Dokumentuaren akzioak
Maritzuli: Aurrez aurre Coliseo antzokian
Claude eta Jon Iruretagoienaren zuzendaritzapean, euskal dantza tradizionalaren mundu harrigarrian barrena bidaia hunkigarria planteatzen du Maritzulik ikuskizun honetan. Lapurdiko inauteriei edo Zuberoako maskaradei begi berriekin begiratzen die Maritzulik. Maskaraden kasuan, Jon Iruretagoienak egindako ikerketa eta birsortze lanak taulan ikusteko parada eskaintzen du.
Bestalde, Italiako berpizkundeko dantza eskolen tradizioa eta euskal dantza tradizionalaren arteko lotuneak bilatzen ditu "paperezko jantziak" izendatu duten atalean. Ijitoen kultura, ijitoek han eta hemen jaso, bere egin, eta berriz guri eskaintzen diguten hori oinarri hartuta "Ando drom" atala eskainiko du Maritzulik.
Ikuskizunean zehar jantzi eta apainketa lan harrigarria eskaintzen du Claude Iruretagoienak, eta Aiko taldeak ikuskizunerako sortutako musikaren graziak atontzen du dantzarien lana.
Betti Betelu-ren ikasle izan zen Claude Iruretagoiena, eta Juan Antonio Urbeltzekin trebatu da tradizioa eszenaratzeko ezagutzan. Xirula-mirula, Ixtorio-misterio, Ingura-mingura, Cote-cour cote-jardin eta Kutx ala pil ditu aurretik Maritzulirekin egindako ikuskizunetako batzuk.
- Zuzendari artistikoa: Claude Iruretagoiena
- Koreografoak: Claude Iruretagoiena, Christine Grimaldi, Jon Iruretagoiena, Celine Duperou.
- Aholkulari artistikoak: Malandain-Ballet Biarritz, Juan Antonio Urbeltz..
- Dantza irakasleak: Jon Iruretagoiena, Celine Duperou, Oscar Lucas Gaiza, Amaia Ausan Arretxe.
- Dantzariak: Maritzuli Konpainia (Biarritz), Eraiki dantza taldea (Behobia)
- Musika zuzendaritza: Claude Iruretagoiena, Jon Iruretagoiena
- Musikariak: Aiko taldea
- Jantziak: Claude Iruretagoiena, "Les petites mains", Nicole Rio (tailer zuzendaria)
- Osagarriak: Annie Onchalo
Maritzuli
Konpainia: Aurrez aurre
2010eko maiatzak 23, igandea, 19:00
Eibar, Coliseo Antzokia
Sarrera: 8 €
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19