Dokumentuaren akzioak
Arrasateko 1933ko poxpolin eta ezpata-dantzariak
Arrasateko Batzokiko dantzarien 1933. urteko argazki eder hau topatu dugu Jose Mari Velez de Mendizabalek elikatzen duen Hots begi danbolinak blogean. Batzokiko dantzari talde gaztea ageri zaigu Adan Yartzaren etxe aurreko lorategian. Ezpata-dantzariak eta poxpolinak ageri dira, atzean ikurrina handia zabal hartuta dutela.
Ezin jakin zehazki ze egunetakoa den argazkia, baina litekeena da Arrasateko frontoia eta ikastola inauguratu ziren egunekoa izatea. Egitarau zabala prestatu zuen Arrasaten Euzko Gaztedik 1933ko uztailaren 2an. Euzko Gaztediren 25. urteurrena ospatu zen egun horretan Arrasaten eta festa egunak bat egin zuen herriko ikastolaren irekierarekin eta Gurea pilotalekuaren inaugurazioarekin. Egun horretako ekitaldian badakigu ezpata-dantzariek dantzatu zutela eta, seguruenik, Arrasateko batzokiko dantzariak izango ziren plazara atera zirenak, argazkian agertzen direnak, hain zuzen ere.
Dantzariak ageri diren Yartzatarren etxe alboko lurretan eraiki zen frontoia, etxe horretan zegoen batzokia eta baita ikastola ere.
Festa dantzariekin borobildu zen
Meza, pilota partidak, mitinak eta dantzak izan ziren Arrasaten EAJk ospatu zuen jaian. Goizean, meza ondorenean ikastola eta frontoiaren bedeinkapena izan zen. Pilota partidu batekin inauguratu zen frontoia. Bazkal ondorenean Joxe Markiegiren zuzendaritzapean Euzko Gaztediko abesbatzak ekitalditxo bat izan zuen. Hori bukatutakoan, herriko plazara joan ziren mitinera, garaiko kronika batzuen arabera, zazpi mila pertsona elkartu ziren Arrasateko plazan.
Egun osoko jaia dantzekin amaitu zen. Ezpata-dantzariek plazan eskaini zituzten dantzak eta ondoren, Batzoki kanpoko terrenoetan erromeria izan zen. Gaueko 21:30ean, berriz, estreinatu berri zen frontoian Segundo Olaetaren Elai Alai Dantza Taldearen emanaldia aurkeztu zuen.
“Euzkadi” egunkarian eskoriatzar batek abuztuaren 11an Arrasateko jaiaren inguran idatzi zuen. Makil dantzariak ederki aritu zirela zioen, baina kexu zen dantzariek ikurrina eraman zuten moduarekin "ikuŕiña oréla eramatezkeroz, obe da, erratza eramatia".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23