Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Martin Zalakainen azken abenturaren bezperetan

Dokumentuaren akzioak

Martin Zalakainen azken abenturaren bezperetan

2022/10/18 13:05
Martin Zalakainen azken abenturaren bezperetan

Martin Zalakain, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Igande honetan, urriaren 23an, eskainiko da azken aldiz Martin Zalakain. Donostian izango da, Victoria Eugenia antzokian eta agortuta dira sarrerak. Estreinatu zenetik bost urte pasa dira eta lehen egunetik izan duen ikusmin eta erakarmenak bizi-bizirik dirau. 26 emanaldi eta 15.000 ikuslerekin borobilduko du bidaia, baina ezin dira datuetara ekarri eragin dituen, ekarri dizkigun sentipenak, emozioak.

Martin Zalakain 2017 Bilbo
Martin Zalakain, azken azalpenak estreinaldi egunean, Arriaga Antzokian, Bilbon, 2017-11-11. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa.

Oihartzuna izateko etengabe estreinaldiak eta gauza berriak eskatzen diren garaiotan ez-ohikoa da ikuskizun batek bost urte irautea herriz herriko emanaldi-biran. Argia dantzari taldearen martxan ez da hain arraroa, ordea, moden tiraniari muzin eginez sinesten duten horretan tematzeko gaitasuna erakutsi baititugu urteotan Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldeak. 2017ko lehen hilabeteetan lehen entseguak hasi zirenerako bazeramatzan urte batzuk Urbeltz-Arregi familiak doinuak eta dantzak apartatzen eta prestatzen.

Martin Zalakain prestaketa entseguak 2017
Martin Zalakain prestatzeko entsegua. Ezkerretik hasita: Mikel Urbeltz, Marian Arregi, Amaia Bueno, Juan Antonio Urbeltz, Ainara Ranera, Josu Garate, Miren Hazas. Goena, Donostia, 2017-07-09. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa.

Euskal dantza hizkuntza oso bezala ulertuta, harengan erabateko konfidantza dugula erakutsiz, euskal dantzaren bidez narrazio klasiko bat eszenaratzeko erronkari heldu zion Urbeltzek Martin Zalakainen bidez. Ohi bezala Urbeltzek dantzatu du akuilua eta seinalatu du bidea, baina haren esanetara lantalde zabal eta ongi prestatua, musikari eta dantzari eskarmentudunak zein dantzari gazte eta dohaitsuak aritu dira asmoari gorputza ematen. 

Martin Zalakain prestaketa entseguak 2017
Martin Zalakain prestatzeko lehen entseguak, 2017-02-12. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa.

Kezka dantza taldeko 26 dantzarik parte hartu du Martin Zalakain ikuskizunean bost urteotan: Miren Hazas, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Egoitz Blanco, Eider Agirrebeña, Jone Saez, Maitane Fariñas, Amaia Rodriguez, Leire Andikoetxea, Jone Lahidalga, Maite Gonzalez, Idoia Lahidalga, Maider Otaola, Ane Muguruza, Amaiur Aristi, Asier Estivariz, Jokin Hazas, Izar Araolaza, Irune Saez, Uxue Gisasola, Unai Txurruka eta Jone Amuategi.

Martin Zalakain 2017 Kezka
Kezkako dantzariak, Martin Zalakain, Arriaga Antzokian, Bilbon, 2017-11-11.

Martin Zalakain 2022 Hondarribia Kezkako dantzariak
Kezkako dantzariak, Martin Zalakain, Hondarribia, 2022-06-19.

2017ko azaroaren 11n, San Martin egunez estreinatu zen Martin Zalakain Bilboko Arriaga antzokian eta 2022ko urriaren 23an egingo du azken emanaldia Donostian, Victoria Eugenian. Bizi bedi betiko Martin Zalakain.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com