Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Santza Kurutzen eta Letra Galegoetan dantzan maiatzaren 8an

Dokumentuaren akzioak

Santza Kurutzen eta Letra Galegoetan dantzan maiatzaren 8an

Santza Kurutzen eta Letra Galegoetan dantzan maiatzaren 8an

Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Joan den Maiatzaren 8an, domeka, soka­-dantza egin genuen Kezkako dantzariok Mandiola auzoko Santa Kurutz ermitan. Momentu berean, Urkizuko iturri aurrean ere, dantzari-dantzan ari ziren Kezkako gazteak.

Soka-dantza Santa Kurutzen

Santa Kurutz festak indartuta daude izen bereko Eibarko baseliza politean, Mandiola, Gorosta, Arrateballe eta Otaolako baserritar gazteek gustoz hartu batitute beraien aurrekoek emandako testigua. Festetako igandean, (maiatzaren 8an aurten) umeentzat jolasak eta txapel jaurtiketa lehiaketaren aurretik, soka-dantza egiten da bertan, eta han izan dira aurten ere Kezkako dantzariak, Usartzako txistulari eta auzokoekin soka osatu eta elkarrekin dantza egiteko prest.

Santa Kurutz 2016-3
Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Enrike Montero, Asier Kastelos, Iratxe Gimenez eta German Ereña Usartzako txistulari eta atabalarien gidaritzapean, Jone Lahidalgak egin zituen aurreskulari lanak, Jone Saez-ek atzeskuarenak, eta Maitane Fariñas eta Leire Andikoetxea aritu ziren zerbitzari lanetan. Baserritar gaztez osatu zen soka, bai ederki osatu ere, auzotarrek festa eta dantza bere egin dituztela eta aurreskua sokan dantzatu behar dela ongi barneratua dutela erakutsiz. 

Santa Kurutz 2016-1
Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA
Santa Kurutz 2016-7
Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY- SA
Desafioan, Jone Saez atzeskuak txapela jaurtiketa lehiaketarako ongi entrenatuta zegoela erakutsi zuen, eta ez zion tradizioari huts egin, txapela ermitaren teilatu gainera bota baitzuen, ohiturari eutsiz. Jone Lahidalgak berriz, dantzari dohainez gain gaztaia pisatzeko baskula elektronikoa eskuan barneratuta duela frogatu zuen, Santa Kurutzen ohikoa izaten den gaztaiaren pisua asmatzeko lehiaketa berak irabazi baitzuen.
Santa Kurutz 2016 - 6
Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Bukatutakoan, auzokideek prestatutako jolaseei ekin zitzaien eta gustura aritu ziren zelaian bildutako haurrak, guraso eta lagunekin goiz­pasa. Bitartean, dantzan eta txalo jotzen galdutakoak berreskuratzeko txorizo eta odoloste egosiak jateko aukera izan zen anta Kurutzeko ermitaren alboan, Mandiola auzoko baserritarren eskutik.

Santa Kurutz 2016-2
Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Twitter-en Leire@koloretan erabiltzaileak ere jaso zuen soka-dantzaren berri. Eskerrik asko Leire!

#SokaDantza #SantaKurutz@kezkadantza eta bailarako biztanleak pic.twitter.com/ZPfbiYjKXJ

— leire (@koloretan) 2016(e)ko maiatzak 8

Oier Araolazarak Santa Kurutzeko ermitan egindako argazki sorta ederra duzue hemen ikusgai:

Santa Kurutz 2016 soka-dantza

Dantzari-dantza Letra Galegoen festan

Urkizun, ostera, Letra Gallegoen festa ospatu zen igandez. Pulpo eta enpanadek hartu zuten hemen txorizo eta odolostearen lekua eta soka-dantzarena, aldiz, Durangaldeko dantzari-dantzak. 2001-2002an jaiotakoak izan ziren hau burutu zutenak Kezkako Andoni Altzibar eta Amaia Baglietto txistulari eta Iñaki Barua atabalariearen musikaren erritmora.

Letra Galegoak 2016: dantzari-dantza
Argazkia: Aitor Badiola

Hona Aitor Badiolak egindako argazki sorta zabalago bat:

Letra Galegoak 2016

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com