San Joan soka-dantza 2018

2018/07/05
San Joan soka-dantza 2018

Joan zan San Joan  eta joan zen San Joan gauez aurtengo soka-dantza ere.

Laugarrenez sartu ginen elkarri estu helduta eta korrika betean Untzagako plazara, Jainaga eta Narbaizak beraien lanak bukatu ondoren.

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Erromerian jauzika ibili ziren zenbait lagun eta haiek utzitako lekua bete zuen gure soka zuri-gorriak lasterka. 

 

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

 Luken Aranburu aurreskuak egin zuen tira eta Eider Agirrebeña izan zen azkena plazan sartzen, atzesku gisa. Buruz-buru desafio ederra egin ondoren, abarketen doinuarekin sokako kideek binaka edo hirunaka jardun genuen, norbere honenak ematen. 

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Jarraian, San Joan zortzikoarekin, aurreskua eta atzeskua txandaka jardun ziren dantzan eta dagoeneko ohitura bihurtzen ari den dantzan, dantzari guztiek batera egin genuen jauzi. 

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA
 

2018ko honetan, Eibarko Club Deportiboko bi atleta izan ziren omenduak, Pello Osoro triatoilaria batetik eta Odei Jainaga xabalina jaurtilaria bestetik. Irribarrez hartu zuten omenaldia eta elegante aritu ziren fandango eta arin-arinean ere, zorionak bioi egindako denboraldi borobilarengatik!

Argazkia: Iñaki Zugasti, dantzan.eus CC BY-SA

Bukatzeko, dantzari eta atleta, denak batera kalejiran irten ginen plazatik, su artifizialei lekua uzteko.

Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen: 

San Joan soka-dantza, 2018