Dokumentuaren akzioak
Koko-dantzak: lehen hamarrekoa
Hamarrekoa (diezmo) jasotzea ohikoa izan da eske-errondetan. Hamarrekoak jasoz hamarrekoa osatuko dugu aurten koko-eskean, 2008an abiatu baikenuen, eta beraz, hamargarrenez aterako dira koko-dantzari eta koko-marruak koko-dantzan eta koko-eskean 2017 urte honetan. Otsailaren 18an, larunbat honetan aterako dira koko-dantzak maskarada-festan.
Gorosta eta Mandiola
Eibarren 100 baserritik gora dira, eta lau urtetan antolatuta, ziklo olinpikoak behar izaten ditugu baserri berdinera itzultzeko. Hirugarren koko-zikloan sartuta, bigarren ibilbidea, Gorosta eta Mandiolako baserriak hartzen dituena izango dugu helburu aurten.
Goizeko 8:30ean lehen agerraldia Merkatu Plazan egin ondoren, ohi bezala, bi taldetan antolatuko gara. Talde bat Azitaingo industrialdera hurbildu eta bertatik Eskaregi, Agirreazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Boneta, Sagarbieta, Azpiri, Mandiolagainekoa eta Mandiolazpikoa bisitatuko ditu. Bitartean beste taldeak Asua, Gisasola, Ixua, Usartza, Akondia, Berretxinagoikoa, Iturragoikoa, Iturrabehekoa eta Arlaban. Matsaria-Asolabarri aldean bukatuko dira baserrietako bisitak.
Koko-dantzak Eibarko kaleetan
Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara.
2017ko Otsailak 18, larunbata. Koko-dantzak:
- 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
- 9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Mandiola eta Gorosta aldeko baserrietan.
- 19:00-21:00 Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalberton eta Plaza Barria kale eta plazetan koko-dantzak Mauxitxarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19