Ezpalak 2017 kronika: Zamalgoa berriro plazan
Untzaga plazak Zamalgoa ikusi zuen joan den maiatzean, Nafarroa Beherean noizbait izandako zaldikoa dantzan hasi baitzen berriro ere, ia mende beteren ostean. Kezka Dantza Taldeko dantzariok 2017ko maiatzaren 28an, Ezpalak jaialdiaren baitan, atera genuen berriro jendeartera.
Izan ere, zaldikoak izan ziren aurtengo Ezpalak jaialdiko protagonista, eta gurea, Bartzelona, Beasain, Iruñea, Okzitania eta Biarritzetik etorritako beste batzuen artean aritu zen jauzika. 1930eko hamarkadan Donibane Garazin eta Anhauzen ikusi omen zuen "zamalgoa" Violet Alford ikertzaile ingelesak, eta guk, kabalkadaren testuingurura ekarri genuen hau, jauzi, martxa, dantza-jauzi eta dantza-luzearekin inguratuta.
Kanpotik etorritako lagunekin Urkizutik Untzagarainoko kalejira egin ostean, Kezkako dantzari guztiok zabaldu genuen emanaldia, txiki, gazte eta heldu, denok hartu genuen plaza Iruñeko musikariek martxa jotzen zuten bitartean. Koloretako txapel eta zintak izan ziren nagusi plazan. Hala, dantza eskolako ikasleek Nafarroa Behereko zenbait dantza ikasi zituzten urtean zehar eta den denak jarraian egin zituzten jira eta bueltan, elkarri helduta, dantzan.
Hona Ezpalak jaialdiko argazki galeria zabalago bat:
