Dokumentuaren akzioak
Saria bete dantza: 50. urteurrena lagunekin dantzan
Pasa den azaroaren 15ean ospatu genuen Coliseo antzokian "Saria bete dantza" jaialdia, Kezka dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu genuen ekitaldia. Azken urteotan Kezkaren ibilbidean laguntzaile eta bidaide izan ditugun zenbait dantza talde gonbidatu genituen ospakizunera eta bakoitzari lan zehatz bat jarri genion. Zorioneko gara talde guztiek bikain erantzun zutelako, baiezkoa aurretik eta txintxo-txintxo jarritako lan eta neurriarekin zorrotz eta distiratsu ondoren. Eskerrik asko bene-benetan Donostiako Argia, Galdakaoko Andra Mari, Iruñeko Duguna, Añorgako Arkaitz eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeei.
Hauxe izan zen egitaraua:
- Arrateko Amaren ezpata-dantza – Kezka (Eibar)
- Gipuzkoako brokel-dantza – Haritz (Elgoibar)
- Soinu zaharrak – Arkaitz (Añorga)
- Durangaldeko dantzari-dantza – Andra Mari (Galdakao)
- Bizkaiko jotak – Andra Mari (Galdakao)
- Koko-dantzak – Kezka (Eibar)
- Jaurrieta – Duguna (Iruñea)
- Otsagabiako dantzak – Duguna (Iruñea)
- Zuberoako dantzak – Argia (Donostia) eta Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe)
- Kostaldeko dantzak – Kezka (Eibar)
Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea...
Argiak itzali eta Caroline Philips-en ahots ederrean "Goizian goizik" kanta zaharraren doinura Eibarren dantzak 100 urtetan egindako ibilbidearen irudiak agertzen joan ziren pantaila erraldoian.
1958an abiatu zen dantza taldea Eibarko Klub Deportiboan, baina ez zen hutsetik abiatu. Aurretik ibilitako dantzari, maisu, txistulari eta taldeen soka-dantzan beste katebegi bat da Kezka dantza taldea. XX. mendean Eibarren dantzan aritutakoetako batzuk ekarri nahi izan genituen Coliseora irudi-bilduma honen bidez. Mendea bete dantza Eibarren.
Txopitea eta pakea
Segidan Kezkako dantzariak agertu ziren eszenatokiaren albo batean eta agurraren doinua entzun ahala ezkerretik sartu zen Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea. Dantzarien aurrean geratu eta erreberentzia dantzatu zien, tenple handiz gainera. Dantzaria izana da alkatea eta 25 urtez aritu gabe bazegoen ere txukun aritu zen dantzarien aurrean. Segidan dantzari guztiak agurtu eta Mari Jose Telleria kultura zinegotziaren laguntzarekin Oteizaren "Txopitea eta Pakea" oroigarria eman zion alkateak Kezka dantza taldeari.
Kezka - Arrateko ezpata-dantza
Protokoloak bukatuta dantzak aurrera egin zuen, eta Kezkako dantzariak izan ziren lehenak. Argia dantzari taldeak Zortziko ikuskizunean antzokietarako prestatu zuen ezpata-dantza dago Arrateko ezpata-dantzaren abiapuntuan. Antzokietan zirraragarria gertatzen zena Arrateko zelaira egokitu zuen Kezkak 2005ean. Lau urtetan han eta hemen dantzatu dugu Arrateko ezpata-dantza eta Kezka dantza taldea herritik kanpo ezagutzera ematen duen dantza da gaur egun.
Haritz euskal dantzari taldea - Elgoibar
Gipuzkoako dantzen teknika, zorroztasuna eta distira erakutsi zizkiguten orain 18 urte Elgoibarko dantzariek. Elkarlanean hazi eta hezi gara eta proiektua konpartitu dugu harrezkero. Brokel-dantzaren sortako zenbait dantza eskaini zizkiguten: erreberentzia, brokel-makilen eta makila handien jokoak, zinta-dantza eta uztai txikiena. Zorrotz eta indartsu, belaunaldi berriek ere Elgoibarko taldearen distirari eusteko gogotsu daudela erakutsiz.
Arkaitz Añorgako dantzariak - Donostia
Neurri irregularreko doinuak dira Iztuetak 1824an argitaratu zituen "doinu zaharrak". Dantzariak urratsak inprobisatu eta bere dohainak erakusteko duen trebetasuna aproban jartzen dute doinu zaharrek. Dantzari apartak dira añorgarrak, eta ez-ohiko zukua ateratzen diote bakarlanari. Punta motz eta Betronio handia dantzatu zituzten.
Andra Mari Eusko Folklore Taldea - Galdakao
Durangaldeko dantzari-dantza ikustea beti da plazerra, baina batez ere tradizioa mimoz eta arduraz jaso eta distiraz aurkezten duen talde baten eskutik. Banangoa nahikoa izan zuten antzokia bero-bero jartzeko. Kemenez eta amorruz dantzatzen dute andra marikoek, eta ikusleak gogotik eskertzen du pasio hori.
Fandango zaharren eta erromerietako dantzakeraren oroitzapenak berpiztu zizkiguten Andra Marikoek orain urte batzuk Arratian jaso zituzten jotekin. Arratian jaso zituzten, baina ez dira Arratiakoak bakarrik, gure aiton-amonen jotak dira, gure dantza tradizio ederrenetakoa.
Kezka - Koko-dantzak
Karnabaletan koko-janztea eta baserriz-baserri eskean ibiltzeko ohitura berabiaratu dugu 2008an. Umetako oroitzapenen artean gordeta izango dute askok eske-kopla: "Koko-moko, saria bete moko..." Don Eusebio eszenatokian jaun eta jabe izan genuen tarte batez eta bat baino gehiago ikaratu zen txapligoa ero baten eskutan ikusita. Eztandarekin eta Jainaga eta Narbaizaren trikiti-soinura koko-dantzari eta koko-marruz bete zen Coliseoa: burburixuak, mamarruak, masustak, aixerixak, Hartza eta Maria, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina, Petra, Kattalin eta Manuela, Martin Perratzailia, Sasikartia... Hala hala, hau da karnabala!
Duguna dantza taldea - Iruñea
Iruñeko talde langileak Nafarroako errepertorioko bi harribitxi ekarri zizkigun. Datorren urtean 40 urte beteko dira Juan Antonio Urbeltz-ek Argia taldearekin Jaurrietako emakumeen dantza birsortu zuenetik. Epe horretan Jaurrieta edo Axuri Beltza izenekin zabalkunde izugarria izan du dantzak eta Nafarroako dantzen errepertorioan oinarrizkoa da gaur egun. Dotore aritu ziren neskak eta gogotsu mutilak Otsagabiako dantza ikusgarriak eginez.
Argia dantzari taldea – Donostia
Dantzaren oihanean argitasuna ematen du Argiak. Errepertorioan eta jarreran, forman eta zentzuan, eredu eta lanerako baratze dugu Juan Antonio Urbeltzek gidatzen duen taldea. Zuberoako maskaradetako dantza sorta bat eskatu genion urteurreneko oparitzat eta Jean Mixel Bedaxagar lagun hartuta etorri zitzaizkigun Eibarrera buhamesa eta aitzindariak barrikada eta godaleta dantzatzera.
Kezka - Saliñetatik etorritakoak
Gregorio Santa Cruz-ek Ondarroatik ekarritako dantza kuttuna zuen Saliña-Saliña jorrai-dantza. "Saliñetatik etorriko da, gure eskola maisua..." kantatzen dute Ondarroan. Ondarroatik Lekeitiora eta buelta, kostaldeko dantza sorta batekin jaialdiari despedida alaia ematen ahalegindu ginen
Talde guztietako ordezkariak partaide zituen sokarekin, kalejiran, bukatu zen emanaldia. Opariak, afaria eta ospakizunak ere izan ziren, baina zalantzarik gabe, Argia, Andra Mari, Duguna, Haritz eta Arkaitz-ek eskainitako dantzak izan ziren gure urteurreneko opari onena. Eskerrik asko bihotz bihotzez!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19