar izan zuten brokel-dantza, amaierako biba foruak oihua saihesteko. Brokel dantza auzia: Isabel II kronikan irakur ditzakezue xehetasun gehiago. Bilbon bertan erreginaren bisitak gorabeherak izan zituen, foruen gaia ere azaldu zen eta berrehun dantzarien agerraldia, ikusi dugun bezala, erreginari omenalditzat baino gehiago indar erakustalditzat jo zuten batzuek.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23