Itsasoz bestaldeko euskal dantzariak izango ditugu Arraten

2026/09/07
Itsasoz bestaldeko euskal dantzariak izango ditugu Arraten

Ezpata-dantzarien entsegu nagusia Arraten, 2026-09-04. Argazkia: Oier Araolaza - Kezka dantza talde cc-by-sa

Urtero gonbidatu bereziak izaten baditugu Arraten, aurten birritan izango ditugu ez-ohikoak. Batetik, Gasteiztik etorriko zaizkigu Amagoia Egiluz eta Jon Fernandez Arrateko ezpata-dantzan parte hartzera lehen aldiz. Bestalde, egunotan gure artean dira Argentinako, Tandil hiriko Betirako euskal dantzari taldeko 11 dantzari, eta horiek ere arituko dira gurekin batera Arrateko ezpata-dantzan.

Betirako dantza taldeko kideak Eibarren Kezkakoekin batera, 2026-09-02.

Eibartik Tandilera 

Pasa den urrian Kezkako hiru dantzari, Josu Garate, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza Argentinan izan ziren euskal dantzaren inguruko proiektu batean. Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna Argentinan prestatu zen bertako 25 dantza talderen artean eta Argiako hainbat dantzari eta musikarik lagundu zuten ikuskizuna hango dantzariekin prestatzen. Euskal  Herritik Argentinara bidaiatu zuten dantzari eta musikari horien artean izan ziren Kezkako hiru dantzariak eta Buenos Aires, Cañuelas, Bahia Blanca eta Tandil hirietan aritu ziren bertako dantzariei irakasten. Azken horretan, Tandil-en eskaini zen Martin Zalakain ikuskizuna 2025eko azaroaren 1ean, 250 dantzari euskal-argentinarren artean, bi mila lagunentzako anfiteatro ederrean.

Martin Zalakain ikuskizuna Tandil-en, Argentina, 2025-11-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Eta Tandiletik Eibarrera

Antolaketa hori aurrera eraman zuen taldea, Tandil-eko Betirako euskal dantzari taldea da orain Euskal Herrian dena bi astez bertako dantza irakasleekin formakuntzak jaso eta euskal dantzariekin harremanak sendotzen jarraitzeko. Lehen egunak Zuberoan eman dituzte bertako dantzak ikasten eta ondotik Eibarren ditugu, Dantzan eta Kezkako kideekin euskal dantzan trebatzen. Euskal Herria ezagutzeko txango, museo eta ikastaro artean dabiltza, eta Donostian Argiakoekin edo Iruñean Dugunakoekin ere ikastaroak jasoko dituzte datozen egunetan. Ikasi eta irakatsi, hartu eta eman, ostegunean, argentinar folkloreko dantza adierazgarrienetako bat, chacarera, erakutsiko diete Kezkako dantzariei, bai eta Tandileko Euskal Etxeari eta esku artean duten ondareari buruzko dokumentala aurkeztu ere. 

Betirako dantza taldeko kideak ezpata-dantza ikasten Eibarren. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan cc-by-sa

Kezkarekin ezpata-dantzan trebakuntza trinkoa jaso dute eta irailaren 8an Arraten izango ditugu, Arrateko dantzarien kofradiako gainontzeko kideekin batera urteroko ohituran, ezpata-dantzan parte hartzeko prest. Arratsaldean berriz Donibane Lohizunen izango dira, Euskal Diasporaren egunean dantzatuko baitute bertan, Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian, Pradales Lehendakaria eta gainontzeko sailburuak bertan direla.

Arratetik Igartzara

Arrateko ezpata-dantza eraberritu zela 20 urte ospatu genituen iaz eta urtebete geroagoa, Arratekoan inspiratuta atondu zen Beasaingo Igartzako ezpata-dantzak beteko ditu aurten 20 urte. Kezkak eskainitako laguntza eskertuz Beasainen Igartzako ezpata-dantzarekin batera dantzatzera gonbidatu gaituzte, eta beraz, larunbatean, irailaren 12an, Beasainen izango gara Arrateko ezpata-dantzariak, eta gurekin batera arituko dira bertan Betirako dantza taldeko lagunak. 

Ezpata-dantza Arraten, 2025-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Hona hemen Arrateko dantzen aurtengo emanaldiak izango duen ohiko programa Usartza txistulari taldearen doinura:

Arrate: Irailak 8, asteartea

  • 11:00etako mezan ezpata-dantza.
  • 12:00ak aldera hasten den prozesioaren bukaeran ezpata-dantza.
  • 12:30etatik aurrera, ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.